Koronabirusa

Azken egunetan kutsaturik ez da egon adineko egoitzatan

Aiurri 2020ko uzt. 22a, 12:36

Eider Mendoza foru bozeramaileak, atzoko agerraldian, Aldundiak kudeatzen dituen baliabideetan Koronabirusa izaten ari den eraginaren errepasoa egin zuen. Adinekoen egoitzei dagokionez, Aldundiaren arabera, "momentu honetan ez dago COVID-19 gaitzak eragindako egoiliarrik".

Mendozak Gipuzkoako herritarrei arduraz jokatzeko eskatu zien, modu indibidual zein kolektiboan, gaixotasunaren berragerpenak ekiditeko. Bereziki gazteenei zuzendu nahi izan zien mezua: “Gutako bakoitzak egiten duenak guztion etorkizuna baldintzatzen du eta, beraz, izan gaitezen arduratsuak, eta momentu oro bete ditzagun Osakidetza eta osasun arloko agintariek ematen dizkiguten gomendioak”.

Adineko egoitzetako arduradunekin bilera

Bezperan, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak bilera telematikoa egin zuten Gipuzkoako 65 adinekoen egoitzetako arduradunekin. Helburu nagusia azken egunetan hartutako prebentzio-neurriak partekatzekaeta kontrastatzea zen. "Gure lehentasuna birusaren eraginen aurrean ahulenak diren pertsonen ongizatea zaintzea da; horregatik, ezinbestekoa da prebentzioan sakontzen eta aurrea hartzen jarraitzea, azkar eta eraginkortasunez erantzuten jarraitzeko", adierazi zien Markel Olano diputatu nagusiak.

Egun batzuk lehenago, uztailaren 18an, Nekane Murga Osasun Sailburuak adinekoen egoitzatako egoiliarren irteerak murrizteko agindua eman zuen, azken egunetako positiboen bilakaeraren aurreran.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!