Hirugarren fasean murgilduko da eskualdea, astelehenean hasita

Jon Ander Ubeda 2020ko eka. 7a, 08:42

Ekainaren 8an hasita herrikideak inolako mugarik gabe mugitu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan zehar. Denbora gehiago beharko da Nafarroara edo Lapurdira joan ahal izateko. Gainerakoan, aisialdiari, kulturari eta kirolari lotutako jarduera asko baimenduko dira.

Nekane Murga Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak 3. fasean indarrean sartuko diren neurrien aurrerapena egin zuten.

Mugikortasuna

Euskadi osoan zehar mugitzeko aukera berreskuratuko da. Hauxe da atzokoan adierazitakoa:

  • Mugikortasuna mugagabea izango da EAEko lurralde historikoen artean.
  • Maiztasunak eta edukierak berreskuratuko dira, garraioari dagokionez. Ibilbide osoan maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, eta pertsonen artean segurtasun-distantzia mantentzen saiatu beharko da.

Familia- eta gizarte-bilerak

Osasun-agintariek ezarritako arauak errespetatuz, talde handiagoko bilkurak baimenduko dira:

  • Gehienez ere 20 laguneko familia eta gizarte-bilerak egin ahal izango dira etxebizitza eta lokal pribatuetan edo erabilera publikoko espazio irekietan.

Kontziliazioa eta aisialdiko jarduerak

Araudi berriaren pasarte batzuk irakurrita, argi samar ikusten da udaleku irekiak baimentzeko aukera iradokitzen ari direla. Ez da, ordea, horrelakorik aurreikusten inguruko herriotan. Andoainen behintzat ez dirudi Goazen Jolastera ekimena aurrera aterako denik:

  • Haurtzaindegiak eta haur-eskolak ireki daitezke zero eta hiru urte bitarteko haurrentzat, eta edukiera ohiko gehieneko edukieraren edo ratioaren% 60ra mugatuta.
  • Haur eta gazteei zuzendutako aisialdiko jarduerak berriro hasi ahal izango dira, erakunde eskudunek ezartzen dituzten arauekin bat etorriz, edukiera-muga hauekin:
  • Aire zabalean egiten direnean, jardueraren ohiko gehieneko edukieraren% 60ra mugatuko da parte-hartzaileen kopurua, eta gehienez 200 parte-hartzaile izango dira, monitoreak barne.
  • Gune itxietan egiten direnean, jardueraren ohiko gehieneko edukieraren% 60ra mugatuko da parte-hartzaileen kopurua, eta gehienez 80 parte-hartzaile izango dira, monitoreak barne.
  • Bi kasuetan, jarduerak egiten diren bitartean, parte-hartzaileak gehienez ere 15 taldetan antolatu beharko dira, monitoreak barne.

Ostalaritza, Turismoa, Sozietateak eta Merkataritza

Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen artean bi metroko distantzia fisikoa errespetatzeko arauarekin.

  • Ostalaritzako, jatetxeetako, txokoetako eta elkarte gastronomikoetan edukiera-muga kentzen da, baldin eta mahaien edo, mahai-multzoen artean bi metroko distantzia egokia bermatzen bada. .
  • Merkatalguneetan gehieneko edukiera %60koa izango da.
  • Hoteletako eta turismo-ostatuetako eremu komunak, %60ko edukiera-mugarekin, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-distantziari eutsita.
  • Turismo aktiboko eta izaera eta jarduera fisikoko jarduerak: Gehienez 30 pertsonarekin egin ahal izango dira, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-distantzia errespetatuz.

Kultura-jarduerak, aisialdia eta azoka-esparruak.

Basteron, Gurean edota Saroben ekitaldiak antolatzeko aukera zabaltzen da, baita aire zabalean egiten direnak ere.

  • Liburutegiak, museoak, azoka-esparruak, erakusketa-aretoak eta zinemak: %60ko edukiera, gehienez.
  • Leku itxietako kultura-jarduerak: baimendutako edukieraren %60koa izango da baimendutako gehieneko edukiera, gehienez ere 80 pertsona, aurrez esleitutako besaulkiarekin.
  • Aire zabaleko kultura-jarduerak: baimendutako edukieraren %60ko izango da baimendutako gehieneko edukiera, gehienez ere 1.000 pertsona, eta eserlekua aurrez esleituta egongo da.

Kirola

Allurraldeko igerilekua zabaltzeko aukera egon daiteke, araudi berriaren arabera. Galarretan, bestalde, erremontea berriro martxan ikusiko dugu laster.

  • Kirol-instalazioetan, igerilekuak barne, baimendutako edukieraren % 60koa izango da baimendutako gehieneko edukiera. Aldagelak eta dutxa-guneak erabil daitezke, pertsonen arteko gutxieneko distantzia errespetatuz.
  • Talde-entrenamenduei berrekitea baimentzen da, kirolarien arteko elkarrekintzarekin, arrauneko, banku finkoko eta pilotako kiroletan, diziplina guztietan.
  • Gainerako kirol-diziplinetan, taldean praktikatzea eta entrenatzea baimenduta dago, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-distantzia betez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!