[IN MEMORIAM]

Joan Mari Torrealdaik ohorezko aipamena jaso zueneko elkarrizketa

Aiurri 2020ko abu. 1a, 08:00

Erreferentziazko kazetari eta idazle handia izan da euskarazko kazetaritza garaikidean. Aitortza ugari jaso zituen bizi zen artean. Horietako bat, 2007an, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko "Ohorezko aipamena". Sariketari buruzko argitalpen berezian, elkarrizketa mamitsua ageri da.

Labirintoan ibiltari, nekaezin

Euskal kulturaren labirintoan hainbat bide jorratu ditu: Kazetaritza, liburugintza eta saiakerarena besteak beste. Hainbat ate itxita topatu arren beti jakin du labirintoan aurrera egiten.

Bere lehenengo ikasketak Foruko herri eskolan egin zituen. Batxilergoa, Arantzazun burutu zuen. Ondoren Filosofia ikasi zuen Nafarroako Oliten. Han hiru urte (1954-1959) igaro zituen eta beste lau urtez, (1963-1967) Arantzazun egon zen Teologia ikasketak egiten. Bertan amaitu zuen apaiz karrera 1967an. Urte berean hartu zuen Jakin aldizkariko zuzendaritza bere gain Karlos Santamaria eta Rikardo Arregirekin batera. 1969an, Joan Marik bi euskarri galdu zituen: Administrazioaren debekuz Jakin bera eta Rikardo Arregi adiskide eta lankidea auto istripuz. Heriotz bikoitz horri bizitzen eta ikasten jarraituz erantzun zion Torrealdaik. Frantzian, Toulousen zehazki, Teologian Lizentziatu zen (1972) eta aldi berean, Hizkuntza Frantsesean Diplomatura lortu zuen. Geroago, Frantziako hiriburuan bertan, Gizarte Zientzietan lizentziatu zen. Frantziatik bueltan, Anaitasuna hamaboskariaren zuzendari izan zen eta horren gidaritzan ziharduela, “geu gara euskal prentsa” aldarrikatu zuenetariko bat izan zen. 1977an, Anaitasunaren ibilia amaitzearekin batera,

Soziologiako irakasle moduan jardun zuen Deustuko Unibertsitatean, baita gerora, EHUn ere. Urte hartan debekuaren itzalpetik argitara atera zen ostera ere Jakin. Lan talde berriarekin, lehenago eskola eta lantoki izan zuen agerkarira bueltatu zen Joan Mari, ordutik gaur arte, bertako zuzendari izan delarik. 80ko hamarkadan, beste proiektu batean murgildu zen: euskarazko egunkaria. Egunkaria Sortzen ekimenean hartu zuen parte, besteak beste, Joxemi Zumalabe eta Martin Ugalde alboan zituela. 1990ean argia ikusi zuen Euskaldunon Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko kide, zenbait urtez, Editorial Kontseiluko zuzendari eta 2000tik 2003ra, Administrazio Kontseiluko lehendakari izan da. Egun, auzipeturik dago epaiketaren zain.

Bere ibilbide luze eta emankorrean, Torrealdaik euskal kultura eta euskara izan ditu aztergai argitara eman dituen hainbat ikerketa eta saiakeratan. 1977an Euskal idazleak gaur, 1984an Euskara eta Euskal Telebista 1997an Euskal kultura gaur. Joan Marirena da baita ere, XX. mendeko euskal liburuen katalogoa burutzeko ekimena, aurreko mendean euskaraz plazaratu ziren liburu guztiak bilduz. 1998an ostera, El libro negro del euskera liburua ondu zuen. Gogoz eta arimaz landu duen beste gaia zentsurarena da. Horrela burutu zuen Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politikoak eta Soziologia Fakultatean egindako tesi doktorala: La Censura gubernativa y el libro vasco (1936-1983). Labirintoko hainbat atek lehenagotik egindako bideetara eramaten dute, eta Joan Marik, zentsura ikertu ostean, 2003an Euskaldunon Egunkaria-ren itxierarekin bere larrutan pairatu zuen.

Umoretsu eta irrifarra ahoan duela atzera begira jarri da euskal kulturaren laberintoko bide, txoko eta zirrikitu ia guztiak ezagutzen dituen gizona, Joan Mari Torrealdai.

JAKINen garapena eta Torrealdairen ibilbidea estu-estu lotuta doaz. 1961 urtean debekatu zuten lehen aldiz Jakin. 19 urte zenituen orduan. Non zinen zu orduan? Nolakoa zen orduko gazte hura?

34 bat urte daramatzat Jakin-en zuzendari gisa, horietako gehienak aldizkariaren eta bestelako proiektu eta zerbitzuen buru. Jakin-ek eta biok urte mordoa daramagu elkarri lotuta, armonia onean. Baina aipatzen duzun data horretan ez genuen elkar ezagutzen. Ez dut gogoan debekuaren berri izan nuenik ere, Arantzazutik aparte bainengoen orduan, ikasketak egiten.

22 urte besterik ez zenituela, 1964. urtean sartu zinen JAKIN-eko zuzendaritza taldean. Baina bertan hasi baino lehen, zer zen JAKIN zuretzat?

Artean ikasle gaztetxo ginenontzat Jakin-ek prestigio handia zuen. Ohore handia zen Jakin-eko kide izatea. Inoiz esan izan dut Jakin-en sartzea hautatuen klubean sartzearen pareko zela guretzat orduan. Gure aurrekoek, Joseba Intxausti batek, Joxe Azurmendi batek, izena bazuten ordurako. Sartu aurretik ohorea zen Jakinkide izatea, eta sartu eta gero konturatu nintzen lana eta erantzukizuna zela.

1966-1967 urtean irakasle aritu zinen Zarautzen. Etorkizunean egingo zenuen arrastorik ba al zenuen orduan?

Irakasle izan naiz, lehenengo Zarautzen, eta gero Deustu edo Leioako Unibertsitateetan, baina bokaziorik gabe. Ez dut sekula maite izan irakasle ofizioa. Ni ez naiz nonbait inori “lezioak” ematekoa. Gehiago gustatu izan zaizkit ikerketa, azterketa eta horien dibulgazioa.

Idatziari lotua joan da nire bizitza, idazlumari, eta ez pulpitoari, katedrari, mikrofonoari. Ez dakit zergatik, egia esan. Agian Martin Ugaldek esaten zuen horregatik, distantzia egokiagoa dela burutik eskura doana, burutik ahora bitartekoa baino, pentsatzen duzuna azaltzeko momentuan.

Lehenengo urte horiek nahasi samarrak izan ziren. Esan daiteke, agerkaria krisian zegoela batez ere 1967an. Zerk eraman zuen egoera horretara?

Frankismo garaian dena zen nahasia, adierazpen askatasuna tarteko zeukan guztia. Eta batez ere frankismoaren bigarren aldian, guri tokatu zitzaigun hartan. Legearen eta gizartean tartean geunden gu, gure aldizkariarekin. Legea ezin estuagoa zen, eta gizartea bor-borrean zegoen. Ataka horretan ez dira harritzekoak isunak, debekuak eta astinaldiak. Jakin-en kasuan, gainera, barruko krisia ere bazen, hazkunde krisia, Arantzazuko estudiante gazteentzat “handiegia” baitzen Jakin-en inguruko burrunba.

Adituek diote Karlos Santamariak JAKIN Arantzazutik ateratzean aldizkaria bera “salbatu zuela”.

Neurri batean berari eskerrak gorde zuen Jakin-ek bere independentzia, “felipeen” saio bat izan baitzen Jakin-ez jabetzeko, eta Karlos Santamaria enteratuta zegoen, gu ez. Bai orduan, zorionez, eta bai geroztik Jakin-ek beti eman dio urregorriaren balioa independentziari.

Karlos Santamaria, Rikardo Arregi eta zu zeuk osatzen zenuten zuzendaritza. Nolakoa zen lan talde hura?

Jakin-en krisi horretantxe jaso nuen nik aldizkaria hartzeko enkargua. Bidaurretako bilera haren ondoren Jakin independiente mantendu zen, bai, baina ahul, ekiporik gabe, hilzorian. Orduan soluzio bila Karlos Santamariarengana eta Rikardo Arregirengana jo nuen, eta biei esker lortu genuen ekipo berria martxan jartzea, eta batez ere Jakin berria diseinatzea, Frantziako “Esprit” aldizkari pertsonalistaren eredura. Talde handiagoaren barruan guk hirurok ekipo motorra osatzen genuen: Karlos Santamariak gaiak proposatu, Rikardo Arregik diseinatu eta nik kudeatu egiten genuen.

