Jaiak ere ezberdinak izango dira aurten

Aiurri 2020ko eka. 12a, 08:11

© Olaia Zapirain | ilustrazioa

Txupinazoa, herri afaria, parranda, zaldiko-maldikoak, erraldoi eta buruhandiak, danborrada, erromeria, kontzertua... Eskualdeko jaietan ez da horrelakorik falta izaten. Aurten, ordea, koronobirusak etena ekarri du. Etena ekarri du egunerokotasunean, etena jaietan. Inguruko herri eta hiriek bezala, eskualdeko herriek ere jakinarazi dute aurten ez dela ohiko jairik izango. 

Beste modu batera bada ere, egun bereziak ospatzeko gogoak, ordea, bizirik dirau, eta ekitaldi ezberdinak antolatuko dituzte han eta hemen. Beharrezko segurtasun neurriak hartuz eta protokoloak betez, ahal den neurrian, jai-giro eta ospakizunari eusteko borondatea badago. Ospakizun horiek zein forma izango duten zehazteke dago oraindik kasu gehienetan, baina jai batzorde, Udal eta eragile ezberdinek badute ekitaldiren bat edo beste antolatzeko asmo eta gogoa. 

San Juan bezpera

Egutegiari begiratuta, San Juan bezpera ate joka da. Oraindik erabat zehazteke badago ere, herrietako plazan pizten den su handirik ez da izango aurten eskualdean. Ohiko izaten da urteko gaurik motzenean suaren inguruko dantza, kanta, musika edota herri-afariak egitea. Aurten ezingo da ekitaldi jendetsurik egin, eta oraindik ekitaldiari zein forma eman erabakitzen ari dira eskualdeko zenbait herritan. Datozen egunetan joango dira zabaltzen hartutako erabakien inguruko berri zehatzagoa. 

Sanpedroak

Sanpedroak izaten dira egutegiko hurrengo jaiak. Ederki dakite hori Asteasun eta Andoaingo Kaletxikin. Asteasun, ohiko jairik ez dute izango, baina San Pedro egunean ekitalditxo batzuk izango dira, adin guztietako herritarren gozamenerako. Hala azaldu du Joxe Ramon Aierza zinegotziak: “Argi zegoen ezingo zirela ohiko festak egin, baina San Pedro egunean ekitaldi sinbolikoren bat egin nahi genuen, eta hala erabaki genuen azken bileran. Segurtasun neurri guztiak errespetatuz, herrian jai-giroa egon dadila nahi dugu. Haurrentzako ekitaldiren bat antolatuko dugu, herriko musikariek euren kalejira egingo dute, eta bertsolarien saioa lotuta dago. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin eta Haritz Mujika arituko dira bertsotan, Amaia Agirreren gidaritzapean”.

Kaletxiki

Andoaingo Kaletxikin ere Sanpedroak izaten dituzte. Ontza elkarteko kideek egin ohi dituzte antolaketa lanak. Festa bizi-biziak izaten dira auzokoak, oso maiteak. Aurtengo egoera ikusita,  jairik ez antolatzeko erabakia hartu zuten elkarteko kideek. Bizilagun talde batek, ordea, lekukoa hartu eta ekitaldiren bat antolatzeko erabakia hartu zuen. Halaxe jakinarazi zuten, ohar bidez: “Ontza elkarteak aurtengo jaiak bertan behera uztea erabaki eta gero, Kaletxikiko auzokide batzuek aurtengo jaien ardura beraien gain hartzea erabaki dute, bizi dugun egoerari aurre egin eta auzoa alaitzeko. Egoera honen barruan festa desberdinak izango dira, beti ere osasun neurri guztiak hartuz, gure auzo kuttun hau alaitzeko jai bereziak antolatzea erabaki da. Festak ekainaren 26, 27 eta 28an izango dira. Gora Kaletxiki! Gora Ama Kandida!”.

Santamañak

Uztaila erdialdean egiten dituzte Santamañak Asteasun. Joxe Ramon Aierza zinegotziak azaldu duenez, “aztertzen ari gara auzoko jaiekin zer egin. Ermita inguruan ez dago toki askorik, eta segurtasun tartea zaintzeko zailtasunak izan ditzakegu. Polita litzake zerbait antolatzea, baina ondo aztertu beharra dago. Hemendik uztaila bitarte aldaketa handiak gerta daitezke egoera orokorrean, eta horregatik, aurrerago hitz egitekotan geratu gara”.

Santioak 

Amasa-Villabonako Udalak maiatzean iragarri zuen Santio jairik ez dela izango. Nolanahi ere, herri gehienetan gertatzen ari den bezala, ez dute baztertzen Santioak direla gogoraraziko duen ekitaldiren bat egin ahal izatea. Segurtasun neurriekin bateragarriak izango diren formulak lantzen ari dira jai batzordeko kideak. Datozen asteetan zehar joango dira jakinarazten jaien inguruan hartutako erabakiak. 

Sanestebanak

Larraulen, bertan behera geratu dira San Esteban eta San Bartolome jaiak. Hala jakinarazi zuten maiatza amaieran. Maite Arana alkateak eman ditu azalpenak: “Herritarrekin bilera ezberdinak egiten ari gara, San Esteban egunean zer egin dezakegun erabakitzeko. Egun handia izaten da San Esteban eguna, eta zerbait egiteko borondatea badugu, segurtasun neurriak betez, noski”. Herritarrekin batera erabakiko dute, beraz, zer egin daitekeen herrian jai-giroa pizteko. 

Andramariak

Adunan, bilera ezberdinak egin dituzte azken asteotan, jaien inguruko erabakiak hartzen joateko. Xabier Zabala zinegotziak azaldu duenez, “momentuz behintzat, festak ez ditugu bertan behera utzi. Oraindik bi hilabete falta dira Andramari jaiak iristeko eta egoerak hobera egin dezakeela uste dugu. Inguruko herriek zer eta nola egiten duten ere ikusi nahi dugu denbora tarte honetan. Argi dugu ezingo ditugula ekitaldi jendetsuak antolatu eta aforo neurriak errespetatu beharko ditugula. Adunako jaiak nahiko jai herrikoiak dira eta badira zenbait ekitaldi, egiteko modukoak direla iruditzen zaizkigunak. Pixkanaka, zer eta nola egin erabakitzen joango gara, egoeraren arabera”. 

Adunan bezala, Andramariak ospatzen dituzte Zizurkilgo herrigunean ere, eta handik hiru bat astera, irailean, Elbarrenako jaiak izaten dituzte. Aurten, bi guneetako jai batzordeak eta Udala elkarlanean ari dira, herriko jaiei zein irtenbide eman erabakitzeko: "Zizurkilgo bi festa batzordeetako kideak egoera aztertzen ari gara Udalarekin elkarlanean. Jakina da aurten Zizurkilen ere ez dela ohiko festarik izango.  Festa batzordeok datozen egunetan jakinaraziko dugu aurtengo jaien ingurukoa nola aurreikusten dugun, egoera lasai aztertu ostean". Lanean ari dira, Zizurkilen ere, jai batzordeetako kideak.

Elkarrizketa osorik, 562 Aiurri hamaboskarian 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!