Koronabirusa

Maskararen erabilera sustatzeko kanpaina abiarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Aiurri 2020ko uzt. 17a, 08:00

Gizartean ezagunak eta beren arlo profesionalean erreferenteak diren hainbat gipuzkoarrek musukoaren erabilera sustatzeko kanpainan parte hartu dute. Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du, eta sareetan #MaskaraBeti traolaren bidez jarrai daiteke.

 

Aldundiak bidalitako oharraren arabera, “Kanpainak norbanakoen erantzukizuna areagotu nahi du eta jendea COVID-19aren aurrean inola ere ez erlaxatzera bultzatu, bat eginez euskal erakunde guztiek #MaskaraBeti goiburuaz abian jarriko dituzten gainerako ekimenekin”.

“Maskara erabiltzea eta osasun arloko neurriak zorrotz betetzea: horixe da erarik onena norbera babesteko eta besteak ere babesteko”, adierazi du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta gipuzkoarrei dei egin die “ez ahaztera azken hilabeteotan ikasi behar izan dugun guztia”.

Abiatzear da kanpaina eta hainbat arlotan oso ezagunak diren herritarrek parte hartuko dute, kultura, kirol, gastronomia, zientzia eta hedabide arloetakoek. Besteak beste, Pedro Miguel Etxenike fisikari ospetsua, Elena Artzak eta Karlos Arguiñano sukaldariak; Joseina Etxeberria, Xabier Euzkitze, Gabriela Uriarte, Kike Amunarritz, Juan Carlos Etxeberria eta Julian Iantzi komunikatzaileak; Aritz Aranburu surflaria; Real Sociedad taldeko Ane Etxezarreta eta Ander Guevara futbolariak; Richard Oribe igerilaria; Tati Garmendia Bera Berako eskubaloiko arduraduna; Leire Martinez, Pablo Benegas eta Izaro musikariak; Koldobika Jauregi eskultorea; Aitor Arregi zinemagilea eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria; eta Twin Melody ordiziar dantzari eta kantariak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!