"Egoerak zuzenean kolpatu du arte eszenikoen arloa"

Ainhoa Gil 2020ko eka. 27a, 15:00
Aitziber Ugartemendia, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin. ©Katxiporreta

Sudurgorriei ere eragin die alarma egoerak. Katxiporreta Kooperatibako kide da Aitziber Ugartemendia andoaindarra. Aste hauetan bizitzen ari diren egoeraz aritu da

Aldaketa handiak eragin ditu azken hilabeteotako alarma egoerak. Arte eszenikoei zuzen-zuzenean eragin die krisialdiak. Nola bizitu duzue hori guztia? 

Arte eszenikoen arloa zuzenean eta modu latzean kolpatu du egoerak. Lehenak izan ginen pertsianak ixten eta azkenak izango gara irekitzen, horrela dirudi behintzat.  Etxean egon garen aste hauetan nabarmen geratu da kultura beharrezkoa dela. Kulturarekin hazten gara, gure ingurukoekin konektatzen gaitu, munduan zer garen erakusten du eta munduarekin harremanetan jartzen gaitu. Balkoiak eta leihoak izan dira horren testigu, kantuan, dantzan, musikaren erritmoan…, geure barrenak hustu ditugu eta geure onena erakutsi dugu. 

Kultura erdigunean egon da herritarrentzat, baina bazterrekoa da administrazioarentzat. Zuzenean kolpatu gaitu eta aktibitate ekonomikoa erabat gelditu da, triskantza ederra dagoeneko prekario eta bazterreko kontsideratzen den sektorearentzat.

Lantalde handia osatzen duzue. Antzezle eta dantzariez gain, teknikari eta beste hainbati ere eragingo zion krisialdiak...

Egia da, geure taldean pailazoak gaude, dantzariak, aktoreak, teknikariak, ikus-entzunezkoen arduraduna, bulegoko langilea, administrazioko kidea. Gainera, gurekin batera badira idazleak, ilustratzaileak, musika egileak, editorialak, grabaketa estudioak, banatzaileak, dendak, etab. Kulturak modu zuzenean eta zeharka milaka pertsona lotzen ditu Euskal Herrian. Geure kasuan kolpe latza suposatu du egoera honek, ziurgabetasuna, kezka eta baita amorrua ere. Greba digitala egitera ere eraman gintuen egoerak. Bat egin genuen 2000 sortzailek lehendik zetorren politika bidegabeari beste erantzun bat eman behar zaiola aldarrikatzeko. Kulturak erdigunean behar du, osasuna, hezkuntza, elikadura eta bere ekin txikian aritzen diren milaka herritarrekin batera osatzen baitugu herri honen bizkarrezurra. 

Nola aurreikusten duzue uda?

Udaberrian jaso genuen kolpea eta udaran jarraituko dugu ubeldurekin. Ekonomikoki indartsuak eta eragin handikoak diren sektoreek euren estrategiak bideratu dituzte. Kulturak, aldiz, pertsonekin emozionalki gehien konektatzen duen sektoreak, pertsonen arteko distantziak, musukoak, gelak eta neurri zorrotzenak jasan behar ditu. Antolatzaileentzat ere ez da erraza kultur ekitaldiak antolatzea, ez baitago garbi zein baldintza bete behar dituzten, eta beldurrak agintzen du, kultur eragileon kaltetan jarrera ezkorrenak nagusituz. 

Udaran geure sektorea zerbait mugitzea espero badugu ere, udazkenari begira gaude. Irailean eta urrian Bizidantza proiektuari heldu nahi diogu berriro. Martxora arte bide oparoa egiten ari zen, herrietako dantza taldeekin batera prozesu eta proiektu parte-hartzailean. Saiatuko gara proiektu honi txapela jartzen, nahiz eta aurrerantzean irekita utziko dugun talde ezberdinekin eszenatokian biltzeko aukera. Azaroan, proiektu berriaren estreinaldia egin nahi dugu, eta heriotzaren gaiari helduko diogu. Dagoeneko egin dugu gidoia eta, argitaratuko dugun ipuina eta abesti bilduma ere osatu dugu.  Julio Soto bertsolariarekin eta Maite Mutuberria ilustratzailearekin ari gara lanean, eta oso pozik gaude. Heriotzaren gaia lantzea funtsezkoa eta beharrezkoa da haurren artean, familien artean eta gizartean, oro har. Modu alaian eta ilusioz helduko diogu.

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 563. zenbakian 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!