Izan Bidea, 3.000.000 kilometroko ibilbide sinbolikoa

Ainhoa Arozena 2020ko uzt. 23a, 10:11

Ekainaren 26an Izan Bidea kalejira ibiltaria egin zuten Villabonako kaleetan

Preso eta iheslarien gaia gizarteratu, eta ahalik azkarren irtenbidea emateko asmoz sortu du Sare elkarteak Izan Bidea ekimen berria. Amasa-Villabonan ere abian da dagoeneko. Gaur eguerdiko 11:45ean Euskal Herri mailan antolatu duten bizikleta martxa igaroko da masa-Villabonatik, eta hainbat herritarrek bat egingo du ekimenarekin.

Hasiera batean maiatzean aurkezteko asmoa bazuten ere, COVID-19aren etorrerak atzeratu egin du Izan Bidea ekimena plazaratzea. Preso eta iheslariei dagokionez, azken urteetan kopuruan ez bada, aldaketa gutxi izan da haien egunerokoan Amasa-Villabonako Sareko kideen ustez, eta pausoak emateko garaia dela diote, ”ia 700 preso egotetik 254 egotera igaro gara, baina haien bizi baldintzak oso antzeko egoeran mantendu dira azken urteetan. Aldaketa txikiren bat gora-behera, –bi edo hirugarren graduak eskaini zaizkie preso batzuei–, oraindik ere, batez beste, 400 kilometroko distantziara daude. Horrez gain, gaixotasun larriak dituzten 13 preso ere badaude, eta horietatik 11k espetxean jarraitzen dute”. Datu horiei senideek asteburuero egiten duten kilometro kopuru altua gehitu behar zaie, “joan-etorri guztiak gehituta, ilargira 13 bidaia egin daitezkeela kalkulatu izan da”, hizlarien esanetan. Egoera zail horri erantzuna emateko sortu da Izan Bidea ekimena, eta ahalik eta herritar gehien inplikatzea lortu nahi dute. Euskal Herrian hiru milioi biztanle pasatxo bagara, 3.000.000 kilometroko bide sinbolikoa hartu dute oinarrian, eta bakoitzak kilometro bat egitea proposatu, preso eta iheslarien egoerari  behin betiko irtenbidea emateko. 

Kilometroak gehituz

Izan Bidea dinamika aurrera eramateko, izen bereko aplikazioa sortu dute: Play Storetik deskarga daitekeena. “3.000.000 kilometro egitea da helburua; izan oinez, bizikletaz, patinetez edo saltoka… Mugimendua sortzen duen edozein ekintza neurtu eta kilometroak gordetzen ditu aipatu aplikazioak. Edo eskuz ere gehi dakizkioke, ekintza konkreturen bat egin ondorenean”. Udan zehar ekimena ezagutarazi, eta jendea aplikazioa erabiltzen has dadin bultzatzea da ekimeneko kideen nahia. 3.000.000 kilometroko bide hori abiatu da, eta egin dira lehen 150.000 kilometroak dagoeneko. Epe luzeko dinamika da, baina uztailean eta abuztuan zehar kilometro asko egingo dela aurreikusten dute bultzatzaileek, “bi urteko dinamika da berez, ez udari begira osatu den kanpaina bakarrik”. 

Ekimenak abian

Amasa-Villabonan ekintza ezberdinak antolatzeko dozena bat lagun ari da lanean, herri bakoitzak ekintza propioak burutzea baita asmoa, tartean nazional mailako ekintzekin bat egiteko. Herri mailan hasiak dira pausoak ematen. “Lurgi Zalakain eta Bibish Mamadouk Izan Bidea ekimeneko kamisetak jantzita, dantza eta musika afrikarra uztartuz bideoa grabatu, eta nazional mailan zabaldu zen spot gisa. Ekainaren 26an egin zen Amasa-Villabonako aurkezpen publikoa: azken ostiraletako elkarretaratzearen ordez, herritar ugarik bat egin zuen kalejira ibiltariarekin. Uztailaren 4an zortzi laguneko talde bat Bakiora joan zen bizikletaz. Haietako bi itzuli ere bizikletaz egin ziren, kilometro mordoska eginez. Uztailaren 11n, Izan Bidea ekimeneko logoa irudikatu genuen Komizarko parkean, belarra moztuz”. 

Herriz herri nahiz bateratuta

COVID-19ak markatutako egoera berezi honetan, egunez egun ari dira hariak lotzen, kontziente baitira ezin dela nahi adinako pausorik eman, “lehenik eta behin zein baldintzatan gauden ikusi, eta horren arabera, dinamika berriak proposatzen joan nahi dugu, bai herri mailan nola nazional mailan. Herrietako dinamikez gain, Euskal Herri mailan ere ekimen bateratuak antolatuko dira”. Esaterako, uztailaren 23tik 25era Euskal Herri mailako bizikleta martxa, ahalik eta kilometro gehien batu ahal izateko. Tolosaldea eskualdeari Lekunberritik Hernanira doan bidean parte hartzea egokitu zaigu uztailaren 23an. Amasa-Villabonatik  abiatzeko, 11:45ean elkartuko gara elizaren ondoan”. 

Erreportajea osorik irakurgai Aiurri hamaboskariaren 565 zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!