Konfinamendu garaia igarota, deitzaileek kalera irteteko garaia dela deritzote: “Bizitzak sostengatzeko gure burua gobernatu nahi dugu, erabakiak hemen hartu, gehiengoen araberako politikak egiteko. Eredu sozio-produktibo berria ezinbestekoa da, erabateko norabide aldaketa exijitzen dugu. Ez gara gutxiagorekin konformatuko”.
Aldarrikapenak
Ekainaren 10ean Donostian egin zuten agerraldian aldarrikapenen zerenda egin zuten. Zazpi dira proposatzen dituzten neurriak:
- Zerbitzu publikoak garatu. Zaintza lanen (zahar egoitza, eguneko zentro, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat egoitza-elkate, adin-txikikoen bizileku eta etxez etxeko zerbitzuak), osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek (hezkuntza publikoa, osasungintza…) azpikontrataturiko zerbitzuen (garbiketako, hezkuntzako monitoreak, jantokietako langile-hezitzaileak…) eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetatako lan baldintzak langile publikoaren lan baldintzekin parekatzea.
- Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea.
- Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako HELean planteaturiko neurriak: DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a eta etxebizitza eskubidea.
- 1.080 eurotako gutxieneko dirusarrera erretiroa hartua duten pertsonentzat.
- 1.200 euroko gutxieneko soldata/35 orduko gehienezko lanaldia.
- Fiskalitate berria: Proposamen honek suposatzen duen gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publiko guztia errenta altu, kapital-errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.
- Administrazio-egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa.