Milioi bat eurotik gorako laguntza iragartzeko agerraldian, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak xede nagusiaz hitz egin zuen: “Helburua da orekatzea azpisektore hauetako ustiategi askok jasan dezaketen errentagarritasun egoera, haien jarraikortasuna erraztuz, eta, horrekin batera, ekarpena eginez Gipuzkoako landa inguruneko jarduera ekonomikoari, enpleguari, eta biziberritzeari”.
Aldundiak zabaldutako oharraren arabera, Koronabirusak eragindako krisiaren eragina lehen sektorean askotarikoa izan da, “azpisektore batzuek jarduerari eutsi ahal izan diotelako -bereziki, premia biziko elikagaiak hornitzera bideratutakoa-, eta beste batzuek, berriz, alarma egoerarekin batera etorritako geldialdi ekonomikoak eta eskari-krisiak zuzenean eragin dietelako”.
Laguntza lerroaren oinarri guztiak laster argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Deialdiaren informazioa eta eskaera orri normalizatua eskuragarri egongo dira Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren Landa Garapeneko sailaren webgunean.
Funtsezko jarduera
Diputatuak azpimarratu duenez, egungo krisiak agerian utzi du lehen sektorearen jarduera funtsezkoa dela gure etorkizunerako. Lasaren hitzetan: "Gizartea jabetu da zeinen garrantzitsua den lehen sektore indartsu bat izatea, gai dena osasun eta kalitate berme guztiekin premia-premiazko produktuak eta lehengaiak emateko, eta gure elikagai hornidurak eta km 0 produktuen kontsumoa bermatzeko; edo klima aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko. Ezin dugu ahaztu jarduerak Gipuzkoako azaleraren % 90 hartzen duela, eta, beraz, berebiziko garrantzia duela lurraldearen kontserbazioaren, egituraketaren, kudeaketaren, eta orekaren ikuspegitik. Kontzientzia hartze hori aprobetxatu behar dugu lehen sektoreak COVID-19a iritsi aurretik zeuzkan erronka nabarmenei gizarte bezala erantzuteko".