Nola nabaritu duzue koronabirusa zuenean?
Kolpera etorri zitzaigun. Bertako produktuekin egiten dugu lan, eta ekoizleak oso gertu ditugu. Ekoizleen artean, egoera ezberdinak izan dira. Euren produktua salmentara bideratuta dutenek, nahiko ondo eutsi diote. Kontsumitzaileok, bezerook, egunero jaten dugu. Kanal ezberdinak ere erabiltzen ditugu salmentarako, eta horrek, egoera nahiko egonkorra izaten lagundu digu. Zenbaitetan, salmenta kanalak aldatu egin dira eta ekoizleek mugitu beharra izan dute alarmak ekarritako zailtasunei aurre egiteko, baina, orokorrean, ondo moldatu dira. Arazo handiagoak izan dituzte euren produktuak ostalaritzara bideratzen zituzten ekoizleek.
Ohitura aldaketaren bat sumatu al duzu aste hauetan?
Nik uste zer pentsatua eman diola jendeari. Gure elikagaiak bertan ekoizteko ahalmena eduki behar genukeela konturatu gara. Herrietako denda txikiak nahiko ondo ibili dira alarma egoeran, eta horri eutsi beharko genioke. Alarma egoeran, sukaldera itzuli gara eta produktu freskoen salmenta igo egin da. Ez dakigu joera hori mantendu egingo den, baina nik uste jendeari eman diola zer pentsatua. Gizakiok etxean sartu gara eta airea garbitu egin da, naturak bere bidea egin du. Nik uste irakaspen handiak eman dizkigula egoera honek.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Ekoizleek lan egin behar dute, administrazioak ere neurriak hartu behar ditu, eta gizarteak ere bere konpromisoa erakutsi behar du. Baserrian hasten den gazteak bere baldintza duinak behar ditu, soldata duina... Bestela, industriara bideratuko du bere lan jarduera. Sektorea profesionalizatu egin behar da. Hori zuzentzeko, konpromiso handiak hartu behar ditugu guztiok.
Ondo aztertu beharra dago ekoizle bezala zer egin eta kontsumitzaile bezala zer egin... Elkarren arteko itun bat lortu behar dugu. Kontsumitzaileak izan ditzala eskura bertan ekoitzitako kalitatezko produktuak, prezio duinetan, eta ekoizleak izan dezala bere produktuak saltzeko aukera.
Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 560 zenbakian
-----------------------------------------------------------------------------------------------------
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.