Aiurri aldizkaria iraunarazteko kanpaina

Aiurri 2020ko eka. 27a, 13:00
Aiurri hamaboskaria eskuan, Aiurri.eus pantailan.

Harpidedunen ekarpena garrantzia handikoa denez, Aiurri harpidetza berriak lortzeko kanpainan murgilduta dago.

Koronabirusaren eraginez, egoera paradoxikoa sortu da. Tokiko prentsa inoiz baino beharrezkoagoa da, jende askoren informazio iturri bilakatu delako. Aiurriren kasuan nabarmena da hori, martxoko eta apirileko audientziak Tokikom tokiko hedabideen bateraguneko onenen artean kokatu baitziren. Informazio jarioa biderkatu egin zen aste horietan, internet bidez. Aktualitateari eutsi zitzaion egunean eguneko albisteei eta erakundeen oharrei tartea eskainiz. Eta, era berean, aisialdia osatzeko ekimen betean murgildu zen. Bideo eta argazkien bidez antzerkia, musika, yoga edota bertso atalak sortu ziren. Hori guztia aurrera ateratzeko lantaldearen jarduera nabarmen handitu zen, oso egoera zailean. Ia erredakzio osoa etxetik lanean aritu zen, erredakzio bulego batek eskaintzen dituen baliabiderik gabe.

Era berean, konfinamendu garaian, publizitateari zegokion diru-sarrera nabarmen murriztu da. Oso hilabete zailak izan dira negozio txikiak dituztenentzat. Merkataritza itxita, publizitate tarteak saltzea nekez lortuko da. Beraz, informazio jarioaren hazkundearekin batera, Aiurri diru iturrien beherakada nabarmena pairatzen aritu da.

San Juan eguna egun handia da Andoainen, Asteasun San Pedro eguna den bezalaxe. Data seinalatuekin bat eginez, Aiurrik kanpaina berezia abian jarri du bi herri horietan. Helburua bikoitza da. Batetik, azken hilabeteotan publizitatean galdu den diru kopurua berreskuratzeko ahalegina. Eskertzekoa da iragarle berriek egin duten esfortzua, eta lantaldearen aldetik esker ona adierazi nahi diegu.

Eta, bigarren helburua, harpidetza kanpaina egitea da. Aiurri etxebizitza gehiagora iristeko aukera badagoela sinestuta gaude, eskualdeko ehunka eta ehunka harpidedunengana iristen den bezalaxe. Lerro hauek irakurtzen badituzu, ziurrenik harpidedun izango zara. Bada, gonbidatu ezazu senidea, bizilaguna edo herrikidea harpidedun egitera. Alboan duzun orrialdea –harpidetza txartela bertan aurki daiteke– baliagarria izango zaizu. Berme onena, irakurlearen iritzia baita. Lagun gaitzazu zeregin horretan, ekarpen txiki hori Aiurri iraunarazteko garrantzia handikoa izango baita.

Aiurrik aurrera egin behar badu, iragarleen eta irakurleen eskutik egin beharko du. Udal finantziazioa ezinbestekoa da, baina hori bezain garrantzitsua da beste finantzabideak bermatzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!