Eskualdeko bertsolariei ere eragin die alarma egoerak

Ainhoa Gil 2020ko eka. 28a, 09:00
Unai Mendizabal bertsolaria, Haritz Mujika alboan duela.

Hainbat urte darama Unai Mendizabal bertsolari zizurkildarrak plazaz plaza. Saio libreetan aritzen da gehienbat. Alarma egoerak nola eragin dion azaldu du.

Oholtza gaineko jaialdietan ere entzuten dira bere bertsoak, noski, baina libreko saioetan aritzen da gehienbat. Bertso-afari, bertso-poteo..., eroso aritzen da horrelakoetan. Azken asteotan erabat aldatu da bertsolarien ibilia. Halaxe izan da Unai Mendizabalen kasuan ere. “Zenbait saio lotuta nituen, eta gehienak bertan behera geratu ziren. Egoera lasaitzen joan den heinean, formatua aldatuta bada ere, bertso saioari eustea erabaki dute zenbait antolatzailek”.

Librean gehiago

Bertso afari, poteo... horietan aritzen da gehienbat Unai Mendizabal. “Publikoarengandik oso gertu egoten gara saio mota horietan, alarma egoera iritsita, bertan behera geratu dira gehienak. Horregatik erabaki dute formatua aldatu, eta bertso saio klasikoagoak antolatzea”. Unai Mendizabalen iritziz, “uda honi begira, bertso saioak dira antolaketa errazenetarikoa dutenak. Aulkiei beharrezko tartea emanez gero, aforoa kontrola daitekeen toki batean eginez gero... egingarriak dira. Publikoa nahiko estatiko mantentzen da bertso saioetan, eta ez du zertan arazorik egon beharrik. Egungo egoeran, musika kontzertuak baino errazago antola daitezkeela iruditzen zait”.

Unairi zuzenean eragin dio alarma egoerak, baina gogoan hartu nahi izan ditu askotan oholtzakide izan dituen hainbat bertsolari: “Azken finean, ni ez naiz bertsolaritzatik bizi. Horretarako apustua egina dutenek beste modu batera biziko zuten egoera berria, noski”.

Artikulua osorik, Aiurri hamaboskariaren 563. zenbakian 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!