1. Zer merkataritza-lokal egon daitezke irekita?
Printzipioz, Alarma-egoeraren hasieratik irekita egon direnak, hau da, janari dendak, gozoki-dendak eta gozotegiak barne, edari dendak, farmaziak, osasun-zerbitzuak beren osotasunean, optikak, ortopediak, higiene-produktuen dendak, prentsa eta paper dendak, gasolindegiak, estankoak, teknologiako eta telekomunikazioetako produktuen dendak, etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak, Internet, telefono edo posta bidezko merkataritza-dendak, tindategiak, arropa-garbitegiak eta albaitaritza-klinikak, ibilgailuak alokatzeko enpresak, banku-erakundeak, notarioak, aholkularitzak eta aseguruerakundeak, abokatu-bulegoak, gestoriak eta finken administrazioko bulegoak. Dena den, hemendik aurrera, langileentzako zein establezimenduetarako higiene- edota prebentzioneurriak izan beharko dituzte.
Horiez gain, txikizkako merkataritza-lokalak eta zerbitzuak ematekoak ere irekita egon daitezke, salbu eta 400 metro karratuko azaleratik gorakoak, merkataritza-zentroak direnak, edo merkataritza zentroaren barruan egonda kanpotik zuzenean sartzeko aparteko biderik ez dutenak.
Baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Edukiera %30ean gutxitzea. Solairu bat baino gehiago egonez gero, solairu bakoitzean edukiera-proportzio hori bete beharko da.
- Gutxienez bi metroko distantzia bermatuko da, eta hori ezinezkoa bada, bezero bat baino ezin izango da barruan egon.
- Arreta-ordutegi bat finkatuko da eta 65 urtetik gorakoei zerbitzua lehentasunez emango zaie.
- Establezimenduek, langileek eta bezeroek bete beharreko higiene-neurriak bete beharko dira, baita edukierarekin lotutako neurriak ere.
- Establezimenduek eta lokalek jendaurrean jarri beharko dute lokal bakoitzaren gehienezko edukiera zein den; edukiera hori bermatu beharko dute eta lokalaren barruan pertsonen arteko gutxienez bi metroko distantzia gordetzen dela ziurtatu.
Establezimendu horiek erositako produktuak lokalean jasotzeko aukerak eman ditzakete, baldin eta modu mailakatu batean egiten bada, lokalean edo haren sarreran jende-pilaketa ekiditeko moduan.
2. Okindegiek saldu al dezakete edaririk, kafea barne dela?
Eramateko bakarrik sal ditzakete produktuak, inola ere ez establezimenduan kontsumitzeko. Terraza baldin badaukate, ostalaritza-zerbitzuentzat ezarritakoa bete beharko dute.
3. Nekazaritza- azokak eta -merkatuak?
Nekazaritzako eta abeltzaintzako produktu eta elikagaiak zuzenean saltzeko azoka eta merkatu tradizionalak (normalean astean behin egiten direnak) egin ahal dira, baina ezinbestekoa izango da hainbat osasun-neurri errespetatzea.
Udalek saltokien arteko distantzia-neurriak eta azoka mugatzeko baldintzak ezarri beharko dituzte, langileen, bezeroen eta oinezkoen arteko segurtasuna eta distantzia bermatzeko helburuarekin.
Dena den, saltoki kopurua mugatu behar da eta ezin izango dira egon ohikoak izaten diren edo baimenduta dauden saltokien %25 baino gehiago eta edukiera ere ohikoaren heren batetik beherakoa izango da, edo horren ordez, gaitutako azalera handi daiteke.
Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan egiten diren nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak zuzenean saltzeko azoka eta merkatu tradizional batzuk aldi baterako etenda geratuko dira, hain zuzen, jai-girokoak edo gizarte- eta aisialdi-izaera dutenak.
