Karmele Jaioren 'Aitaren etxea' nobelak irabazi du 2019ko 111 Akademiaren Saria

Aiurri 2020ko mai. 8a, 09:14

111 Akademiak Karmele Jaiori emango dio 2019ko 111 Akademiaren Saria. Akademiakideek Jaioren ‘Aitaren etxea’ eleberria izendatu dute 2019ko libururik gogokoen. 

201 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietako 114k parte hartu dute 2019ko sariduna izendatzeko 2020ko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Txanda guztietan Jaioren eleberria izan da bozkatuena, eta Bernardo Atxagaren ‘Etxeak eta hilobiak’ eleberria izan du lehiakide azken bueltan.

Une honetan aurtengo sari-banaketaren nondik norakoak aztertzen ari dira 111 Akademiako arduradunak. Baina ezohiko egoera dela eta, aurten ez da jendaurreko sari-banaketa ekitaldirik egingo.

Bigarrenez saridun

Karmele Jaiok ez du 2019koa lehenengo 111 Akademiaren Saria izango. Gogora dezagun 2006an ere idazle gasteiztarrak jaso zuela irakurleen sari hau ‘Amaren eskuak’ eleberriagatik. Hala, 111 Akademiaren Saria (2012. urtera arte Beterriko Liburua izenez ezagutua) bi aldiz jaso duten idazleen taldean sartu da Karmele Jaio, bera delarik, oraingoz, taldetxo horretako emakume bakarra: Ur Apalategi, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Harkaitz Cano dira gasteiztarrarekin batera irakurleen sari hau bi aldiz irabazi duten idazleak.

Aitaren etxea

Maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez eta orokorrean generoak emakume eta gizonen bizitzetan duen eragin itzelaz ari da Karmele Jaioren eleberria. Baita familietan sortzen diren isiltasun esanguratsuez ere. Bere nobela anbiziotsu eta ausartena burutu du Jaiok, lurralde ezezagun batean barneratuz eta bertatik arrakastaz itzuliz. Akademiakide batek aipatu bezala, "literatura heldutasunera iritsita" aurkituko du irakurleak lan honetan.

Hurrengoa, XXV.a

Edizio bakarra baino ez zaio falta irakurleek hautatu eta ematen duten sari honi mende laurdena betetzeko. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri zuen abian Beterriko Liburua literatur aipamena (gerora 111 Akademiaren Saria bihurtua) euskal irakurleari literaturaren plazan hitza eta protagonismoa eman asmoz. Honakoak izan dira urte horietan guztietan irakurleen saria jaso duten obrak:

  • 1996 Joxean Agirreren Elgeta
    • 1997 Ur Apalategiren Gauak eta hiriak
    • 1998 Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri
    • 1999 Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion
    • 2000 Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean
    • 2001 Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua
    • 2002 Anjel Lertxundiren Zorion perfektua
    • 2003 Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea
    • 2004 Pako Aristiren Gauza txikien liburua
    • 2005 Juan Kruz Igerabideren Hauts bihurtu zineten
    • 2006 Karmele Jaioren Amaren eskuak
    • 2007 Jokin Muñozen Antzararen bidea
    • 2008 Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana
    • 2009 Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori
    • 2010 Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak
    • 2011 Harkaitz Canoren Twist
    • 2012 Ramon Saizarbitoriaren Martutene
    • 2013 Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat
    • 2014 Mikel Peruarenaren Su zelaiak
    • 2015 Katixa Agirreren Atertu arte itxaron
    • 2016 Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua
    • 2017 Uxue Alberdiren Jenisjoplin
    • 2018 Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa
    • 2019 Karmele Jaioren Aitaren etxea
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!