Aztarrika

Atzokotik | Apirilak 30

Xabier Lasa 2020ko mai. 1a, 21:46

Telecinco-ren eskutik azken egunetan piztu den saltsa zikinaren haritik egin du tiraka Aztarrika zutabeak oraingoan. Alfonso Merlos, Jorge Javier Vazquez eta antzeko kazetariek, Estatu espainiarrean nagusi den errealitate mediatiko handi-mandi eta egolatra erretratatu digute. Xextrak xextra, eroso bizi dira guztiak ere 1978an birsortu zuten sistema politikoaren babesean, izan ezkerrekoak, izan eskuinekoak.

Merlos-gate: zirku mediatiko politikoa

Pentsatzekoa da gehixeago-gutxixeago, azken egun edo orduetan gehienei iritsi zaigula oihartzuna, Estatu espainiarreko salsa arrosaz arduratzen den tele-zaborra sutan jarri duen azken eskandaluaren gainean. Aitormenen atalean, nik behintzat ez daukat batere erreparorik esateko joan den asteburuan zehar konfinamenduari ordu batzuk kendu dizkiodala Telecinco katera entxufatuta egoteko, aspaldiko partez.

Estatu espainiarreko establishment mediatiko handi-mandi bezain okaztagarriaren erretratu txiki bat eskaini digu episodio honek, telebistara lotutakoa batez ere oraingoan.

Baina xehetasunetara jo aurretik, uste dut komenigarria dela aintzat hartzea zer nolako testuinguruetan gertatu den.

Koktelera lehergarria osatzen du elite horrek: moralaren eta etikaren balioei muzin eginez espektakuluaren eta sentsazionalismoaren morroi bilakatzen diren kazetariak, horien artean Jainko sentitzen diren star system egozentristak eta horien fobia pertsonalak, Atresmedia eta Mediaset komunikazio taldeen arteko lehia espazio katodikoan nagusitzeko, audientzia kuotak eta publizitatetik datorren iturri ekonomikoa, ezkerrekotzat eta eskuinekotzat jotzen diren sektore elitisten borrokak eta intrigak beren espazio mediatikoa edukitzeko eta audientziarengan eragiteko…

Kasta horretako kide asko elkarren artean muturrekoak emateko eta labankadak sartzeko deseatzen egoten dira (horren froga da azken egunetan piztu den xextra).

Baina aldi berean, 1978an frankismotik zetozen estatu egiturak berrantolatuz (orduko estatu aparatu zapaltzaileei inpunitatea eskainiz), ezarri zitzaigun demokraziaren formatua sakon-sakonean kolokan jartzen den une larrietan, bada orduan, prietaslasfilas! Badakite aparkatzen oilategian nor gehiago izateko mutur joka ibiltze horiek, España-Una-Grande-Indivisible-aren dogmaren defentsan lerrokatzeko. Diluitu egiten dira ezin urrunago ziruditen eztabaida ideologikoak (ezkerra eta eskuina); hil ala bizikoak balira bezala antzezten dizkigute telebistetako platoetan eta irrati estudioetan, baina egiazki, kontziente dira bipartidismoa funtsezkoa dela “sistemak” iraun dezan. Urrutira gabe, halaxe jokatu dute azken urtetan, Katalunian burujabetasunaren aldeko proces-a abian jarri zenean, edo eta, sistema politiko monarkikoa kolokan jarri zenean Juan Carlosen miseria moralaren “gehiegi” azaleratzearekin. Kontziente baitira 78ko erregimenak eraikitako itsasontzi berean doazela, eta denek daukatela interesa amankomuna urperatu ez dadin...

Lagun gisa, txit interesgarria gerta dakiguke Noel Bandera komunikabideen ikerlariak Miguel Hernández Communication Journal aldizkarian (10. zbk. 1019) idatzi zuen Pluralismo político y rol del moderador en tertulias televisivas: Al Rojo Vivo y Las Mañanas de Cuatro artikulua.

Telebista generalistetako tertulia politikoetan dagoen pluralismo maila aztertu zuen, modu nahiko zientifikoan. Kontuan hartu zuen Estatu espainiarrean egindako inkestetan ateratzen den pertzepzioa, hots, La Sexta (Atresmedia) eta Cuatro (Mediaset) direla “ezkerrerago” jotzen dutenak, eta horrela, 2017an bi telebista horietan Antonio Garcia Ferrerasek zuzentzen zuen Al Rojo Vivo eta Javier Ruizek zuzentzen zuen Las Mañanas de Cuatro hautatu zituen azterketarako. 2017ko urrian Katalunian egin zen erreferendumaren ingurumarian, programetako 50 saio analizatu zituen, eta horietan hiru elementu nagusi: egin zituzten elkarrizketak (politikoekin, zuzenbideko adituekin, kazetariekin…), parte hartu zuten tertulianoen ideologia eta diskurtsoak, eta, programen bi gidari horien komentarioak. Bi ondorio garbiak atera zituen. Lehenbizikoa, alde nabarmenarekin, bi programek Estatu espainiarraren batasuna aldarrikatzen duten alderdien (izan ezkerrekoak, izan eskuinekoak) alde eta Kataluniaren independentziaren aldekoen kontra egin zuten. Eta bigarrena, merkatuen erabateko sakralizazioa zela nagusi, erabat ontzat ematen zutelarik demokrazia kapitalismo neoliberalaren eta botere ekonomikoen menpe egon behar zuela.