4. Aire zabalean jarduten duten merkatuak (azoka txikiak)?
Kalez kaleko salmentarako azokak baimenduta daude. Udalek saltokien arteko distantzia-baldintzak eta azokako mugei buruzko baldintzak ezarri behar dituzte, langileen, bezeroen eta oinezkoen arteko segurtasun eta distantzia bermatzeko helburuarekin.
5. Denda-ibilgailuen bidez kalez kale saltzen ibiltzea.
Premia-premiazko produktuak kalez kale saldu ahal dira, baldin eta udalak emandako gaikuntza-ziurtagiria baldin badaukate. Osasun Agintaritzak ezarritako higiene- eta osasunneurriak errespetatu beharko dira. Ordutegia mugatuta egongo da: 8:00etatik 15:00ak arte.
6. Ibilgailuen konponketetarako eta mantentze-lanetarako tailerrak?
Bai, konponketetarako eta mantentze-lanetarako, piezak saltzeko ere bai.
Jendeari arreta emateko orduan ezarritako osasun-jarraibideak bete behar dira.
7. Auto-kontzesionarioak, IAT estazioak eta lorezaintza-zentro eta mintegiak ireki ahal dira daukaten azalera daukatela?
Bai, baina beti aldez aurretiko hitzorduarekin.
8. Eta ibilgailuen txikitegiak?
Bai, beren jarduera osoari ekin diezaiokete, piezak saltzeari ere bai.
9. Txatarraren eta hondakin solidoen bilketa-jarduera baimenduta dago?
Bai, baina ezinbestekoa da ezarritako higiene- eta osasun-baldintzak hartzea.
10. Jendearentzat irekita egoteko baimenik ez daukaten establezimenduek barruan mantentze- eta hobetze-lanak egin ditzakete?
Bai.
11. Beilak, kultu-tokiak, eta hileta-zeremonia zibil eta erlijiosoak.
Beilak baimenduta daude instalazio guztietan, publiko zein pribatuetan, baina muga honekin: aire zabalean gehienez ere hamabost pertsona eta esparru itxietan gehienez ere hamar.
Hildakoa lurperatzean edo errausteko agurra egitean gehienez ere hamabost pertsona egon daitezke (familiakoak eta hurbilekoa) eta horrez gain, hildakoak agurtzeko hiletaerrituez arduratzen den kasuan-kasuko kultu-zerbitzaria edo horren antzekoa ere egon daiteke.
Edonola ere, osasun-agintariek ezarritako higiene- eta osasun-baldintzak bete behar dira, bertaratutakoen artean gutxienez bi metroko segurtasun-tartea gorde behar da eta eskuen garbiketa eta arnasteko maskarak erabiltzea ezinbestekoa izango da.
Kultu-lekuetara joan ahal izan da, leku horren edukieraren heren bat baino gehiago betetzen ez bada, eta osasun-agintariek ezarritako higienearen eta urruntze fisikoaren neurri orokorra betetzen badira.
Badaude gomendio orokor batzuk, besteak beste, kultu-lekuetarako sarreren eta irteeren antolaketari dagozkionak, kultu-lekuen inguruetan eta sarbideetan pertsonen pilaketak ekiditeko.
Era berean, hilerrietara joatea baimenduta dago, hurbilekoak gogorarazteko edo omentzeko, udal bakoitzak ezartzen duenaren arabera.
12. Familiako baratzetan lan egin ahal da?
Bai, elikagaiak jaso ahal dira, mantentze-lanak egin, eta lurra erein eta landatu aurretiko prestaketa-lanak egin ahal dira, baita lurra landatu, erein, ureztatu eta ongarritu ere.
Ohiko bizilekua dagoen herriaren ondoko baratzeetara joan ahal da, baita beste herri batzuetan daudenetara ere, beharrizanagatik.
Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira.
Lekualdatzea justifikatzeko baratzearen jabetza-dokumentua erakutsi ahal izango da.
13. Nekazaritzako elikagaien establezimenduak eta kooperatibak.
Ireki ahal dira, maila profesionalean zein partikularrean animalientzako elikagaiez eta nekazaritza-ekoizpenerako beharrezkoak diren produktuez hornitzeko helburuarekin.
