Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera maiatzaren 18an bueltatuko dira ikasleak ikasgeletara

Aiurri 2020ko mai. 7a, 16:59

Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenak betetzen badira, ikasleak ikasgeletara bueltatuko dira maiatzaren 18an. Aurreikuspen horiek beteko ez balira, ikasgeletara buelta maiatzaren 25ra arte atzeratuko litzateke.

Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek adierazi duenez, ikasleak ikasgeletara itzulerari ekingo diote maiatzaren 18an.  Ikastetxeetara itzulera ere faseka gauzatuko da. Lehenak Batxilergoko bigarren mailako ikasleak, Lanbide Heziketako goi mailako zikloetako bi mailetako ikasleak, eta Lanbide Heziketako oinarrizko eta erdiko mailetako bigarren mailako ikasleak izango dira.

Astebete beranduago (maiatzak 25) ikasle gehiagok egingo lukete itzulera; besteak beste, batxilergoko lehen mailako ikasleak, Lanbide Heziketako oinarrizko eta erdiko mailetako lehen mailako ikasleak eta DBHko laugarren mailako ikasleak.

Maiatzaren 18an eskoletara itzulera egiteko zailtasunak egongo balira, ikasle horiek guztiek batera egingo lukete ikasgeletara buelta, maiatzaren 25ean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!