Azken finean, Estatu espainiarreko komunikabide generalisten diskurtsoa aztertuta, nola ez ekarri gogora Mala Rodriguezek, Esne Beltzak eta Fermin Muguruzak elkarrekin kantatzen eta galdetzen zuten harako hura: “Quien manda hemen eta hor”.

Egunotako aferak zalaparta itzela sortu du, baina eztanda kontrolatua izan da, itsasontziko sotoan marinelen artean piztutako disputa baizik ez, tripulazioa entretenitzeko balio izan duena.

“Zaudete lasai, zutik eta sendo dirau-eta 1978an birformulatutako sistemak; sistema horren zutabeak zaintzea misio duten morroien arteko denbora-pasa izan da”. Halaxe esanez irudika daitezke komunikazio talde handien hariak mugitzen dituzten botere ekonomiko-finantzieroak, itsaso zabalean haizearen norabidea -eta itsasontziaren ibilia- erabakitzeko kapaz diren indar ikusezin baina txit ahaltsu horiek.

Zehazki, oraingoan nobedade bezala, txutxu-mutxuetara eta politikara dedikatzen diren kolaboratzaile eta kazetariak ikusi dira nahastuta zalapartaren erdian. Batu dira, alde batetik, prentsa arrosak berarekin dituen sentsazionalismo zikinaren eta morboaren esplotazioa eta giza miseriarik baxuenen airatzea, eta bestetik, zenbait analista politikoen moral bikoitza. Bi alderdi horiek oraingoan bat egin izanak eman dio aparteko proiekzioa xextrari, inkluso telebista mota hori normalean kontsumitzen ez dutenentzat.

 

Lau aktorez osatutako pantomima

Hara sintetizatuta, sugetzarra ekarri duen gertakizuna: Alfonso Merlos kazetariak beste kazetari batek, Javier Negrek, youtuben zuzentzen duen Estado de Alarma programan parte hartu zuen joan den ostegunean, kolaboratzaile gisa ohi duen bezala. Bere etxetik egin zuen interbentzioa, bideo-deiaz. Bideoan zehar, hizketan ari dela, bere gelan atzealdean neska gazte bat gurutzatzen dela ikus daiteke une batean, arin-arin jantzita. Alexia Rivas kazetaria dela zabaltzen da agudo. Kontua da Merlosek eta Telecinco-ko kolaboratzailea den Marta Lopezek bikote espektakular horietako bat osatu dutela farandularen munduan azken hilabeteetan. Inkluso bideo famatua argitaratu bezperan, Merlosek Lopezi ezkontzeko proposatu omen zion.

Hona tramako pertsonajeen bizpahiru datu, segidan. Marta Lopez Gran Hermano-ko saio famatuko lehiakidea izan zen 2004an, eta geroztik Telecinco-ko hainbat saraoetan parte hartu izan du. Alexia Rivas Telecinco-ko kazetaria da, Maria Patiñok zuzentzen duen Socialite saioko kazetaria da, atzo arte anonimoa gaur famosilloa.

Javier Negre eta Alfonso Merlos kazetariak, eskuin muturreko kazetariak dira. Negrek ospea lortu zuen 2016an indarkeria jasandako emakume batekin fikziozko elkarrizketa asmatu eta argitaratu zuelako El Mundo egunkarian. Horretarako, kasuari buruzko aurrekariak jakin behar dira: urte bat lehenago, Cuencan, Sergio Moratek bi neska erail eta Errumaniara ihes egitea lortu zuen; hilabete batzuen buruan atxilotu, eta Estatu espainiarrera estraditatu zuten. Epaile batek 48 urteko kartzela ezarri zion. Bien bitartean, Negrek, Moratek iraganean jipoitu zuen neska gazte batekin ustez egindako elkarrizketa asmatu eta argitaratu zuen. Neska horrek Negreren jukutria salatu, eta epaile batek arrazoia eman ziezaion lortu zuen.

Oraingo honetan, Negreri salatzen zaio Merlosekin eta Rivasekin apirilaren 23an, ostegunarekin, osatutako grabazioaren emisioa bere intereserako erabili duela, eta bi hipotesi nagusi erabiltzen dira horretarako: bere telebistak audientzia eta dirua irabazi nahia, edo eta, ustez gogoko ez duen Merlos mendekatu nahia.