14. Hotelak, apartahotelak, landa-etxeak, turismo-ostatuak eta kanpinak irekitzea.
Ireki ahal dira, baina eremu komunak ezin izango dira erabili eta higiene-arloarekin lotutako murrizketak egon beharko dira.
15. Eraikinetako lanak.
Eraikinetan obrak egin ahal dira, baldin eta obrako lanekin erlazionatuta ez dauden pertsonekin interferentziarik eragiten ez badute.
Obrak egin ahal dira lokaletan, etxebizitzetan edo inor bizi ez den eraikineko eremu mugatuetan, edo obrek irauten duten bitartean han bizi direnak sartu ezin diren eremuetan eta beti ere baldintza hauekin:
Sektorizatu gabeko eremu komunetatik langileak eta materialak zirkulatzea mugatuta egon behar da eta eraikineko auzokideekin harremanetan ez egoteko hartu beharreko neurriak hartu behar dira.
Lokal, etxebizitza edo eremu horietara sartuko dira lanaldiaren hasieran eta horietatik aterako dira lanaldiaren amaieran.
Profesionalak, zerbitzua ematea eta muntaketa etxebizitzetan eskaintzen dituzten dendek lan horiek egin ahal izango dituzte, baldin eta eragindako edo arriskuko pertsonak ez badaude eta beti ere segurtasun-neurriak mantenduz.
16. Ostalaritzako eta jatetxeetako terrazak ireki daitezke?
Bai, iazkoaren aldean, %50eko mugarekin. Edonola ere, mahaien arteko gutxienez 2 metroko distantzia-fisikoa gorde behar da beti.
Dena den, udalek mahai kopurua handitu dezakete, baldin eta azalera ere proportzionalki handitzen bada.
Terrazetan jendea elkartu daiteke, edariak eta janaria kontsumitzeko, gehienez ere hamar pertsona mahai edo mahai-talde bakoitzeko. Ordutegi-muga itxiera-ordutegia izango da, 23:00ak.
Terraza-zerbitzuan beti higiene- edota prebentzio-neurriak bete behar dira, baita langileentzako higiene- edota prebentzio-neurriak ere.
Elkarte-gastronomikoen, txokoen eta aisialdirako-lonjen barruan ezin izango da jarduerarik egin, itxita jarraituko baitute.
17. Kultura- eta aisialdi-jarduerak?
Ekitaldi eta ikuskizun kulturalak egiten diren establezimenduek, lokalek eta liburutegiek eta museoek itxita jarraituko dute.
18. Pertsona talde mugatuekin turismo aktiboa edo natura-turismoa egitea badago?
Bai, baldin eta turismo aktiboko edo natura-turismoko enpresek antolatuak badira. Gehienez ere, hamar pertsona elkartu daitezke, eta beti ere lurraldetik mugitzeko mugak errespetatuta.
19. Estatu mailako joko publikoaren entitate emakidadunak.
Berriz jendearentzat ireki daitezke, salbu eta merkataritza-zentroen barruan dauden eta kanpotik zuzeneko aparteko sarrerarik ez duten horiek.
JOAN-ETORRIEI ETA IZAERA SOZIALEKO NEURRIEI BURUZ
1. Langileek ziurtagiri edo agiriren bat eraman behar al dute beren lanera oinez edo autoz joatean?
Ez da nahitaezkoa, baina komeni da lanerako joan-etorrietan eramatea.
Eusko Jaurlaritzak erantzukizunpeko adierazpen-eredu bat eman du, BOEn ere beste bat argitaratu da. Horien antzeko beste batzuk ere baliozkotzat jotzen dira.
Ziurtagiria eraman ezean, emandako informazioa baloratuko da eta zalantzarik sortuz gero, egin beharreko konprobazioak egingo dira.
