Denboraldia amaitutzat eman dute

Aiurri 2020ko mai. 14a, 11:45

Koronabirusaren pandemia dela medio kirol txapelketa ezberdinek denboraldia eten behar izan zuten egoera hobetu arte; baina denbora aurrera joan ahala egoerak ez zuen hobera egiten, beraz, azken egunotan erabakiak hartu behar izan dituzte federazioetatik. Kirol gehienetan denboraldia amaitutzat eman dute. Aiurrik  zenbait kirol arduradunekin hitz egin du, bertako egoera zein den jakiteko.

Futbolari dagokionez Gipuzkoako Futbol Federazioko Zuzendaritza Batzordeak ostiralean (maiatzak 8) denboraldia amaitutzat jo zuen eta ohar baten bitartez mailaz igo diren taldeak zerrendatu zituen, tartean kadete mailako Euskalduna taldea. Zuzendaritza Batzordeak nabarmendu duenez, multzo ezberdinetan zeuden bi taldeen artean aukeratzeko, ratio hoberena zuten taldeak hautatu ziren.

Euskaldunako Ohorezko Erregional mailako taldeak mailari eutsiko dio, eta kadete eta infantil txiki mailako taldeek igoera ziurtatu dute

Esanak esan, emaitzetan ikus daitekeenez Euskaldunako Ohorezko Erregional mailak ez du denboraldi ona burutu eta soilik 17 puntu lortu ditu, beraz, azken postuan kokatzen da. Hala ere, postua ohorezko mailari eutsiko dio, ez baitute talderik mailaz jaitsiko. Arestian aipatu bezala, kadete taldea ohorezko mailara igo da. Horrez gain, hurrengo denboraldian Infantil Txiki mailako taldeak Ohorezko Infantil mailan jokatuko du azken partidetako emaitza honak direla eta.

Saskibaloiaren kasuan, berriz, jaitsierak eta igoerak ez dira burutuko. Andoainen Zurrut eta Ganbara taldeak daude, eta oro har denboraldi ona egin ez duten arren, ez da jaitsierarik egongo eta maila berdinean jokatuko dute hurrengo denboraldian.

Eskubaloiean oraindik erabakiak hartzeko eta neurriak zehazteke daude. Hala ere, esan daiteke ez direla jaitsierak egongo liga askotan gertatzen ari den bezala. Urnietako emakumezkoen senior taldea esaterako, bigarren postuan egonda igotzeko aukera eduki dezake, baldin eta, federazioak ligako talde kopurua handituko balu. Ez da ziurra, baina pasa liteken egoera da.

Esku pilotan benjamin, alebin eta infantil mailako txapelketak bertan behera geratu dira. Bestalde, kadeteetatik gora ez dago garbi zer gertatuko den. Herriartekoarekin ere zalantza da nagusi, baina txapelketa guztiak bertan behera geratzen ari direnez, ziurrenik txapelketa hau ere ez da ospatuko.

Eskola kiroleko jarduera guztiak ere bertan behera geratu dira koronabirusak sor dezakeen arriskuengatik. Erabaki hauek kirolarien eta ingurukoen osasuna bermatzeko hartu dira.

Oharra: informazioa eguneratzen joango gara kirol federazioek esaten dutenaren arabera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!