Azurmendik esana da 1968-1969 “loriazko urtea” izan zela. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Urte zail eta aberatsak izan ziren haiek, ez bakarrik Parisen, baita Euskal Herrian ere. Jakin-ek ere izan zuen bere protagonismotxoa, batez ere jaiotzen ari zen euskalgintza berriaren gidari moduan. Egin kontu urte horietan sortzen direla Ikastolak, Euskalduntzea eta Alfabetatzea, argitaletxe berriak, Euskal Kanta Berria. Nik zorte handia izan nuen aldamenean Karlos Santamaria Erredakzio Buru eta Rikardo Arregi laguntzaile izanda. Bata intelektual europarra eta bestea eragile peto-petoa.

Zuzendaritza hartu zenuenetik aldizkaria bera salbatu zenuela dioenik ere bada.

Hala izango da, baina ez da nire meritua. Berriz diot zorte handia izan dudala beti, bai orduan eta gero ere bai Jakinkideekin. Hasi pentsatzen, Karlos Santamaria, Rikardo Arregi, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi, eta beste asko izan ditut ondoan.

Gaurrari eta herriari lotutakoa” Hori zen JAKIN berrituaren definizioa… JAKIN zenbaterainoko izan zen baliagarria indarrean zegoen joera diskurtsiboa berritzeko edo modernizatzeko?

Urte haietan Jakin katalizatzailea izan zen, euskalgintza berriaren plataforma, ideia eta aldarrikapen berrien bozgoragailua. Jakin erreferentzigune berritzailea izan zen, ez da dudarik, batez ere, berriz diot, Karlos Santamaria eta Rikardo Arregiri esker.

Loriazko urteak amaiera latza izan zuen: Arregiren heriotza eta Jakinen bigarren debekua.

Gutxi iraun zuen aldi horrek. Pare bat urte. 1969ko uda, madarikatua da Jakin-en historian. Uztailean Rikardo Arregi hil zen bide istripuan, eta hurrengo hilean, Madrilgo Gobernutik, Jakin aldizkariak zigorrik handiena jasan zuen, debekua, zenbaki editoriala kantzelatzea, hau da, heriotza. Hortaz, bi hilabete eskasetan leader eta aldizkari gabe gelditu ginen. Umezurtz.

Elkarrizketa hau bilduko duen argitalpenaren eta ohorezko saria beraren atzean Rikardo Arregiren izana dago. Inor gutxi, zu bezala, Rikardo Arregi gogoan hartzeko…

Ez dakit nola adierazi barruan dudana. Sari bat, edozein delarik ere, beti da gozo, baina hau sari baino askoz gehiago da niretzat, sariaz gainera ohorea. Sarirako izendatu nautenek ez dute imajinatu ere egingo eman didaten poza, ilusioa. Rikardo laguna eta lankidea izan nuen, adinkidea izatez gainera. Urtetan saiatu izan naiz Rikardoren izena eta izana ezagutarazten. Eta orain zer da eta, ordainetan bezala datorkit haren esker ona!

XX.mendeko euskal liburuen katalogoa argitaratzeko lan handia hartu zenuen. Nondik atera indarra horrelako ekimen erraldoiak portu onera eramateko?

Liburuaren mundua nire neure mundua da aspaldi honetan. Baina katalogo lanetan hasi, kasualitatez hasi nintzen, hutsunea betetze aldera. Nik lan soziologikoa egin nahi nuen Parisen nengoela, alegia, liburuek nola islatzen zuten kultura, euskal kultura. Baina oinarrizko informazioa falta zitzaidan, liburuen fitxa bibliografikoak, zer publikatzen zen. Informazioa biltzeko ahaleginetan hasi behar aurrena. Hasieran behin-behinekotzat hartu nuen lana afizio bihurtu zitzaidan gerora. Eta orain ofizio eta afizio! Lan elkorra da, astuna bai horixe, baina maratoilari bat lanaren luzeak eta handiak ez du beldurtzen.