2. Pertsona bat ibil al daiteke bide publikoetan?
Pertsonek honako kasu hauetan zirkulatu ahal izango dute bide edo eremu publikoetatik:
- a) Elikagaiak, produktu farmazeutikoak eta behar-beharrezkoak direnak erosteko eta, ezarritako baldintzen arabera, deseskalatze-prozesuko 0 eta 1 Fasean baimendutakoak ere bai (esaterako, txikizkako merkataritza-lokaletara, ileapaindegietara joateko,etab.)
- b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joateko.
- c) Lantokira joateko, lan egitera edo jarduera profesionala edo enpresariala egitera.
- d) Ohiko bizilekura itzultzeko.
- e) Adinekoei, adingabeei, mendekoei, desgaitasuna duten pertsonei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntzeko eta zaintza emateko.
- f) Finantza-entitateetara, aseguru-entitateetara, notaritzetara, abokatuengana, gestorietara edo finken administrazioko bulegoetara joateko.
- g) Ezinbesteko kausagatik edo premia-egoeragatik.
- h) Antzeko beste jarduera batzuk egiteko.
Euskal Autonomia Erkidegoaren eta haren lurraldeen eremuan joan-etorriak egin daitezke, heziketa- eta prestakuntza-arrazoiengatik, edo adinekoak, adingabeak, menpekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonak zaintzeko edo haiei laguntzeko bada, edo ezinbesteko arrazoiengatik edo horien antzeko beste edozein arrazoirengatik.
14 urtetik beherakoak heldu arduradunarekin joan ahal dira, heldua baimendutako jarduerak egitera joaten denean.
Zerbitzuak edo produktuak erosteko joan-etorriak bizilekua dagoen udalerrian edo horren ondoan dauden establezimendu eta lokal baimenduetara joateko izan behar dira, salbu eta zerbitzua edo produktua lokal edo establezimendu horietan ez badago.
Autonomia Erkidegoaren barruan, beharrizana badago, ilobak zaintzera joan ahal da edo ilobak beste leku batera eraman ahal dira, senideek zain ditzaten.
Hala ere, joan-etorriak ahalik eta gehien murriztea gomendatzen da.
Aire zabalean egiten den jarduera fisiko ez profesionalaren erregulazioa (paseoak eta banakako kirola).
Zer baldintza bete behar dira jarduera fisikoa egin ahal izateko?:
- 14 urtetik gorakoa izatea.
- Kirol indibidualeko jarduera izatea, beste batekin kontakturik izan gabe egiten dena.
- Egunean behin, ezarritako ordutegi-tarteen arabera. Ez dago denbora mugarik.
Non egin ahal da?:
- Bizilekua dagoen udalerriko edo horren ondoko udalerriko edozein bide edo esparru publikotan, natura-eremu eta berdeguneetan ere bai.
- Ezin da kirol-instalazio itxietan egin.
- Bakoitza bizi den udalerriaren barruan edo horren ondoko udalerrian mendira joan daiteke edo beste kirol bat egin (esaterako, txirrindularitza), eta hara joateko norberaren autoa ere erabil daiteke, baina jarduera banaka edo harekin bizi diren familiako pertsonekin egin behar da.
Paseoak nola egingo dira?
- Paseoak banaka egin ahal izango dira, edo norberarekin bizi diren pertsona gehiagorekin edo norbera zaintzen duen pertsonarekin, beti ere, ezarritako ordu-tarteen barruan eta bakoitzaren udalerrian edo horren ondokoan.
Kontaktu fisikoa eskatzen ez duen banakako kirola nola egingo da?
Banaka egin behar da, salbu eta lagunduta joatea behar-beharrezkoa bada, eta norbera bizi den udalerriaren barruan edo horren ondokoan. Hala ere, beharrizanagatik lagunduta atera behar duten pertsonak haiekin bizi den norbaitekin edo haien etxeko langilearekin edo zaintzaile ofizialarekin aterako dira
Senderismoa egin ahal da?
Bai, lehiazkoa ez den kirol-jarduera baita.
Eta kirol- edo aisialdi-ehiza eta kirol- edo aisialdi–arrantza?
