Koronabirusa

Araudi berria ofizialki argitaratu arte ez dira zalantza guztiak uxatuko

Jon Ander Ubeda 2020ko mai. 10a, 20:54

Euskadi "Fase 1" delakoan sartuko da bihar, baina araudi osoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA/BOPV) argitaratu arte zalantzak ez dira erabat uxatuko. Espainiako Gobernuak ostiral gauean hainbat irizpide berri aditzera eman zituen, eta ordu gutxira Eusko Jaurlaritzak irizpide horietako batzuk gehiago murriztu zituela adierazi zuen. Gaurkoan, egunean zehar, irizpide aldaketa gehiagoren berri eman da hainbat hedabidetan. Ikusitakoak ikusita, edozer gauza gerta daiteke. Boletin ofizialaren zain egon beharko da.

Azken orduetan hedabideetan zabaldu den informazioaren arabera, bihartik aurrera Gipuzkoa bi faseen arteko egoera batean sartuko da. Fase 0 delakoa baina harago joango da, baina ez da adituek ezarri duten Fase 1 delakora iritsiko.

Hauexek izan daitezke boletinean agertuko diren berrikuntzak, familiei eta kirolariei bereziki interesatuko zaizkionak:

  • Adin txikikoei eta gurasoei elkarrekin ateratzea baimenduko zaie. Lehen, haurra edo haurrak guraso bakarrarekin atera zitezkeen. Bihartik aurrera familiako kide guztiak batera atera ahal izango dira.
  • Paseoa emateko distantzia ez da orain arte bezala kilometro batera mugatuko. Distantzia hori baztertu egingo da, eta beraz ibilbide luzeagoak egin ahal izango dira.
  • "Kirol jarduera herrian bertan soilik egin ahal izango da, ala ez?", horixe izan da askoren zalantza azken ordutan. Antza denez, kirol jarduera norbere herritik abiatu beharko da baina ondoko herrietaraino iristeko aukera izango da. Andoaindarrek, esaterako, Adarrara igo ahal izango dute.
  • Atletismoan edo tenisean aritzeko aukera izango da, beti ere ekimen pribatuko guneetan. Gure eskualdeko kiroldegietan ezinezkoa izango da tenisean edota atletismo pistan ibiltzea.
  • Dendatan eta tabernatan egoteko aukera mugagabea izango da. Baina hori ere ikusteko dago. Izan ere, oso taberna gutxitan abiaraziko da lan jarduna. Hori dirudi behintzat, murrizketak zeinen handiak diren ikusita.
  • Kirola egiteko eta kalera ateratzeko ordutegiei eutsiko zaie. Haurrek, beraz, 0 eta 14 urte bitartekoek ordubete eskas irteteko aukera izango dute.

Ezuste gehiagorik ez badago, hauexek izan daitezke biharko EHAA-BOPV aldizkari ofizialean argitaratuko dituzten irizpide berrietako batzuk.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!