Kartzela zigorra bisoi europear bat akabatzeagatik

Xabier Lasa 2020ko uzt. 20a, 12:40

Bisoi europearra desagertzeko arrisku bizian dago Europa osoan. Argazkia: LifeIrekibai

Leitzarango bailaran, Andoaingo lur sailetan bisoi europear bat hiltzeagatik epaile batek urte bat eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio pertsona bati. Espezie hori desagertzeko arrisku larrian dago Europa osoan.

Hiltzea 2018ko otsailean Andoaingo baserri baten inguruan gertatu zen, Leitzarango bailaran. Donostian egin zen epaiketan, auzipetuak bisoiari tiro egin izana aitortu zuen. Aurrez, 2014an, 2.404ko euro ordaindu zizkion Foru Aldundiari kalteordain gisa. Gauzak horrela, kartzela zigorra bertan behera geratzea erabaki zuen epaileak, auzipetuak bi urtetan berriro halakorik ez egitearen baldintzapean.  

Bisoi klase hori, lintze iberikoarekin batera, espezie okela-jalerik mehatxatuentzat jotzen da Europan, egun. Frantzia eta Espainiako estatuetan, Ukrainan eta Errumanian bizi dira soilik.

Hiru arrazoi nagusi aipatu izan dira bere gainbehera ulertzeko: ehiza intentsiboa bere larrua lortzeko asmotan, erasokorragoa eta handiagoa den bisoi amerikarrarekin daukan lehia, eta, habitataren suntsiketa.

Estatu espainiarrean 500 bat bisoi gera daitezke bizirik, EAEn, Nafarroan, Gaztela-Leonen eta Errioxan. Epe motzera desagertzeko zorian dagoela ziurtatu du Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasuna elkarteak. Hori dela eta, sustapen programak ezarri dira hainbat lekuetan, espeziarentzat habitat egokienak hartzen direnetan.

Europako Life Lutreola hazkuntza-programa garatu da espezie hori zabaltzeko; horrela, ernai dauden emeak egoera erdi basatian hazten dira. Programa horren baitan, hain zuzen, eme bat eta haren kumea Leitzarango bailaran askatu zituzten 2017ko urrian; bi bisoien askatzea ETBko Teknopolis saioan ikusi ahal izan zen. Horietako bat izan daiteke 2018ko otsailean hil zutena. 

Bere ezaugarri fisikoei dagokionez, arrek 50-60 zentimetroko luzera dute, emeek, berriz, 45-50 zentimetrokoa; pisutan, apenas iristen diren kilo batera. 

Ibai, errekasto, ubideak dira bisoi europearraren ekosistema naturalak. Begetazio handiko lekuetarako joera agertzen du, bertan babesa eta elikadura lortzen duelako. Bere elikadura, arrainek, ugaztun txikiek, anfibioek, intsektuek, narrastiek eta hegaztiek osatzen dute.

 

Izokien askatzea Leitzaranen

Bestalde, Foru Aldundiak 20.000 izoki gazte Leitzaran eta Urumeako ibaietan askatu zituen uztailaren 8an. Espezi hori berreskuratzeko egitasmoaren baitan kokatzen da askatze hori. Aldundiak, egun, espezie hori ibaietan birpopulatzeko asmoz, hiru ekimen burutzen ditu nagusiki: Irungo haztegian izokin basatiak hazi, gazteen populazioa aztertu, eta habitata hobetzeko neurriak hartu (presak eraitsiz, arrainentzako eskalak sortuz eta ur ekologikoen emana bermatuz).

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!