Sagardoaren kultura

Euskal Sagardoaren 2019ko uzta aurkeztu dute Chillida Leku museoan

Aiurri 2020ko eka. 11a, 13:36

Euskal Sagardoaren lehen katalogoa ere aurkeztu dute, non sagardotegi bakoitzaren informazioa eta sagardo bakoitzaren ezaugarriak jasotzen diren.

Euskal Sagardoa osatzen duten Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 48 sagardogileen 60 sagardo ezberdin aurkeztu dira Hernaniko Chillida Leku museoan, 250 sagargileren sagarrekin eginak. 2019ko uztan, orotara, 3,2 milioi litro Euskal Sagardo ekoiztu dira bertako 5,5 milioi kilo sagarrekin. Felix San Sebastian sagargileak eman ditu uzta berriaren xehetasunak eta adierazi duenez, "2019ko uzta bi hitzetan laburbilduko nuke: kalitatea eta kantitatea. Uzta handia izan zen Euskal Herriko sagasti gehienetan. Ikusi dugu aurreko urteetatik sagarrak azukre gutxiago zuela eta horrek ekarri dizkigu sagardo batzuk alkohol gutxiagorekin, sei graduren inguruan; gai horretan zerikusi handia dute zonalde, sagasti eta sagar mota ezberdinek. Sagar ona, sanoa eta kalitate handikoa". 2020ko uztari begira, aurreratu du uzta txikiagoa izango dela, sagar gutxiagokoa, "baina ekoizle bezala saiatuko gara Euskal Sagardoak behar duen kalitate maila goren hori eskaintzen".

Sektoreari garai berrietara egokitzen lagundu behar zaiola azaldu du Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak; administrazioaren eta sektorearen aldetik sare bat osatuz. Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euroko laguntza finantzarioa eskainiko du ardogintza, sagardogintza eta bertako garagardo sektoreetarako finantzaketarako tresna gisa. "Promozioa egin beharra dago. Sagardoa kontsumitzen jarraitu beharra dago, eta nik uste dut euskal gizarteari eta euskal kontsumitzaileei deia egin behar zaiela momentu honetan, gure produktuek gure kontsumitzaileen beharra dutela adierazteko", azaldu du Orozek.

2016an Euskal Sagardoa sortu zenetik ibilbide emankorra egin dela azaldu du Oihana Gancerain Euskal Sagardoa jatorri deiturako presidenteak: "hiru norabidetan batik bat: sagastien hobekuntzan, sagardoaren kalitatean eta merkaturatze lanetan". Horeca kanalean sagardoa egoki posizionatzeko lanean ari direla gehitu du Gancerainek; eta gogotsu daudela promozio ekintzei berriro ere ekiteko.

Olatz Mitxelena Sagardoa Routeko koordinatzaileak adierazi du Euskal Herriko sagardotegien %61ak irekiko duela uda garaian, batez ere botilaren kontsumora bideratuta eta segurtasun protokolo guztia oinarri hartuta: "distantziak, garbiketak, zerbitzatzeko moduan aldaketak, plateren erabilera... Sektoreak lan handia egin du formatzen eta,  garrantzitsuena dena, beren bezeroei lasaitasuna eta segurtasuna transmititzen".

Ekitaldiaren amaieran,  2019ko uztako Euskal Sagardoa dastatzeko aukera eduki dute bertaratutakoek Mikel Garaizabal sommelierraren gidaritzapean. Aurkezpenean izan dira Xabier Lertxundi Hernaniko Udaleko ordezkaria; Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea; Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendaria; Iker Goiria Gipuzkoako Turismo zuzendaria; Oihana Gancerain Euskal Sagardoa jatorri deiturako presidentea; Olatz Mitxelena Sagardoa Routeko koordinatzailea; Felix San Sebastian sagargilea eta Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri deiturako koordinatzailea.

Euskal Sagardoaren lehen katalogoa
Lehen aldiz Euskal Sagardoaren katalogoa aurkeztu dute. Bertan, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 48 sagardotegiek aurkezten dituzten Euskal Sagardo guztiak biltzen dira, 60 zehazki. Urtez urte eta uztaz uzta katalogoa handitzen joango direla esan du Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri deiturako koordinatzaileak.

[ESKURATU KATALOGOA]

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!