Landa eremuetan bizi diren herritarrek ederki dakitenez, baserriko lanek ez dute etenik. Aste eta jai, lanean aritzen dira baserritarrak. Eta halaxe izan da koronabirusaren garaian ere. Hainbat lantoki, denda eta tabernatako ateak itxita, edota kale eta eskolak hutsik zeuden bitartean, baserritarrek euren lanari eutsi diote.
Lanak etenik ez izateak ez du esan nahi, ordea, baserriak birusaren ondoriorik pairatu ez duenik. Baratzetik bildutako produktuen salmenta zaildu zaie askori, hozkailuetan gaztak pilatu dira, saldu ezinik, eta zenbait produkturen prezioek behera egin dute nabarmen.
Lehendik ere egoera zailean zegoen baserria, eta krisialdi potoloa aurreikusten dute etorkizunerako. Administrazioaren laguntza eskatzen ari da sektorea, eta baita gizartearena ere. Bertako produktuak erosiz sektorea babesteko deia zabaldu dute. Azpisektore ezberdinetan dabiltzan baserritarrak elkarrikeztatu ditu Aiurrik, 560 alean.