“Kultura funtsezkoa da, gure kasuan kultura euskarak emana da”

Mikel Arberas 2020ko uzt. 9a, 08:32

Gazteei zuzenduriko trilogia amaitzear da Garbiñe Ubeda idazlea.

Garbiñe Ubeda Goikoetxea idazlea eta ilustratzailea

Ikusbera aldizkariko eta Aiurri hamaboskariko Plazan Bazan ataleko sortzailea da, baita Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria ere. Sorkuntza eta euskara dira elkarrizketaren hizpide nagusiak

Irakurleentzat zure marrazkiak ezagunak dira, 2007an argitaratzen hasi ginelako Aiurri Txiki, gerora Ikusbera haur aldizkaria izango zena. Nondik nora datorkizu marrazteko bokazioa?

Ume gehienek bezala, oso gustuko nuen marraztea eta etxean giro aproposa nuen horretarako: aita oso zalea zen eta gainera paper-fabrika batean egin zuen lan, hau da, etxean papera soberan izan genuen beti, nahi adina marrazki egiteko.

Aiurri Txiki izango zenaren asmoa proposatu nuenean, intuizio hutsa zen artean. Haur aldizkari bat egitea eta aldizkari hori herri aldizkari batean txertatzea zen plana, baina ez zegoen batere landua. Oker ez banago, dibertigarria, guztiz bisuala eta batez ere helburu pedagogiko markaturik gabekoa behar zuela esan nuen, beste gauza handirik ez. Egia esan behar bada, ez nuen sekula pentsatuko hain urrun helduko ginenik.

“Marraztu, margotu, pentsatu, ikusi, bilatu eta ondo pasa!” da Ikusberaren goiburuetakoa. Denborarekin zure ekarpena haziz joan da, Plazan Bazan atalarekin. Eskulanak, errezetak...

Tokian tokiko hedabideek malgutasun handia erakutsi dute. Kazetaritza serioa egiteko helburuak ez ditu formatu zurrunera lotu, edo forma eta eduki berriei ateak ixtera eraman. Kontrara, gauza berriak probatu zaleak izan dira, betiere, beren espazioa txikia edo orain hain modan dagoen “komunitatea” zaintzeko eta trinkotzeko helburuz. Aiurrin aspaldi konturatu zineten komunitateak denetarik behar duela, eta zentzu horretan arreta berezia merezi dutela gaztetxoek eta aisiak. Nik esker ona besterik ez dut, eta hain zuzen horrek, gauzak ongi egiteko grina pizten dit, komunikabide handiagoek emango ez lidaketen konfiantza eman didatelako.

Zure lana idaztea da, baina esan izan duzu osagarri izan daitekeen lanen artean egokiena marraztea dela. Zer dela eta?

Batak besteari laguntzen dio. Orduak idazten eman eta gero, gorputzak marraztea eskatzen dit edo eskulanak egitea. Hori dut burua erlaxatzeko modua. Alderantzizkoa ere bada, eguna marrazten eman badut, zerbait idazteko gogoa pizten zait. Elkarren osagarri direla esango nuke. Bi jardunak sortzea diren arren, burmuineko zona diferenteak jartzen dituzte lanean.

Eta pixkanaka Aiurriko eremutik Tokikomeko eremura zabaldu da “Plazan Bazan” atala. Euskal Herriko hedabide askotara zabaldu da atala. Poz berezia ematen al du horrek?

Dudarik gabe. Batetik, nire ahalegina estimatua den seinale delako, eta bide batez, ikusgarritasun handiagoa ematen zaidalako. Baina batez ere, oso lan-molde interesgarria erakusten duelako: elkartuz eta gastuak banatuz, urrutira hel liteke; bestela konplikatuago eta bereziki garestiago liratekeen edukiak lortzeko bidea ematen du. Komunitateen komunitatea sustatzen da naturalki. 

Konfinamendu garaian, Aiurri.eus bidez, eguneko marrazki edo ilustrazio bana egin zenuen. Atzera begira jarrita, nola bizi izan zenuen garai hura?

Etxetik lan egiten ohituta nago. Gainera, bi alaba nerabeekin orduak eta orduak emateko aukera eman zidan, eta aurki gurasoez ezer jakin nahi izango ez dutela kontuan hartuta, gauza handia da. 

Bi gauzek asaldatu ninduten bereziki. Batetik, estatuak besterik ez direla existitu. Estatuek kontrolatu dute dena: informazioa, agintea, eskumenak, eskubideak, erabakiak… den-dena. Horrek dakartzan ondorio guztiekin: estatu bat hizkuntza bat, estatu-nazionalismoa… Osasun larrialdia ez ezik, larrialdi politikoa ere izan da. 

Bestetik, ETB3rekin batera, ETB1 euskararen aldeko leiho ahaltsu eta lagungarria izan zitekeen konfinamenduan: informazio propioa eman, entretenimendua eskaini, ikasteko baliatu, bertako sorkuntza sustatzeko baliatu… Halako egoeretan erakusten da komunikabideen funtzioa. Horren ordez, hondoa jotzen utzi dute, ahaleginak ETB2n egiteko. 

Birusaren ikono ezagun hartatik abiatu eta egunerokotasunean txertatu zenuen, eguneroko hartan. Ironiari eta kontraesanari garrantzia ematen diozula adierazi zenuen webgunean egindako adierazpenetan...

Informatzea datuak ematea baino askoz ere gehiago dela sinetsita nago. Objektibotasuna ez da lortzen iritzia, umorea edota sentipenak ezabatuta; iritzi, umore edota sentimendu guztiak erakutsiz baizik. Hildakoen eta kutsatuen datuez harago, pentsarazteko aitzakia bilatu nuen, eta beldurraz harago, bestelako sentipenak ere sortzea. Eguneroko erronka latza da ordea, eta beti ez da lortzen. 

Idazle lanetan ari zara. Azaldu ezazu Elkar argitaletxearentzat osatzen ari zaren gazte literatura saileko trilogia…

Protagonista nagusia –Larraitz, 16-17 urte– polizi segada baten lekukoa izan da. Lekukotza horrek egundoko korapiloak sortu dizkio Larraitzi, bizitza aldrebestu dio, lehendik zituen harreman arazoak areagotu dizkio. Gertatutakoa argitzea izango du aurrera egiteko modu bakarra. Lehendabiziko nobelan segada da istorioaren haria. Bigarrengoan, ondorioak kontatzen dira, areagotu zaizkion harreman arazoak eta abar. Hirugarrenean korapilo gehienak askatuko dira. Dagoeneko amaitua dut, eta gauzak ondo bidean, udazkenean argitaratuko da.

Garbiñe Ubedaren ilustrazioak ikusteko

Elkarrizketa osorik: 564 Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!