Ikerlan proposamenak bete-betean egiten du bat bekaren helburuarekin. "Aiztondon zirtoak ahozko genero gisa izan duen tradizioa biltzea eta bere baitan esanguratsua izango den bilduma egitea" du helburu, eta "honela, orain arte sakabanatua eta itzalean agertu izan den genero honen balioa aldarrikatzen da, eta bere baitan ikergai esanguratsua izan daitekeela aitortu". Bilduma egite hutsarekin aski ez, eta ahozko ohitura horren transmisioak kezkatuta dituenez, ondare hori ikasleek ezagutu eta balia dezaten aplikazio bat ere proposatuko dute egileek, hezkuntza arautuan zein bertso-eskolatan landu dadin.
Oso balorazio ona
3.000 euroko ordainsaria eskuratu du ikertzaile taldeak lana urtebeteko epean garatzeko. Udan Aiztondoko zirto tradizioa arakatzeko eta biltzeko lana egingo dute. Ondoren, zirtoa ikastetxetan ezagutzeko eta lantzeko proposamen didaktikoa diseinatuko dute; eta, segidan, proposamen didaktikoaren aplikazioa egingo da bailarako bertso-eskoletan. Guztia dokumentatuko da. Mintzola Ahozko Lantegiak eta Kilometroak elkarteak egin zuten deialdia, Zubimusu ikastolaren eta Hernandorena kultur elkartearen babesarekin. Deialdiaren helburua Aiztondo bailarako ahozko ondarearen bilketa, ikerketa eta haren dibulgazioa ziren. Hala, antolatzaileok proiektu saridunaren oso balorazio ona egiten dute: Aiztondoko ondarea biltzeaz eta ikertzeaz gainera, egungo ahozko sormen eta komunikazio beharrak hezkuntzan lantzeko balioko du, proiektuak proposatzen duen aplikazio didaktikoaren bidez. Ikertzaileak ez ezik irakasleak izatea ere baloratu zen, eta baita ikertzaile bakarra izan beharrean, taldea izatea ere.
Udazkenean proiektua gehiago ezagutzeko abagunea izango da.