Eta azkenik, Alfonso Merlos geratzen zaigu, pantomimaren protagonista nagusia. El Mundo egunkarian hasi zen kazetari gisa 2000an eta agudo Cope irratira igaro zen, Jimenez Losantos zalapartaria ordezkatuz asteburu goizetan. Neu, bolada batean, larunbat-igandeetan bere ahotsarekin esnatu nintzen, eta ez zait sekula ahaztuko nola saiatzen zen Losantosen erreplika zintzoa izaten; haren ideologia nazionalista-ultrakontserbadorea eta estilo beliko eta irain zale berbera erabiltzen zuen. Halako batean, baina, haserre amaitu zuten; dizipuluak maisuari gauza guztietan mimetikoki jarraitzeari utzi eta eskuinaren orbitan izen abizeneko norbait izatea erabaki zuen une berberetik. Losantosek Cope irrati utzi eta bere irudira eta itxurara egokitutako irratia, eratu zuen, esradio.es.

Portzierto, jakinmin morbosoa zegoen ea Losantosek joan den astelehenean zer esango ote zuen Merlosengatik esradio.es irratian. Bada, bekataritzat eta jainkojaletzat (“meapilas”) jo zuen, eta gaineratu minbiziaren antzekoa zela Espainiako katolikoentzat.

Merlosek ere Cope atzean utzi eta TV13 telebista fatxako albisteen aurkezle eta zuzendari izatera iritsi zen eskuineko prentsaren eskalafoian gora eginez (portzierto, zer pentsatua ematen digun datua: apirileko audientzia datuei kasu eginez gero, ETB1 baino gehiago ikusten da TV13 EAEn; TV13 1,6 eta ETB1 1,2). Azken urteetan analista politiko gisa Mediaset komunikazio taldeko zenbait telebistetan (Telecinco, Cuatro…) kolaboratzailea da; besteak beste, El Programa de Ana Rosa saioan.

Lau pertsonaiez osatutako trama patetiko horri gehitu behar zaio Telecincok hartu duen jarrera interesatua -aurreikusi zitekeena-, monografiko gisa jorratuz, eta ohikoa duen bere programazioko munizio sentsazionalista guztia erabiliz (Salvame, Salvame deluxe, Socialite, Viva la vida...). Telecinco-k dakien bezala esplotatu du pasadizoa, eta diotenez, audientzia osoaren ehuneko share handia (%20a, eta 3.013.000 ikusle) bereganatu zuen joan den asteburuan.

Parentesi txikia irekitzen dut: Estatu espainiarrean egiten diren telebisten audientzien neurketek maizegi adierazi izan digute Euskal Erkidegoan Telecinco dela ikusiena. Bada, igarri liteke joan den asteburuan ere datuak ez zirela urrun ibiliko.

Telebistei buruzko prentsako analista ugarik egin dute bat adieraziz Estatu espainiarreko gizartea pandemiaren tragediatik ihes egiteko obsesio batean bizi dela, eta tele-zaborrean topatu duela “askatasun oasia”. Hala dio, esate batera, Jose Antequerak,

 “Saldu ziguten konfinamendua literaturako klasikoak irakurtzeko edo Netflixeko seriekin egunean jartzeko baliatuko genuela, eta errezeta berriak kozinatzeko, baina azkenean, milioika espainiar, berriz ere Telecincora kateatu dira, Alfonso Merlos tertuliano politikoaren eta honen etxeko egongelan kasik larrugorritan paseatzen zebilen neska gazte misteriotsuaren arteko sugetzarra jarraitzeko gogoz”.

Jose Javier Vazquez gidari-showman eta zeremonia maisua eta bere troupa guztia (Kiko Matamoros, Maria Patiño, Lydia Lozano…) dira tratamendu mediatiko horren eragile nagusiak.

Vazquez, ahal duen guztietan, ezkerreko homosexualaren larruaz janzten da, eta oraingoan ere ondo probestu du aldartea, aintzat hartuta bi kazetari ultraeskuindar aferan inplikatuta daudela. Oso komentatuak izan dira bota dituen zenbait esaldi (“En tiempos de mala racha, mejor no folles a un facha” ),  egin dituen purrustadak eta proklama ideologikoak Merlos bezalako moral bikoitzeko eskuineko katolikoen kontra, eta aldi berean, kolaboratzaile bati egin dion zentsuragatik, honek defendatu nahi izan dituelako gezurrak (“buloak”) zabalduz Sanchezen gobernuari gogor ekiten dioten Negre eta antzekoak. Gehiago jakite aldera, sarera jo besterik ez dago (La Vanguardia egunkariak atzo argitaratu zuen kronika, egokia izan liteke kokatzeko), edo eta Tele5 egunean zehar edozein orduetan piztea besterik ez dago.

 

Telecinco: ezkerrarentzat, tele-zaborra ala eskuinaren erasotzaile?

