Bigarren fasera pasa garen honetan, Euskal Herriko sagardotegiek ateak irekitzeko aukera dute, barrualdean zein terrazetan % 50eko aforoa eta segurtasun distantziak errespetatuta. Ez dira sagardotegi guztiak izango ateak irekiko dituztenak, txotx garaian bakarrik irekitzen duten askok 2020ko sagardotegi denboraldia bukatutzat eman baitute, baina beste askok bai irekiko dituzte uda garaiari helduz. Botilako Euskal Sagardoa izango da protagonista kasu askotan, jendeak kapsula eta sagartxo gorri eta doratuko uzta berriko sagardoak punturik onenean dastatzeko aukera izango du.
Sagardogileek emango dituzte uzta berriko sagardoaren ezaugarriak eta kontsumitzaileek Euskal Sagardoa etxera eramateko aukera ere izango dute. Horrez gain, taberna, jatetxe eta elkarte gastronomikoak ere ari dira ateak irekitzen, eta bertan ere Euskal Sagardoa dastatu eta gozatzeko aukera izango dute sagardozaleek.
Sagardo sektoreak modu bateratuan itxi zuen txotx garaia eta oraingo pausoa ere bateratuta ari da ematen. Sagardotegi bakoitzak erabakiko du ireki hala ez eta bakoitzak bere neurrira egokituko du hemendik aurrerako eskaintza, protokoloak eskatzen dituen arau guztiak errespetatuta. Hori aurrera eraman ahal izateko joan den ostiralean, maiatzak 22an, sektoreak formazio ikastaro trinko bat egin zuen ateak berriro irekitzeko protokoloaren inguruan eta Euskal Sagardoak eskaini litzakeen aukeren inguruan. Bertan 55 sagardotegik hartu zuten parte eta kontuan hartu beharreko puntu nagusiak aztertzeko aukera izan zuten. Ikastaroa Hazi Fundazioa eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren (www.euskalsagardoa.eus) bidez antolatu zen eta bertan Iñaki De La Armada adituak orain arteko protokoloa azaldu zuen, Olatz Mitxelenak (Sagardoa Route) sagardotegien protokolo espezifikoa azaldu zuen eta Unai Agirrek (Euskal Sagardoa) Jatorri Deiturak eskaintzen dituen aukeren eta proposamenen berri eman zuen.
Natura ingurunea, espazio zabalak, eta zerbitzuaren egokitzea dira egun sagardotegiek eskaintzen dituzten aukera nagusiak: zerbitzua eserita izango da, Euskal Sagardoa botilan kontsumituko da hein handi batean eta txotxa egiteko aukera ere izango da kasuren batzutan, baina betiere oso puntualki eta talde txikitan.
Euskal Sagardoak eta sektoreak uzta berria aurkezteko prentsaurrekoa eskainiko du ekainaren 11n, eta bertan sagardoaren ezaugarriez gain, sagardotegien irekieraren nondik norakoak aurkeztuko dira, azken hilabeteotako balorazioa eta sektoreak hartutako erabaki, neurri eta helburuak.
Sagardotegiak ari dira erreserbarako aukerak aktibatzen eta Sagardoa Routek ere dagoeneko martxan du sagardotegian lekua automatikoki erreserbatzeko motorra eta udarako eskaintza osoa (www.sagardoa.eus). Museoei dagokienean, Sagardoetxea museoak (www.sagardoarenlurraldea.eus), Igartubeiti museoak (www.igartubeitibaserria.eus) ekainaren 2an zabalduko dituzte ateak eta Albaola museoak (www.albaola.com) ekainaren 5ean.
zuzendaritza@euskalsagardoa.eus / 688 645 946