COVID-19ak eragindako osasun-krisiak hankaz gora jarri du gure egunerokoa. Bizi dugun ezohiko egoerak eragina du gure bizitzako alor guztietan, baita gure herrietako haur, gazte eta nerabeen aisialdiarengan ere.
Aduna, Larraul eta Alkizako Udalak gure herrietako haurrentzat ludoteka eta udalekuak eskaintzeko asmoz antolaketa lanetan hasita gaude jada. Koronabirusaren eraginez, baina, gaur gaurkoz, dena airean dago. Momentuz, ez dakigu aurtengo ludoteka eta udalekuekin zer gertatuko den: ez dakigu egiteko modurik izango ote dugun eta egitekotan noiz eta zein baldintzatan egingo diren.
Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariekin harremanetan gaude eta unean uneko informazioa jasotzen ari gara, baina, tamalez, ez dugu inolako informazio zehatzik. Egoera horren aurrean, eta Aldunditik emandako gomendioak jarraituz, hiru Udalok antolaketa lanetan jarraitzen dugu. Esate baterako, begiraleen aukeraketa prozesua egina dago jada.
Esan bezala, ordea, une honetan ezin dizuegu ludoteka eta udalekuei buruzko argibiderik eman. Hori bai, jakizue gaia gertutik aztertzen ari garela eta lanean jarraitzen dugula.
Bizi dugun osasun-krisiari aurre egiteko hartzen diren neurrien eta jasotzen ditugun aginduen arabera erabakiko dugu ludoteka eta udalekuekin zer egingo dugun. Edozein kasutan ere, informazio zehatza dugunean jakinaren gainean jarriko zaituztegu.