Niretzat behintzat, interes berezia hartu du Estatu espainiarrean kontsumitzen diren sare sozialen baitan ezkerreko erreferentziatzat jotzen diren txiolariek abian jarritako sesioa.

Negre edo Merlos bezalako eskuin muturrekoen historiala, tele-zaborrari buruzko iritzi eta analisiak, telebista formatu horren errege den Vazquezi buruzko aldeko eta kontrako iritziak, saio horien kontsumo masiboa... gurutzatzen dira eztabaida edo irizi trukaketa horretan.

 Ezkerreko jende askok, prentsa arrosako saio horiek tele-zabortzat jo arren, aitortu dute larunbat-igandean Telecinco-ra itsatsita igaro zituztela zenbait ordu... Eta gozatu ederra hartu zutela. Eta aitormen horrek probokatzen du eztabaida sutsua eta ezin interesgarriagoa bilakatzea...

Antonio Maestre, La Marea eta eldiario.es aldizkari digitaletan eta La Sexta telebistako Al rojo vivo eta La Sexta noche saioetako kolaboratzaileak askatu zuen amua ea nork egin koska ostiral gauean (Negre y Merlos siendo humillados en Sálvame Deluxe. No hay propaganda comunista que pueda superar este agit-prop”).

Agudo, Guillermo Toledo aktoreak, Estatu espainiarreko sistema politiko eta mediatikoa sakon kritikatzeagatik azken urtetan bazterkeria jasaten ari den aktibistak, Mestre eta antzekoei erantzun nahi izan zien, probokazio puntu batekin:

“Jorge Javier Vazquezek bere saio nazkagarrian honako esaera adierazi zuen “bolada txarra badaukazu, ez egin larrutan fatxa batekin”, eta neurrigabeko progreak hor ari dira esanez Vazquezek faxismoaren kontra Ejertzito Gorriak baino gehiago egin duela, eta antzeko ergelkeriak. Merezi dugu gertatzen ari zaigun guztia”.

Eta handik gutxira, beste hauxe bota zuen:

“Jorge Javier Vazquez-Tele 5-Seguí-Merlos-Negre eta antzekoak ez dira elkarren etsai, enpresa berberaren produktuak dira. Eta ez ahaztu enpresa horrek herriak kontsumitzeko asmoz zapore desberdinetako izozkiez kamuflatutako opioa eratzen duela. Azken batean, herri horixe da fikziozko elkarren arteko batailen horien biktima bakarra”.

Toledok jasotako erantzunen artean, hona zenbait:

- “Halaxe da, Toledo, eta zerrenda luza dezakezu Ana Rosa, Ferreras, Grisso eta beste batzuekin. Kaka berbera dira, kaka berbera kontatzen digutena; ikuspegi aldaketa txikiak sumatzen dira elkarren artean, baina azken finean, goi-goitik eraikitzen digute kontakizuna. Tostatua marmeladarekin, ala gabe?”.

- "Eskuin mutur elitista eta fariseoa POP bihurtzen dugu, eta gero damutu egiten gara”.

- "Saio bikainak izan ziren larunbat eta igandekoak, fatxak deseraikitzeko!".

- "Saio horiek inork ez ditu serio hartzen; argi dago darabilten katxondeozko tonu orokorra, baina zuri, Toledo, ondo doakizu txioak idaztea haserre itxura jarrita”.

- “Saio patetikoa kultuzko erreferente da benetako ezkerra direla sinesten dutenentzat, eta horiek PSOEko boto emaileak dira”.

- Grazia eman dit saioak, baina horrek ez nau deabrutzen, eta ez dut merezi estatu honek jasaten dituen gaitz guztiak. Umore exageratuan oinarritutako tartea eskaintzen du saioak; umore txarra da, eta bukatzen denean, off egin eta beste kontu batera goaz. Ezin da dena lubakia izan, beti”.

- “Guillermo, aktorea zara, beste edonork baino errazago ulertu beharko zenuke umorea, ironia, exagerazioa…”.

-“Telebista entretenimendua, da, ezi da ezer serio hartu. Horrelako saioek izugarri entretenitzen dute, dena ez da bada izango pentsamendu entseguak idaztea. Horixe da herri kultura gaur egun”.

Faxistei erantzutea, nahiz eta bere bizkar barre egitea, soilik balio duela eurei notorietate gehiago emateko, ez dugu deusik ulertuko zirko horrekin”.

-“Jendeak telebistako saioak irentsi ditu pentsatuz jendilaje horri eskarnioa egiteko balio izan dutela. Baina urrezko orduak eskaini zaizkie telebistan, influentzia eta jarraitzaileak bereganatzeko. Gainera, show guzti horri muntaiaren kiratsa dario”.