Ez daude baimenduta.
Kutsatzeak eragozteko zer egin behar da?
- Arau orokor gisa, jarduera horietan, beste pertsonekiko gutxienez 2 metroko tartea gordeko da.
- Beharrezkoa ez bada, ez da geldialdirik egingo.
Zeintzuk dira banakako kirola eta paseoak egiteko ordu-tarteak?
- 14 urtetik gorakoak 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara.
- 70 urtetik gorakoak eta menpekotasuna daukaten pertsonak (haiekin bizi den batek lagunduta atera behar dutenak) 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.
- Salbuespenez, osasun-arrazoiengatik eta kontziliazio-arrazoiengatik egin ahal izango da jarduera fisikoa ezarritako ordu-tarteetatik kanpo.
- 5.000 biztanletik beherako udalerrietan ez da ordu-tarterik ezarriko eta aipatutako jarduera guztiak egin ahal izango dira 06:00etatik 23:00etara. Hala ere, jarduera 5000 biztanletik gora dauzkaten ondoko udalerrietan egiten bada, udalerri horretarako ezarritako ordu-tarteak errespetatu beharko dira.
Eta kirol-jarduera profesional eta federatua?
Kirolari profesionalek entrenamenduak egin ahal dituzte, banaka, aire zabalean eta bizi diren probintziako mugen barruan. Entrenamenduen iraupena eta ordutegia, kirolerako sasoi fisikoa mantentzeko beharrezkoa dena izango da. Beste pertsona bat ere egon ahal da, entrenatzaile-lanak egiten, baina segurtasun-neurriak errespetatu behar dira.
Kirol profesionalak direla egiaztatzeko erabili ahal da kasuan-kasuko federazioak emandako kirol-lizentzia edo goi mailako kirolaria izatearen ziurtagiria.
Aurreko paragrafoaren barruan sartzen ez diren kirolari federatuek entrenamenduak egin ahal dituzte banaka, aire zabalean, egunean bi aldiz, 6:00etatik 10:00etara bitartean eta 20:00etatik 23:00etara bitartean eta bizi diren udalerrian edo horren ondokoan. Kirolari federatuak direla egiaztatzeko kasuan kasuko federazioak emandako kirol-lizentzia erabili ahal dute.
Arau orokor gisa, jarduera horiek egitean pertsonen arteko gutxienez 2 metroko tartea gordeko da eta bizikletak, patinak edo horien antzeko zerbait erabiliz gero, hamar metroko tartea gorde beharko da. Gutxienezko distantzia horiek betetzea ez da eskatuko, kirol egokitua bada.
Kirolari profesionalak zein federatuak kirola egitera ibilgailu motordunez edo garraio publikoz joan ahal dira, beti ere ezarritako gehienezko lurralde-mugen barruan.
Bi kasuetan, kirol egokitua edo paralinpikoa egiten dutenek beren kirol-jarduera beste kirolari batek lagunduta egin ahal dute, baldin eta ezinbestekoa bada. Horrelakoetan, pertsonen arteko segurtasun-tarteak kirola praktikatu ahal izateko beste murriztuko dira, bi kirolariek aurpegiko maskara erabili beharko dituzte eta norberaren higienea zein kasu bakoitzean beharrezkoa den arnas-etiketa bermatzeko egokitzat jotzen diren neurriak aplikatuko dira.
Kirol-jarduera federatuaren barruan, animaliek parte hartzen duten kirol-jardueren kasuan, kirola aire zabalean eta banaka egin ahal da, animaliak dauden lekuan, aldez aurretiko hitzordua eskatuta eta denbora-tarte horretan.
14 urtetik beherako eta 70 urtetik gorako kirolari federatuak kirola banaka eta aire zabalean (ez instalazioetan) egin ahal dute, ezarritako ordu-tarteetan, egunean bi aldiz, haien udalerriaren barruan eta entrenatzailerik gabe, hau da, gainerako kirolari federatuen baldintza berberetan.
