Erremontea

Erremonteko 50. Urteurrena Txapelketaren aurkezpena egin da Hernaniko Galarreta frontoiean

Aiurri 2020ko eka. 18a, 19:29

Erremonteko txapelketaren aurkezpena egin da gaur Galarreta frontoiean. Lehiaketa jokatuko duten bikoteak aurkeztu eta zenbait xehetasun eman dituzte. 

Txapelketa osorik, ekainaren 20tik uztailaren 18ra jokatuko da. Ligaxka, ekainaren 20tik uztailaren 4ra jokatuko da, finalaurreak uztailaren 11ean izango dira eta final handia uztailaren 18an ospatuko da.

Bikoteei dagokienez, lau izango dira, eta horien artean bi urnietarrek hartuko dute parte:

  1. Javier Urriza - Aritz Zubiri
  2. Imanol Ansa (Urnieta) - Iban Larrañaga
  3. Aritz Juanenea - Endika Urrutia
  4. Ander Goikoetxea (Urnieta) -  Endika BarrenetxeaÇ
    Ordezkoak: Segurola, Etxarri, Aizpuru III eta Labaka izango dira.

Esanak esan, 4 bikotek hartuko dute parte eta guztiek elkarren aurka jokatuko dute. Horrez gain, partidak arratsaldeko 16:00etan hasiko dira eta 35 tantora jokatuko dira. Datu berritzaile gisa, partiduko bi deskantsu egingo dira; lehenengoa, bikoteetako bat 20. tantora iristean eta bestea 30. tantoan. 

Nabarmendu beharra dago, txapelketan erabiliko den puntuaketa sistema, beste kiroletatik bereizten dela. Honela zenbatuko dira puntuak partidan egindako tantoen arabera:

  • 35 tanto (Irabazlea)     4 puntu
  • 34tik 32 tantora            2 puntu
  • 31tik 29 tantora            1 puntu
  • 28tik 20 tantora            0 puntu
  • 19tik behera                 -1 puntu

Ligaxkan lehen postuan geratzen den bikoteak zuzenean jokatuko du finala. Bigarren eta hirugarren postuan sailkatu diren bikoteak jokatuko dute finalaurrea. Azkena geratu den bikotea, berriz, txapelketatik kanpo geratuko da.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!