-“Saioak, euren kontra erabili daitezkeen argudio eta epaileen zigor sententziak baino min gehiago eragin die, batez ere euren publikoaren aurrean eman zaielako min hori, normalean defendatu eta goratzen dute publiko horren aurrean, Nire barreak ez du bukaerarik, eta karmaren legean sinesten hasi naiz, Beren lotsagabekerian ito daitezela!”.

- “Matame de Lux eta antzeko programak ikusi, eta berehala datoz errefuxiatuen irudiak, Mediterraneoan emigranteak hiltzen, agintari ugariren giza miseriak… Gosearen jolasak liburuaren aurrean bageunde bezala, ez 1984 edo Mundu zoriontsua… Dena distopikoa da”.

-“Nik ez nuen ikusi programa, baina gaitzerdi audientzia handiko programetan halako jendilajea fatxa eta merezi ez duten gizaki gisa aurkeztea. Hori bai, nahiago Sierra Maestrako bizartsuak edo nazismoa garaitu zuen Ejertzito Gorria!”.

-“Nazka ematen dit neoliberalismoak, baina esplotatzaile bat neoliberalismo horren erruz lur jota uzten denean, poztu egiten naiz. Guillermo, emaiozu kapritxo txikiren bat gorputzari!”.

-“Telezaborra baino tresna ahaltsuagorik ba ote masa-gizartea narkotizatzeko?”.

- “Deluxek eskuinaren aurka askoz gehiago egin du gau bakar batean Ferrerasen Al rojo vivo-k bere denboraldi guztietan baino”.

- “Faxismoa instituzio, botera eta gizarte zibilaren zati handi batean txertatuta dago aspaldi, eta programa hori betatuta behar luke egon, osasun publikoagatik”.

Horietako batzuei erantzuteko asmoz, Guillermo Toledok zera adierazi zien:

“Medio generalistek uzten dituzten zirrikituetatik diskurtso antifaxistak eta antikapitalistak sartu litezke, sartu behar dira? Bai, baina hori ez du egiten Jorge Javier Vazquezek”.

Sare sozialetan ezkerreko orbitan jarraitzaile ugari dituen Roberto Enriquezek (Bob Pop) Toledoren ideia berretsi zuen:

“Deluxek ez dio aurre egiten faxismoari. Deluxek integratu, normalizatu eta asimilatu egin ditu. Fatxa siniestroak folletinetako gertu-gertuko pertsonaiak bihurtu ditu. Jada ez dute beldurrik eragiten. Soilik barrea, eta auzo lotsa pittin bat (Mediaseteko etxekoak izatea, hori hurrengo baterako utziko dugu)”.

Enriquezek zenbait erantzun jaso zituen, bere iritziari objezioa eginez. Hara horietako bi:

- “Diozunaren arabera, badirudi eskuin muturra eta ultrakatolizismoa gauza berria dela. Baina gure gizartean eta komunikabideetan betitik egon dira instalatuta, izan ere inoiz ez baitziren joan. Baliteke arpegiak aldatzea, baina ez diskurtsoa”.

- "Deluxek ez du zer probokatu. Pertsonajeen baldarkeriak eta logika mekanikoak eragin dute komedia. Vazquezek inork baino egokiago egiten dio jokoa neoliberalismoa”.

- “Zekena da T5ko audientzia mota hori, katetoa eta intelektualki txiroa. “Jaten duzuna zara” bezala, “ikusten duzuna zara”. Nahiz eta izugarri izorratu egia entzuteak”.

- “Ez zaizkit gustatzen Salvame eta antzeko programak, baino gutxiago gustatzen zaizkit batzuen elitismo kulturalak isurtzen duen kiratsa; gailentasun moral batetik egiten direla ematen du, programa horiek ikusten dituztenak erridikulizatzeko asmoz”.

- "Salvame kritikatu liteke, eta aldi berean gozatu bizitzak eskaintzen dizkizun zurrutada horiekin; jasanezina da ezkerraren puritanismoa”.

Faku Diaz musikaria da, eta osasun krisiaren harira Miguel Maldonadorekin batera NTMEP (No Te Metas En Politica) late night programa sortu du sareetan, aktualitatearen analisiekin eta elkarrizketekin hornitzeko; egiazki, Estatu espainiarreko hedabide konbentzionaletan nekez topatu daitekeen ikuspegi kritikoa jorratzen du). Bada, bere twitter kontuan, eta sare sozialetan piztutako eztabadari ironia puntu bat erantsiz, aipatzen zuen tentelak izan garela urtetan, izan ere larunbatetan kalera irten eta parrandak egitea izan delako gure dibertimendua, ohartu gabe hor eduki izan dugula, eta daukagula, Salvame Deluxe entretenimendu aluzinogenoa...

