Erremontea

Urteurreneko txapelketa azken txanpan sartu da

Mikel Arberas 2020ko uzt. 9a, 09:47

Ligaxkako partidak jokatu ostean, txapela nork jantzi erabakitzeko bi jardunaldi besterik ez dira falta: finalaurrekoak eta finala. Ansa urnietarrak finalera sailkatzeko aukerak baliatu nahi ditu, asteburu honetan.

Hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zen Galarretan. Ez zen aldaketarik egon sailkapenean, beraz, Juanenea eta Endika lehen finalistak bilakatu dira, eta Goikoetxea V-Barrenetxea IV bikotea txapelketatik kanpo geratu da. Ansa II eta Larrañaga finalerdietara igaro dira bigarren sailkatu gisa; Urriza eta Zubiri hirugarren sailkatu gisa igaro dira finalerdietara.

Urriza-Zubirik eta Ansa II-Larrañagak partiduko helburuak ondo bete zituzten, eta biak finalerdietara igaro dira. Lau pilotariek partida berdindua, zirraragarria eta maila handikoa jokatu zuten. Bikote urdinak irabazi zuen (32-35).

Partida bikaina jokatu zuten, berdindua eta oso teknikoa. Hasiera batean Urriza-Zubiri bikoteak irabaziko zuela zirudien arren, Ansak eta Larrañagak Urrizaren amaierako hutsegiteak baliatu zituzten partidan aurre hartzeko. Norgehiagokaren hasieran Larrañaga nabarmendu zen, baina amaieraldean Urrizak hartu zion erreleboa. Gorridun bikotea 29ra iritxi zenean finalaurrekoetarako txartela ziurtatu zuen, horrek erritmoa lasaitzea eragin zuen, aurkarien onurarako.

Goikoetxeak eta Barrenetxeak bigarren partida jada kanporatuta hasi zuten, lehen partiduko bikoteak finalerdietara igarotzea lortu baitzuen. Hala eta guztiz ere, maila handia erakutsi zuten eta gutxiengoagatik irabazi zuten (35-34). Goikoetxeak txapelketako partidarik hoberena jokatu zuen.

Esan beharra dago, partida oso berdindua izan zela eta edonork irabaz zezakeela. Bigarren partidu hau, aldiz, ikusgarriagoa eta biziagoa izan zen, defentsan akats gutxiago egin zituzten. Hasiera batean bikote urdina gailendu zen Endikaren sakea baliatuz; baina partidak aurrera egin ahala, Goikoetxea-Barrenetxea bikotea aurkariak menperatzen hasi zen. Txapelketako partida hoberenetakoa jokatu zuten arren, ez zen nahikoa izan finalaurrekoetara igarotzeko.

50. urteurreneko txapelketa

3. jardunaldia. 2020/07/04

Urriza-Zubiri 32

Ansa II-Larrañaga 35

Goikoetxea V-Barrenetxea IV 35

Juanenea-Endika 34

Sailkapena:

1.Juanenea-Endika 8

2.Ansa II-Larrañaga 5

3.Urriza-Zubiri 4

4.Goikoetxea V-Barrenetxea IV 1

Finalaurrea:

Uztailak 11, larunbata:

Urriza-Zubiri.

Ansa II-Larrañaga.

Larunbateko partidak ikusi nahi ezkero, bidali mezu bat urnieta@aiurri.eus postara

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!