EkonoVID

Beterri-Buruntza Mankomunitatea sortzeko azken urratsa

Aiurri 2020ko uzt. 18a, 10:00

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udal-korporazioetako ordezkariak Hernanin batzartu ziren astelehenean, Mankomunitateko estatutuei lehenbiziko onarpena emateko.

2017tik Udalen arteko lankidetza-hitzarmen bidez funtzionatzen duen egiturari sendotasun juridiko eta administratiboa eskainiko zaio, tokiko garapenaren eta sustapen ekonomiko eta enpleguaren eremuan lanean jarraitzeko. Eskualdeko Batzorde Sustatzaileak gidatutako batzarrean, Mari Jose Izagirre lehendakariak estatutu hauen onarpenerako helburuak eta prozeduraren bilakaeraren berri eman zuen. Estatutuetan jasota gelditzen da eskualde mailako toki-erakundeak Beterri-Buruntza Mankomunitatea izena izango duela, eta legezko helbidea Hernanin kokatua izango duela. Funtzionamendu deszentralizatua izango du, ordea, administrazio-leihatila bana egongo baita udalerri bakoitzean.

Agentziak bidalitako oharraren arabera, “herritarren ongizatea hobetzeko helburuak lehenesten dira: giza garapen jasangarria erraztuko duten jarduerak proposatzea eta sustatzea, eta horien bidez, ingurumena errespetatu, sozialki arduratsua den jarduera ekonomikoa sustatu eta herritarrak partaide sentituko diren prozesuak eskaintzea. Maila zehatzagoan orain arteko enplegu sustapena, ekintzailetza eta enpresa zerbitzuak ere jasota gelditzen dira”.

Estatutu berrietan aipamen berezia egiten zaio une honetan COVID-19aren ondorioei aurre egiteko eskualdeko ehun soziekonomikoa berrindartu eta etorkizuneko erronkak elkarrekin lantzeko une estrategikoari.

Mankomunitatea osatzeko azken aurreko urratsa

Onartu berri diren estatutuen onarpena behin-behinekoa da oraindik. Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratu eta aurkeztutako alegazioak ebatziko dira, halakorik balego. Ondoren, udal bakoitzak bere udal osoko bilkuretan behin betiko onarpena eman beharko die estatutoei.

Mankomunitatearen sorreran mugarri izango den onarpen honekin, "eskualde kohesionatuagoa lortzeko egitura ezezik, helburu konpartituak lortzeko baliabide egokiak izatea aintzakotzat hartzen da. Orain arteko adostasuna eta elkarlanaren balioak indartzeko konpromisoa hartu da estrategia berriak landu eta erabakiak hartzeko gobernantza eredu kolaboratiboan pausu sendoak emanez".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!