Pello Mari Otaño beka, Aiztondoren zirtotsari

Ikasgelan eta bertso-eskolan aplikatuko da lanaren parte den proposamen didaktikoa. ©XDZ / Jakub Szafranski

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko sei kidek Aiztondo bailaran izan den zirto tradizioa bildu, ikertu eta haren aplikazioa proposatuko dute Pello Mari Otaño bekaren baitan.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Kilometroak kultur elkarteak joan zen otsailean egin zuten beka deialdia, Zubimusu ikastolaren eta Hernandorena kultur elkartearen babesarekin. Eta Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko hainbat kidek aurkeztutako 'Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa' izeneko proposamenak lortu du Pello Mari Otaño beka. Hain zuzen ere, Beñat Iguaran, Haritz Mujika, Imanol Artola, Mikel Artola, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal bertsolari eta ikerlari taldeak osatuko du lana.

Elkarlanean

Beñat Iguaran amasarra da ikerketa proiektuan parte hartuko duen kideetako bat. “Elkarri adarra jotzeko ohitura handia izan da Aiztondo bailaran, hitzez kantatzen zuen bertsolari asko. Herri txikietan, baserrietan, esandakoari esaldi edo ateraldiekin erantzuteko ohitura handia izan da: hitz jokoak erabiltzekoa. Ahal direnak errekuperatzen saiatuko gara gu”, azaldu du. 

Uda igaro ondoren ekingo diote bilketa lanari, bertso liburuetara joz nahiz zuzeneko elkarrizketak eginez. “Ea zer bilatzen dugun. Euskara maila polita izan da Aiztondo bailaran: artista jende asko daukagu bertan, baserrietan bizi direnak asko. Pertsona interesgarri ugari ezagutuko dugula iruditzen zait, eta pertsona helduek haien garaiko istorioak kontatuta, kontu berriak jakingo ditugu. Haietako batzuei elkarrizketak egiteko asmoa dugu, eta baita bertso liburuetan bildutako pasarte eta esapideak jasotzekoa ere”, jakinarazi du Beñat Iguaranek.

Sei lagun elkarlanean arituko dira Pello Mari Otaño bekaren baitan, eta erronka polita da amasarraren hitzetan. “Irakurtzeko lan dezente izango dugu, eta denon artean irakurriko ditugu irakurri beharreko liburuak, lana pixka bat arintze aldera. Uda igaro ondoren ekingo diogu liburuak irakurri, datuak bildu eta elkarrizketak egiteari”. 2021eko uztailean aurkeztuko dute lana.

Artikulua osorik irakurgai Aiurri hamaboskariaren 565 zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!