Kulturgintza kinka larrian, aurrera egiteko laguntza beharrean

Aiurri 2020ko eka. 25a, 17:11
©olaia zapirain | ilustrazioa

Beterri-Aiztondo bailarako hainbat kulturgilek hartu du hitza Aiurri hamaboskariaren azken zenbakiko erreportaje nagusian: dantzari, soinu teknikari, musikari, aktore, sudurgorri nahiz bertsolariek, hain zuzen. Guztiek ere azken hilabeteotako bizipenak izan dituzte mintzagai. Etorkizunari begira daude.

COVID-19aren etorrerak alor guztietan eragin du, zer esanik ez kulturgintzan. Zuzeneko emanaldiak eten egin dira, eta etorkizun lanbroa sumatzen dute artistek. Badirudi distantziari eta babes neurriei eutsiz, bertsolaritza hegaldatu dela gainerako ikuskizun eta emanaldien artean, baina haiek ere poliki ari dira plazara ateratzen. Dantzariek, antzezleek, musika teknikariek, ikuskizunak antolatzen dituzten kideek… argi gutxi ikusten dute oraindik. “Ezjakintasuna”, erreportajean parte hartu duten artistek behin eta berriz errepikatu duten hitza. “Bertan behera geratu dira entseguak, bertan behera emanaldiak, dantza jaialdiak atzeratu egin dira... Ez dakigu noiz ekingo diogun berriz ere ohiko martxari”, diote, esaterako,  Amasa-Villabonako dantzariek.

Hori bai, artistak ez dira geldirik egon konfinamenduak iraun duen bitartean. Teknologia berriez baliatuz, etxetik jarraitu dute lanean. Zailtasunez beteta aurreikusten dute etorkizuna, baina gauza batek lasaitzen ditu: konfinamendu garaian argi eta garbi ikusi dela kulturak duen garrantzia. Bada, garrantzia horri bere tartea eta baliabideak eskaintzea falta da orain.

Ilustrazioa: Olaia Zapirain.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!