Bertako sagarrarekin eginiko sagardoa saritzea eta sustatzea du helburu Gipuzkoako Foru Aldundiaren txapelketak. 19. edizioan Astigarragako Zapiain nagusitu da, 27 lehiakide izan dituen aurtengo edizioan.
- Urrezko kategoria (72 puntutik gora): Itxasburu, Gartziategi, Akarregi, Urdaira, Isastegi, Zapiain, Izeta, Altzueta, Lizeaga, Aburuza eta Zelaia sagardotegiak.
- Zilarrezko kategoria (65-72 puntu artean): Iparragirre, Oiharte, Alorrenea, Gurutzeta eta Etxeberria sagardotegiak.
- Brontzezko kategoria (60-65 puntu artean): Petritegi sagardotegia.
Foru Aldunditik ohartarazi dutenez, sarituak izan diren sagardotegiok "euren botiletan, datorren urte osoan, zigilu akreditatibo bat eramateko aukera izango dute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko sailkapena erakutsiko duena". Txapelketaren helburua Foru Aldundiarentzat, Euskal Sagardoa jatorri-izendapena sustatzea da, bertako sagarrarekin eginiko sagardoa sarituz bultzatzea.
Gipuzkoan ekoitzitako sagardoaren %33a bertako sagarrarekin egina dago
Euskal Sagardoa jatorri-deituraren sustatzaileen esanetan 2019an 3,2 milioi litro Euskal Sagardo ekoiztu dira, bertako 5,5 milioi kilo sagarrarekin. “Sagardo lurrintsu eta orekatuak lortu dira, aurreko uztakoekin alderatuta arinagoak ahoan eta alkohol graduazio baxuagokoak orokorrean”. Berrikuntza gisa, Euskal Sagardoaren lehen katalogoa plazaratu dute aurten.
Egun Gipuzkoan ekoitzitako sagardoaren %33a bertako sagarrarekin egina dago. Sagardoa %100ean bertako sagarrarekin ekoiztera heltzera dute etorkizuneko erronka. Bide horretan, tokiko produktuak lehenestea deitzen dute.
Covid19-ak kaltetu duen lehen sektorea laguntzeko 15,5 milioi euroko krisi plana jarri du martxan Foru Aldundiak. Testuinguru horretan, Gipuzkoako 70 sagardogileei zuzenduriko diru-laguntza lerro berria iragarri du Aldundiak.