"Normaltasun berriaren baitan ari gara egunerokora itzultzen"

Ainhoa Arozena 2020ko eka. 14a, 09:15

Pedro Luis Ugarte apaiza, Villabonako Jesusen Bihotza elizaren atarian.

2016an Bittor Gorria apaizaren lekua hartu zuen Pedro Luis Urangak. Geroztik Amasa-Villabona eta Asteasuko elizen martxa bideratzen du. Koronabirusak elizan izan duen eraginaz hitz egin du.

Berriki zabaldu dituzue elizako ateak, babes neurriak betez… 

Faseka ibili gara. Hasiera batean guztiz itxita eduki arren, 0 fasean goizez zabaldu genuen eliza, otoitz egitera etorri nahi zuten pertsonentzat. 1 fasearekin batera hasi ginen mezak eskaintzen Villabonako elizan, maiatzeko hirugarren asteburuan. Maiatzeko azken astean hasi ginen, bestalde, astean zeharreko eta larunbat iluntzetako mezak ospatzen. Bitartean, katekesiko ikasturtea data hauetan amaitu da. Airean geratu dira jaunartzeak, airean katekesia amaitzen dutenei eskaintzen zaien meza berezia, bertan behera geratu dira Ollogoiengo udalekuak… Katea, bata bestearen atzetik. Normaltasun berriaren baitan ari gara egunerokora itzultzen.

Babes neurriak direla eta, aforoa mugatu dugu batetik, eserlekuak murrituz. 125 pertsonarentzako lekua daukagu orain. Eserlekuak markatuta, legeak eskatzen duena bermatzen dugu: metro bateko distantzia mantentzea. Mezetarako, ate bakarra zabaltzen dugu zenbat jende sartzen den neurtu ahal izateko. Harrera eginez pertsona bat egoten da, eta eliztarrek eskuak gelarekin garbi ditzaten arduratzen da. Era berean, inor maskararik gabe etortzen bada, baditugu haiei eskaintzeko batzuk. Betiko ordutegiei eutsi diegu, eliztarrak ez nahasteko: astean zehar eta larunbatetan 19:00etan, eta igandetan, 11:15ean eskaintzen ditugu mezak.

Konfinamenduak iraun duen bitartean, sinestunen artean, galdutako pertsonak agurtzeko hileta-elizkizunik ospatu ezina izango zen gogorrena… Nola kudeatu duzu egoera hori distantziatik?

Dudarik ez. Konfinamenduak ohiko bideak eta erritmoak apurtu ditu familia guztiengan. Hiletarik ez zegoenez, agian familiek ez zuten momentuan jakinarazten senideren bat galtzen zutenean. Gerora, telefono bidez edo kalera ateratzen hasi garenean hitz egin dugu haiekin. Ibilb ide ezberdinak izan dira bakoitzarekin. Lehen bidea egina zegoela konturatu gara, bazegoela errutina bat. Garai honetan, familiek nahikoa lan izan dute heriotzari aurre egin eta pausoak ematen. Batez ere COVID-19aren ondorioz hil diren familiekin oso egoera gogorrak gertatu dira, familia batzuek ez baitute aukerarik izan gertukoa agurtzeko ere. Gorpuarekin zer egin, egoera nola kudeatu, paperak bete…, haiek etxean zeudela gertatu da dena. Egoera honekin oso jota geratu da familia ugari, kokatu ezinean. Orain hil direnen familiek hartu dute betiko martxa, baina COVID-19aren ondorioz hil zirenak egoeraren baitan erabaki behar dute nola egin. Batzuek ez dute oraindik momentu egokirik topatzen.

Nabaritu al duzu beldurrik, adineko pertsonen artean nagusiki?

Lehen asteburuan adineko pertsonei edo osasun arriskuan zeudenei elizara ez etortzeko gomendioa luzatu genien. Jende gutxiago etorri zela nabaritu zen, eta oraindik ere faltan sumatzen dira pertsona batzuk. Batzuek zuzenean esaten dute beldurra dutela, beste batzuei inpresioa egiten die elizara maskararekin etorri beharrak… 

Herri txikietako eliztarrak helduagoak dira adinez, eta haietako asko, beldurraz gain, bi hilabete eta gero, meza telebistaz jarraitzera ohitu da. Martxa hori aldatzea ere kosta egingo zaie.

Maiatzean jaunartzea egin ohi du hainbat gaztetxok. Aurten ez da horretarako aukerarik izango…

Villabonan oraindik ez dugu datarik jarri, ez baitakigu oraindik zein izango den araudia eta normaltasun berriak zer eskatuko dion elizari: aforoa mugatuta mantentzea, maskarak erabiltzea… 32 umek egin behar zuten aurten jaunartzea Villabonan. Gaurko aforoa kontuan izanda, denek batera eginez gero, umeak eta gurasoak bakarrik sartuko lirateke… Egoera berriaren araudiak zer dioen jakin arte itxaron nahi dugu erabakiak hartzeko. 

Amasan ez da jaunartzerik izango aurten. Asteasun, Zizurkilen eta Alkizan irailera atzeratzea aurreikusi da.

Udaberri partean ezkontza ugari ere izaten da… 

Gauza bera ezkontzekin ere. Zalantzak daude. Elizaz ezkontzeko lau bikote ditugu bailara mailan, eta beste hainbat tokitan ospakizuna urtebete atzeratu badute ere, hemen, momentuz, aurrera egiteko asmotan daude. Ikusi egin behar… 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 562. zenbakian 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!