 

Jorge Javier Vazquez showmana

Komunikatzaile bikaina da, showman paregabea, badauka grazia eta piperra eta ateraldi harrigarriak botatzen ditu gutxiena espero duenean ikus-entzuleak… Tira, telezaborraren eta espektakuluaren formatua ezin trebeago kontrolatzen duena, eta hori ezin zaio ukatu. Baina aldi berean, entretenimenduko programa bat gidatzen duen kazetaria den aldetik, jainkotutako egolatra baten moduan gidatzen duen programa. Maiz jokabide despota, autoritarioa, kapritxosoa eta jende askorekiko errespetu faltakoa eta edukazio txarrekoa… darabil.  Kameraren aurrean daukan botereaz baliatuz, nahi dituen umiliatu, gaitzetsi zentsuratu… dezake nahi duenean, diktadore eta prepotente baten antzera.

Astelehenean, apirilaren 27an, ohikoa duen sobreaktuazio erakustaldi histrioniko horietako bat egin zuen, eta sonatua izan da eragin dituen erreakzioengatik bere pertsonalitatea debatearen erdigunean kokatuz. Platoan, tertulian zehar,

Merlosek konfinamenduaren arauetako bat hautsi zuela komentatzen ari zirela, Antonio Montero programaren ohiko kolaboratzaileetako batek, haren jarrera justifikatu nahian-edo,

aipatu zuen politiko ugarik ere maiz hautsi izan dutela araua eta gehitu zuen Pablo Iglesiasen kasuan gainera, politikoa zuhurtzigabetasunez jokatu izan duela, jakinda bere bikoteak behin baino gehiagotan eman duela positiboa koronabirusarekin. Hori entzunda, Vazquez bere onetik atera”Aski da! ez iezadazu kontu horiekin gogait eragin!” ("No me toques las narices con los putos discursos de VOX, hombre. ¡Ya está bien! A tomar por culo”).

Hitza zakar kendu zion kolaboratzaileari, Vox-eko kide izatea eta gobernuaren eta ezkerraren kontrako gorrotoa zabaltzea leporatu zion, eta ondoren erantsi zuen “programa hau gorri eta marikoiena da, eta ikusi nahi ez duenak ez dezala ikusi!”. Bere onetik aterata bezala, antzezpen barregarriari ekin zion, bere burua lurrera bota eta negar antzeko zerbait egin.

Ada Colau Bartzelonako alkateak ere eman zuen iritzia Vazquez aipatuz, "Aspaldian faxismoari inork ez zion ahoa itxi prime time-en eta hainbeste estiloarekin”. Colauri erantzun zaparrada galanta heldu zitzaion agudo. "¿Benetan eskisitoa iruditzen zaizu gizon horren jokabidea?" galdertu diote batzuek. Eta badira adierazi dutenak, erdi serio erdi sarkasmoz, Colauk Belen Esteban ere erreferentziatzat daukala adierazi dutenak, edo aholkatu diotenak Vazquezen programan kolaboratzaile izan dadin, edo behinik behin, denbora hartu dezala gonbidatu gisa agertzeko Savlame Deluxe programako platoan, egin dizkioten kritikei erantzuteko.

Gutxi fida, ez litzateke horren harrigarria izango Colau Salvame-n topatzea noizbait, ikusita jada apirilaren 16an Irene Montero Podemoseko buruzagia bertan zuzenean elkarrizketatu zutela (lehenengo aldia da Gobernuko ministro bat programa horretan parte hartzen dutela).

Colauri Vazquezek bere biografian emakume batzuekiko erakutsi izan duen jarrera gaitzesgarria gogorazi diote: esatera batera,  Gran Hermano saioan zuzenean gertatu zen bortxaketa bat ezkutatu ez ezik haren bizkar txantxak egin zituela, emakume ugari iraindu izan dituela “urdea” ofentsa erabilita eta bitartean besotik bortizki helduta, sareak emakumeen aurkako zakarkeriez josita daudela…

Kritika pertsonalizatuen begirada luzatuz, Vazquezek pilatu duen ondare ekonomiko izugarria eta beste zenbait aspektu gogorarazi dituzte. Hain zuzen, Berlusconiren telebistan kazetaritza zaborra egiteagatik hiru milioi irabazten duela urtean, luju handiko kapritxoetan xahutzen duela diru horren zati bat, orain urte batzuk ogasunari iruzur egin ziola eta 800.000 euro itzuli behar izan zituela, ludopatiaren aldeko iragarkiak (yoibingo.es enpresaren alde, Belen Esteban eta biek) egiteagatik ere dirua barra-barra irabazten duela…

Esanguratsua -eta espero ez zutena askorentzat- izan da Podemosetik gertu dabilen Paula Vazquez telebista aurkezle ezagunak -eta mundu hori ederki ezagutzen duenak- eman duen iritzia Salvame programaren gainean, esanez, gaur egun telebistan dagoen saiorik misoginoena eta matxistena dela, “batik bat emakumeen bizitza pribatua kritikatzetik bizi da, eta orain, zer eta zentzumenaren epifaniatzat aurkezten zaigu?”.

