Buruntzaren berpiztea

Ainhoa Jauregi 2020ko eka. 13a, 11:17

Orain dela urte pare bat Buruntza hildako abereak, itxitako bideak, putreak buru gainean hegan eta jenderik ez batere bidean, horixe zen.

Konfinamenduaren aurretik jende gehiago ikusten zen, eta etxeratzean Buruntza esnatu egin da, protagonismoa hartu du, izan bide batetik edo bestetik. Abereak zainduagoak ikusi ditut, bideak ere garbi. Putreek hor segitzen dute, baina gazte koadrila asko ikusten dira Lasarte, Urnieta eta Andoaindik, mendian gora eta behera. Poza eman dit horrek. Lehen halako tristura ematen zuen mendiak, eta aldatu da.

Buruntzak aldeko ezaugarri on asko baititu. Oinez erosoa da, ordubetean herriko edozein txokotik gailurrean zaudela esango nuke, eta korrika ere azkar samar puntan zaude. Bi orduko lan saio bat egin nahi baduzu jokoa ematen du, kirolari trebatua izan edo ez. Herritik bertatik abia zaitezke, autoa hartzeko beharrik izan gabe, eta Onddi edo Adarramendira joan nahi baduzu autoa hartzea komeni. Gainera, azken aldian, Besabin autoa aparkatzeko komeriak izan dira. Haraino joateko ere asfalto gainean bide luzea egin behar da, baserri askotatik pasa, eta zakurrak akaso suelto… Buruntzara joateko kiroldegi gainean bide zidorra hartu eta segituan mendian zaudela sentitzen duzu. Etxeratzean hainbat lagun eta ezagun topatu izan ditut Buruntzan, asko astero lauzpabost aldiz igo direnak, eta haiekin topatzeko eta solastatzeko aukera beste pizgarri bat izan da. Pandemiak gauza txarrak bakarrik ekarri dizkigula uste dugun honetan, onak ere ekarri dizkigu: Buruntza gure oroimenera bueltatzea. Alegia, Buruntzaren berpiztea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!