Sagardotegi askorentzat urtarrilean hasten den denboraldia ezinbestekoa da urte osoko lanari etekinak ateratzeko; baina koronabirusak eragindako egoeragatik txotx denboraldia bertan behera geratu behar izan zen. Sagardotegi askok euren negozioak birmoldatu edo itxi behar izan dituzte, datorren denboraldirarte.
Mizpiradi, Aburuza eta Elutxeta, irekitzen lehenak
Alarmaeren bigarren fasera igarota, zenbait sagardotegik ateak irekiko dituzte pandemiak sortutako kalteak murrizteko. Andoaingo sagardotegien kasuan, Mizpiradi dagoeneko ireki dute eta jada erreserba deiak jasotzen ari dira. Aldiz, Gaztañaga sagardotegikoek oraindik ez dakite noiz irekiko duten.
Adunako Aburuza sagardotegiak asteazkenean ireki zituen ateak; Zabalak, berriz, ez da ziurra irekiera noiz izango den, baina datorren asteetan irekitzea espero dute.
Urnietako sagardotegiei dagokionez, Elutxeta izango da ateak irekiko dituen bakarra, datorren ekainak 4an. Oianumek eguneko menuak eta otorduak emango dituela jakinarazi du, baina ez du sagardotegia bere horretan irekiko. Setien, Eula eta Altuna sagardotegiak ez dituzte ateak irekiko, ez behintzat epe laburrean.
II. Fasera sartuta, sagardotegien barrualdea irekitzeko aukera dago aforoaren % 50arekin, eta segurtasun distantziak aintzat hartuta. Horiek denak antolatu eta martxan jarrita, Iparragirre Sagardotegiak ekitaldi bereziar antolatu du. Eñaut eta Unai Agirre anaiak eta Aitor Mendiluze izango dira gonbidatu bereziak. "Bertso jarriak eta berriak" saio berezia eskainiko dute, lehengo bertso zaharrak eta oraingo bat-batekoak uztartuz.
Bertso jarriak eta berriak
Erreserbak Iparragirre Sagardotegira deituta egin behar dira, 943 55 03 28 telefono zenbakira deituta. Osiñaga auzoan dago Iparragirre baserria. Hitzordua datorren ekainaren 6an izango da, 20:30an hasita. Afaria eta bertso saioaren prezioa 35 eurokoa da.