 

Rojoymaricon Hashtag-a

Jorge Javier Vazquezek azken egunetan egindako purrustadaren harira, Rojoymaricon hashtaga zabaldu dute, sare sozialen erabiltzaileek etiketa jakin bat eduki dezaten eta hor jarri ditzaten gaiari buruzko euren iritziak. Trending topic deitzen dena izan da zenbait orduetan Estatu espainiarreko sare sozialetan.

Hashtaga sortuta Vazquez aldarera igo nahi izan da, eskuin trogloditaren aurka mugitzen den ezkerraren ikur gisa. “Espainiarik zarpailena eta erreakzionarioena agerian utzi du, nekrofilia eta gorrotoa zabaltzen ari diren ultra ideologoen fartsa agerian utziz” esanez adierazi du baten baino gehiagok, gutxi gora behera, hashtag horren atzean dagoen filosofia. Izan da bere figura Federico Garcia Lorcaren pare jarri duena, gobernuko presidente izateko hautagaitzat jo duena…  Baina era berean, izan dira Ipar Koreako Kim Jong-Un buruzagiarekin alderatu dutenak hipokrita oportunista izatea leporatu eta gero.

Baina denetik ari da idazten jendea. Aldeko zein kontrakoak, moderatuak zein erradikalak (kanpoan utzi dira #rojoymaricon hashtag-a #rajoymaricon hashtagarekin nahastu duten makina baten ironia luzitzen dutenak).

Hona zenbait:

- “Eskuin muturrak legebiltzarrean ez baizik eta kalean hondakinen antzera jarraituko luke, Ferreras, Ana Pastor, Angels Barceló, Pepa Bueno eta gainerako progresia mediatikoak gaur Vazquezek egin duen eran jokatu izan balute iraganean”.

- “Ez al da kuriosoa rojoymaricon hashtagaren aldekoek zentsura eta bazterkeria kritikatzea eta errespetua eskatuz eskubideak aldarrikatzen ibiltzea? Beren idoloa diktadore bat da, bere hitza legea dela uste duena, zentsura aplikatzen duena, errespetu gutxi erakusten diona berak duenari”. 

- "Amorragarria da hildakoen familiarrek ezin batzea -hiru kide baino gehiago- azken agurra eskaintzeko, eta bien bitartean, telebistetako platoetan hainbeste jende ikustea halako tertulia friboloak egiteko”.

- "Iraina izan liteke, segun eta zein testuinguruan esaten diren, baina tolerantzia eta errespetua esanhai dute, egokiak dira aniztasuna ametitzen ez duen eskuinari aurrean".

- “Vazquez pijoa, burges aberatsa eta edukazio gutxiko tele-zaborraren erregea da”.

- “Esatea Vazquez ezkerrekoa dela, Ana Rosa kazetari ona dela edo milaka emakume kaleratzen dituen Ana Botin feminista dela esatea bezalaxe da. Horiek denak kalte egiten digute.

- “Marikoa izatea ez dago gaizki, okerragoa da homofoboa izatea, edo langile gose pasatua izatea eta osasun publikorik gabe utzi nahi gaituzteneei botoa ematea”.

- “Rojoymaricon” eta “Fachaymaricon” konbinazio txarrak dira. Soilik liberalismoak aldarrikatzen du askatasun indibiduala, eremu moralean zein ekonomikoan, ohean eta patrikeran”.

- “Ez dauka ezer zentsuratzeko Vazquezek, ez bada jokabide eredugarritzat jotzea zeure burua gizakien miseriekin aberasten ari zaren bitartean”.

- “37.000 hildakoak mahai gainean, gobernua birtualki hilda, historiako hondamendirik handienaren atarian, eta ezker sektarioa sare sozialen kontrola galduta… #RojoyMaricon hashtaga, panorama guzti horri iraultzeko saiakera antzua da”.

Vazquezek, eskerreko gazteen artean La Sextako guru omen den Antonio Garcia Ferreras influecer ideologikoaren tronu pribilegiatutik kendu izanaren teoria ere zabaldu dute azken orduetan. Sinesgarria izan ala ez tesi hori, jada 2016ko maiatzean, Lecturas aldizkarian idatzi zuen artikuluan Vazquezek Ferrerasi egin zion dejada txokora, machirulo-a, pontifikatzailea eta tremendista gisa definitu zuenean. Ferrerasek ez zion erantzun orduan, baina ez harritu gauzak aldatzea oraingoan, eta bi oilarrak mokoka hastea, telebisten panorama mediatikoa akaparatzen duten Atresmedia eta Mediaseten arteko borroka eszenifikatuz.

 

Telecinco, gorri eta marikoien telebista?

Telecinco gorrien eta marikoien katea dela esanez, Jorge Javier Vazquez ezker eta progresismoaren ikono gisa azalduko zaigu. Eta diskurtso hori erraz erosiko dute ezkerreko zenbait sektoreek, espektakulu faranduleroaren baitan egin daitezkeen keinu, antzerki eta poseekin anestesiatzeko prest daudenek.