3. Eta 14 urtetik beherakoen joan-etorriak?
14 urtetik beherakoek egunean paseo bat eman ahal dute, haiekin bizi direnekin edo heldu arduradun batekin. Heldua gehienez ere hiru umerekin joan ahal da. Irteera etxearen inguruan egingo da eta 12:00etatik 19:00etara. (salbu eta 5000 biztanletik beherako udalerrietan, horietan ez baitago ordu-tarte mugaturik).
Heldu arduraduna umearen gurasoa, edo legezko edo izatezko zaintzailea, harrerako gurasoa edo kuradorea ez bada, heldu horrek horien aldez aurretiko baimena izan beharko du.
Gehienez, ordubete atera ahal dira 12:00ak eta 19:00ak bitartean. Norberaren udalerriko edo ondoko udalerriko erabilera publikoko edozein esparrutatik edo bidetatik ibili ahal dira, baimendutako berdeguneetatik eta natura-guneetatik ere bai, eta hirugarren batzuekin gutxienez bi metroko tartea gorde behar da. Aire zabaleko haurrentzako aisialdieremuetara ezin da sartu, ezta kirol instalazioetara ere.
Umeek beren jostailuak erabili ahal dituzte, baina ezin dituzte familiakoak ez diren beste pertsona batzuekin partekatu.
4. Etxebizitzetan talde txikiak harreman sozialetarako elkartu ahal dira?
Ez.
5. Osasun-arazoak dituzten pertsonak atera ahal dira etxetik ezarritako ordutegietatik kanpo?
Bai, baldin eta jarduera zehatz bat egin beharra ezartzen duen mediku-ziurtagiria edo justifikantea baldin badaukate erakusteko.
6. Azalera handiko saltokietara edo horien antzekoetara erosketak egitera joatea baimenduta dago?
Elikagaiak edo baimendutako produktuak erostera joateko, ahalik eta joan-etorri gutxien egin behar dira, eta hurbileneko tokietara joan behar da. Azalera handiko saltokietara edo horien antzekoetara joan ahal da, bakoitza bizi den udalerritik hurbil badago.
Horrez gain, ohiko bizilekutik lantokira edo lantokitik ohiko bizilekura doan ibilbidean dauden saltoki eta azalera handietara erosketak egitera joatea baimenduta dago.
7. Mendekotasuna duten familiartekoak bisitatu al daitezke?
Bai, laguntzeko eta zaintzeko.
8. Mendekotasuna daukan pertsona bat naiz. Arreta ematen didan pertsona etorri ahal izango da?
Bai.
9. Adingabeen zaintza aldatzeko mugitu al naiteke?
Bai.
10. Utzi al ditzaket seme-alabak normalean zaintzen dituen pertsonaren kargura lanera joan behar badut?
Bai, adingabeak edo mendekoak zaintzea dela ulertzen da.
11. Jaitsi al daiteke zaborra kalera?
Bai, hurbilen dagoen gunera, eta ezinbestekoa den denboran.
12. Maskota kalera atera dezaket?
Onartutako neurri berrien arabera, paseatzera edo kirola egitera ateratzean edo haurren irteera kontrolatuetan txakurrak ere eraman daitezke, beti ere udal ordenantzak errespetatuz, osasun- eta higiene-neurriak gordez eta jende gehiegi ez dabilela zainduz.
Horrez gain, maskota banaka edo 14 urtetik beherakoek lagunduta ateratzeko aukerak indarrean jarraitzen du, behar beste denboraz eta bizilekutik hurbil.
13. Joan al daiteke parkera, hondartzara edo mendira?
Bai, paseatzeko, kirola egiteko edo haurrak ateratzeko onartutako neurriek mugen barruan.
14. Hondartzetan egin daitezkeen jarduerak.
Paseoa eman edo kirola egin daiteke hondartzan zein itsasoan, kasuan kasuko udalerriak ezartzen duenaren arabera. Aisialdi-bainuak ez daude baimenduta, ezta geldi egonda eguzkia hartzea ere.
