Igande honetan botoaren gehiengoa EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, PP+C's eta VOX alderdietara joango den arren, beste zortzi alderdi gehiago aurkezten dira. Irismen handia duten alderdien asmoak ezagunak zaizkio uztailaren 12an bozkatzeko asmoa duen botu-emaileari. Ezagutu ditzagun hedabideen arreta apala jaso duten gainerako alderdiak.
Equo Berdeak
@EquoBerdeak
Equo Espainia mailako alderdiaren adarra da, gutxi arte Podemos alderdiarekin lankidetzan hauteskunde ezberdinetan aurkeztu zena. Lopez Uralde zuten hautagai nagusiena, eta hura Podemos alderdian geratu zen. Hauteskundeei begira Podemos eta Mas Pais alderdietatik urrundu eta Euskadirako hautes-zerrendak aurkeztu dituzte. Gipuzkoako hautagaia Edurne Baranda da, eta Lehendakarigaia berriz Bizkaiko zerrendaburu Joserra Becerra. Podemos eta PACMA alderdiekin lehian ibiliko dira, panorama politikoan nabarmentzeko. Hedabideen artean arreta handiena lortzen ari den alderdia da. Gainerako alderdi txikiek ez bezala, ETBko debateetan egotea lortu dute.
PACMA
@PartidoPACMA
Aski ezaguna da alderdi animalista, eta ordezkaritzarik gabe geratzen diren alderdien artean boto gehien eskuratzen duena izaten da estatu mailan. D'hondt legeak gehien kaltetutako alderdia da. Euskadin, aurreko hauteskundeetan, 8.550 boto eskuratu zituen. Hauteskundeetan egotea animalien eta ingurumenaren alde aritzeko beste erraminta bat da, alderdiarentzat. Ez gehiago. Izan ere, sareetan eta webgunean ia ez da kanpainari buruzko azalpenik egiten. Egunerokoan murgilduta daude, hots, animalien aldeko defentsa argian.
Aulki Zuriak
@escanosenblanco
Estatu mailako mugimendua bada ere, Buruntzaldean ordezkaritza egonkorra dute. Gipuzkoako hautagaia, esaterako, Daniel Lizarralde urnietarra da. Iazko Udal hauteskundeetan hautes-zerrendak aurkeztu zituzten Urnietan eta Usurbilen. Abstentzioaren eta boto zuriaren tarte horretan kokatzen dira, eta botoa protesta ekintza modura ulertzen dute. Botoa sustatzen dute ordezkaritza lortzeko. Eta behin ordezkaritza lortuta, karguari muzin egingo diotela adierazten dute. Kanpaina honetan aulki hutsak erabili dituzte, eta hautagaiek bideo bidez zin egin dute ez dutela ez kargurik hartuko, ezta ordainsaririk onartuko ere.
Partido Libertario
@partidolibertad
Euskara, galegoa eta gaztelera maila berean erabiltzen ari dira kanpaina honetan. Norberaren askatasuna lehenesten dute, liberalismoa muturreraino defendatuz. Lan merkatua malgutzea eskatzen dute, eta gutxieneko soldataren aurka agertzen dira. Illa Osasun ministroa erabili dute afitxatan, gobernuarekiko desadostasuna agertzeko. Osasun zerbitzu unibertsala defendatzen dute, hori bai, “pribatua, osasun-txeke ereduaren bidez”. Hezkuntzari dagokionez, hezkuntza eredu ororen alde agertzen dira, baita etxean irakatsi ahal izateko ere. Enpresei, alderdi politikoei eta elizari dirulaguntza politikoak ematearen aurka ageri dira. Gipuzkoako zerrendaburua Javier Barrenetxea da.
PUM+J
@mundo_mas_justo
Gaztelania nagusi da, komunikazioetan. “Mundu mailan dagoen pobreziarekin amaitzea erabaki politikoa da”, horixe dute goiburu nagusietakoa. Armagintzara bideratzen den aurrekontua osasun arloko hobekuntzara bideratzea aldarrikatzen ari dira. Kanpainan zehar bizikletaren aldeko apustua egin dute, eta hitzordu gehienetan euren afitxa daramaten bizikletak ikus daitezke. Jesus Barcina Arabako zerrendaburua da, eta era berean Lehendakaritzarako hautagaia.
Recortes Cero
@RecortesCero
“Pandemia ekonomikoari aurre egitea aberastasuna birbanatzea da” irakur daiteke Euskadira begira argitaratu zuten manifestuan: “Pandemiari aurre egiteko, lehenbizi osasuna eta bizitza jarri behar ditugu. Pertsona bakoitzaren osasuna, baina baita osasun publikoaren eta osasun unibertsalaren defentsa ere, pandemiari irabaztea prebenitzea baita”. Bost neurri proposatu dituzte, hauteskunde-kanpainan:
neurri hauek jarri ditugu Eusko Legebiltzarrera: Osasun Publikoa Babesteko Legea; pentsioak Konstituzioan Blindatzeko proposamena aurkeztea Diputatuen Kongresuan; Euskadiko berrindustrializazio-plan bat abiaraztea; Ingurumen Lege Integrala; Hautesle-batzarrekin udalekotza eta herritarren parte-hartzea sustatzea.
UCDE
@UCDE_politica
Espainiarrak eta elizkoiak dira. Abortoaren eta eutanasiaren aurka agertzen dira. Euren ustean partitokrazia batean bizi gara, eta egoera horri aurre egin behar zaio. Euskadin abertzalez eta sozialistez osaturiko gobernuak kalte handia eragin du. Besteak beste, “separatismoa, klientelismo politikoa, gaztelaniaren bazterkeria, korrupzio etikoa eta pertsonala”. Hezkuntza ideologizatuta dagoela uste dute. 2016ko abenduan sortu zen alderdi politiko modura. Alderdiko presidentea Eulogio Gardezabal Uriarte basauriarra da, Irunen bizi dena. Zirujaua da, ogibidez. Euskarari eskaini dioten tartea oso apala da, goiburu jakin batzuetan soilik.
LxE
@LxE_Libres
Euskadin sortutako alderdi berria da, eta Gipuzkoako buruzagia ezaguna da: Chema Herzog PPko ordezkari ohia. Hauteskudeetara aurkeztu duten programan loturatik eta menpekotasunik gabeko alderdia dela nabarmentzen dute: “LxE-EaLek ez du zorrik inorekin, ez dugu bidesaririk ordaindu behar, ezta mesederik itzuli behar ere. Erabat askeak gara. Pertsonen ongizatea alderdiaren interesen aurretik jartzen dugu. Ez gara irizpide ideologikorik baldintzatuta egongo, ez dugu politikarik egingo biztanleriaren zati batentzat”. Meritokrazia defendatzen dute: “Osasun, hezkuntza, ekonomia… izen handiko espezialistek markatutako politiketan oinarritzea nahi dugu. Meritokrazia nahi dugu, ez lagunkeria”. Hauteskunde-programa elebietan aurkeztu dute.