Baina ezin da ukatu kontserbadorea dela telebista horren salsa arrosa formatuko bere programetan agertzen diren kolaboratzaile eta pertsonaje gehien-gehienen ideologia, eta eraginez, milioikako audientziari transmititzen zaizkien balioak.

Asteburuan bertan, larunbat arratsaldean eskaini ziguten Viva la vida saio arrakastatsua aztertu besterik ez dago, errotik gezurtatzeko Jorge Javier Vazquezen proklama. Jaime de Borbon (Alfonso XIII.aren iloba) eta Carmen Martinez de Bordiuren (Francoren biloba) seme Luis Alfonso de Borbonek egun hartan bertan 46 urte betetzen zituela-eta programa horrek erreportaje luzea emititu zuen, eta tertulia gehitu ondoren. Ordu erdiko saioa guztira (01:49:50etik 02:15:00ra), Luis Alfonso de Borbonen pertsonalitateari gorazarre egiteko misioarekin. Telecinco eta bere langileek naturaltasunez eta normaltasunez egindako saio berezia, gizarteko establishment ekonomiko-politikoari halako tratamendu zuri zale, elitista eta klasista eskaintzea ohituta daudenez.

Francotarren eta borboitarren odolen sinbiosia pertsonifikatzen duen mutila 1974a jaio zen, eta Emma Garcia Ordiziako aurkezleak erreportajearen hasieran esan zuen bezala, ez zen edonoiz jaio, urte zoragarri haietan baizik (“en aquellos maravillosos años”). Jaime Mayor Orejak esango lukeen “Años placenteros” ikuspegiaren parekoa.

Jakina, 1936an, kolpe militarrez eta aurkari politikoaren aurkako genozidioa aplikatuz Errepublikaren sistema demokratikoa irauli zuen diktadurak eskaintzen zuen garai hura, zoragarri-gozagarria izan zen. Baina norentzat izan zen halakoa? Bada, diktadurako eta monarkiako elitearentzat eta horiek aktiboki sostengatu zuten guztientzat. Mingarriak, berriz, gainerako disidentzia guztientzat.

Luis Alfonso de Borbonen biografiaren alderdi humano eta familiarraren errepaso panegirikoa eginez Tele5n eskaini zigun saioak, hasi eta bukatu, Francoren diktadura ederki asko zuritzeko balio izan zuen, eta bide batez, baita ere monarkiaren instituzioa justifikatzeko, Jainkozko eskubideak emango liokeelakoan legitimazioa honi gizarte batean agintzeko.

Hitz erdirik ez, ordea, alderdi ekonomiko-politikoari. Hots, Luis Alfonso de Borbonek heredatu duen dirutza nondik datorkion (aitaren zein amaren familien aldetik estatu espainiarreko gizarteari historian zehar arpilatutakoa) eta ideologikoki non kokatzen den eta zeintzuk diren bere aktibitateak (Vox alderdiko bultzatzaile aktiboetako bat da eta diktadura goratzea helburu duen Fundacion Francisco Francoko ohorezko lehendakaria da).

Juan de Borbonen biografiaz zerbait jakiteko, merezi du irakurtzea El Pais egunkariak Francoren gorpuzkiak lekuz aldatu zituztenean argitaratu zuen erreportajea. Eta halaber, borboien inguruan kontatu ohi zaigun historia goresgarriaren bertsio alternatiboaz janzteko, berriz, berriki Jose Mari Esparzak Noticias de Gipuzkoa egunkarian idatzitako Borbones, bolsillos y braguetas artikulua.

Esan bezala, Vazquez gustura sentitzen da ezkerreko zenbait sektorek bere neurrira josi duten jantzi horrekin, ezkerrekoen guru mediatikoaren status berri horrekin. Hazita dabil, biziki maite du protagonismoa, gorantz disparatu dira bere programetako audientziak, eta mundua jaten dabilen pedigri handiko egolatra bati dagokion moduan, kapitulu gehiago iragarri ditu. Adierazi du eskuinak bera desprestigiatzeko kanpaina zikina jarriko duela abian aurki, eta gerra horretan denak irtengo direla kaltetuta.

Bada, halako batailarik baldin badator etorkizunean, izan dadila egozentrista, autokonplaziente eta botere ekonomiko-finantziero handiekin otsana den mundu mediatiko horren trapu zikinak airatzeko, eta izan dadila geratzen zaien kazetariaren gutxieneko etikarekin jokatuz.

Bien bitartean, ergelen opioa omen den pantailara pega-pega eginda jarraitzea izango da gure aukeretako bat. Bestea, horien produktuak zuzenki kontsumitzeari muzin egin arren, adi-adi egotea informazio iturri desberdinetara eta sare sozialetara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!