15. Zeintzuk dira, lurreko garraioan, ibilgailuetan joan ahal izateko baldintzak?
Bederatzi plazara arteko ibilgailu pribatuetan ilara bakoitzean pertsona bakar bat joan ahal izango da, diagonalean eta aurpegiko maskara erabili beharrik gabe. Ilara bakoitzean bi pertsona joateko aukera ere badago, baina kasu horretan aurpegiko maskara eraman behar dute.
Etxe berean bizi direnak ibilgailu berean joan ahal dira, ibilgailuak baimenduta dituen lekuen muga errespetatuta, eta aurpegiko maskara erabili beharrik gabe.
Ibilgailu batzuetan, beren ezaugarri teknikoengatik, eserlekuen ilara bakar bat egoten da, esaterako, ibilgailu astunen kabinetan, furgonetetan edo beste batzuetan. Horrelakoetan, gehienez ere bi pertsona joan ahal dira eta aurpegiko maskarak jarri behar dituzte.
Bederatzi plazara arteko (gidaria barne) bidaiarien ibilgailu publikoetan gidariarena ez gainerako ilara gehigarri bakoitzean bi pertsona ere joan ahal dira, eta bidaiarien artean gorde ahal den gehienezko distantzia gorde behar da. Bidaiariak etxe berean bizi badira, ordea, hiru pertsona ere joan ahal dira.
Bidaiarien garraiobide publikoetan erabiltzaile guztiek aurpegiko-maskarak erabili behar dituzte eta Osasun-Agintaritzak ezarritako neurriak errespetatu. Bidaiarien arten gutxienez metro eta erdiko distantzia, eta ahal bada bi metrokoa, gorde behar da derrigorrez, eta komeni da distantzia hori sarreretan aretoetan eta itxaroteko eremuetan ere mantentzea.
Autobusetan gidariaren atzeko lehen eserlekua beti hutsik egon behar da eta baimentzen diren gehienezko eserlekuen erdiak baino gehiago ezin dira okupatu. Bidaiarien ondoan eserleku huts bana egon behar da, beste bidaiari baten ondoondoan eserita ez egoteko, baina hori ez da beharrekoa elkarrekin bizi diren pertsonen kasuan.
16. Motozikleten, ziklomotoreen eta L kategoriako ibilgailuen okupazio-baldintzak zeintzuk dira?
Bi pertsona joan daitezke, baldin eta biseradun kasko integrala badaramate edo aurpegiko maskarak erabiltzen badituzte edo etxe berean bizi badira. Eskularruak erabiltzea derrigorrezkoa da.
17. Joan al naiteke familiarteko baten bila aireportura, geltokira...?
Ez. Bakarrik baimenduta dago adinekoei, adingabekoei, menpekotasuna dutenei, desgaitasuna duten pertsonei, edo bereziki zaurgarriak diren pertsonei laguntzeko denean.
18. Joan al daiteke odola ematera?
Bai, osasun-agintaritzak deituta eta neurriak hartuta.
19. Joan al daiteke bigarren bizilekura?
Ez.
20. IAT iraungita daukan ibilgailu batekin zirkulatu ahal da.
Errege Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarria kontuan hartuta, Sektore Publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko epeak etenda geratu dira, eta berriz hasiko dira, haren indarraldia amaitzen denean. Egoera horietan zirkulatu daiteke.
IAT estazioak ireki arren, epeek etenda jarraitzen dute.
Hala ere, ez da inola ere onartuko gauden urtea baino lehenagoko muga-eguna badu.
21. Baserrietan edo landa-eremuetan dauden animaliei jaten emateko joan-etorriak egin daitezke?
Bai.
22. Ordezkaritza sindikaleko eta patronaleko jarduerak egiten dituzten pertsonek zirkulatu dezakete eta joan-etorriak egin?
Bai, baldin eta joan-etorri horien helburua langileei eta enplegatzaileei asistentzia bermatzea bada.