1969tik 1977ra arte iraun zuen Frankismoak Jakin-i ezarritako debekuak. Tarte horretan bestelako eginkizunak izan zenituen. Euskal Idazleen Elkarteko idazkari lanetan aritu ziren. Zein helburu zituen erakunde hark garai haietan?

Hasteko eta behin, 1969an Jakin debekatu zutenean Frantziara jo nuen ikasketak burutzera, aurrena Okzitaniako Tolosara eta gero Parisera. Han egonik ere Euskal Herria nuen buruan eta bihotzean, honako prestatzen egon bainintzen, eta hantxe abiatu nuen euskal kulturaren soziologia, “Euskal Idazleak gaur” liburua, esate baterako.

Hemen nengoela egia da Euskal Idazleen Elkarteko idazkaria izan nintzela, bi talderen arteko zubigile, Arestiren taldea eta Txillardegiren taldea. Euskara batua bultzatzea eta finkatzea zen elkartearen helburu nagusia, eta ez idazleen interes gremial edo profesionalak.

Frantziatik bueltan Anaitasunaren zuzendari izan zinen Bizkaian.

Bai, halaxe da. Anaitasuna krisian zegoen eta bertakoek Jakin-era deitu zuten laguntza eske. Parisen nengoen orduan. Joseba Intxaustik hartu zuen zuzendaritza, eta aldizkaria zein taldea bideratu, eta gero hartu nuen nik. Esperientzia laburra izan zen, hiruzpalau urtekoa, baina bizia eta interesgarria. “Newsmagazine” formatua eman nion aldizkariari, modernotasuna, prentsa diglosikoari aurre egin ahal izateko. Gogoratu urte horietan sortu zirela Punto y Hora de Euskal Herria, Garaia, Berriak, eta hurrengo urtean Deia eta Egin.

Urte batzuk geroago “Prentsa Euskaraz” kanpainan esku hartu zenuen.

70eko hamarkadaren erdi aldera, Franco hiltzean, prentsa elebiduna indartu zen hemen. Guk diglosikoa deitzen genion prentsa horri. Kuestioa da kalte handia egin ziela euskara hutsezko aldizkariei. Horren aurrean kanpaina anbiziotsu bat jarri genuen indarrean, 1980an uste dut, “Geu gara euskal prentsa” esaten zuena. Han geunden, oker ez banago, Anaitasuna, Argia, Herria, Jakin eta Saski-Naski. Kanpaina horretan ni Jakin-eko zuzendaria nintzen, Anaitasuna utzita.

Datuak bildu, argitara eman… Bihotz begiekin lan egiten duen analista al zara?

Zorte handia izan dut lanean eta lanarekin beti. Gustatzen zaidana egin dut. Kultura, hizkuntza, liburua..., hori da nire mundua. Gustuko bidean aldaparik ez, badakizu.

Jakin, liburugintza, euskara… 65 urte betetzera zoaz eta euskarari eta kulturari egin diozun ekarpena izugarria da. Ekintzailea, sustatzailea… Nola definitzen duzu zure burua?

Egia esango dizut, ez dut uste nire ekarpena izugarria denik. Ez diot hori sasi apaltasunez. Hori bai, nik zerbait egin badut hori lana da, bakarka eta elkarlanean. Nola definitu neure burua? Ez dakit; ekintzailea?, sustatzailea? Nahi baduzu, bai, baina batez ere langilea, eta lankidea.

Euskara eta bere zapalkuntza izan da, oro har, ikertu duzuna. Jakinen bi debekuak, Frankismoan hazi izana… Noiz kokatzen da jardun horren sorburua?

Euskararen zapalketan eragiten duten kanpoko faktoreek asko arduratu naute beti, batez ere politikoek. Ez da mihi gaiztoren batek dioen bezala, errua kanpora botatzearren, baizik eta hizkuntza fenomeno soziala delako, eta erabaki politikoek eragin izugarria dutelako euskararen bizitzan. Guk jaso genuen euskara hizkuntza marjinal eta desprestigiatua zen. Eta horrezaz gainera, esperantza sozialik ez

zuen. Orduko esaldia da, esate baterako: ni bizi naizen artean euskara ez da hilko. Hizkuntzaren iraupena ez dela zure eta nire erabaki pertsonalaren baitakoa, hori da alde batetik erakutsi nahi izan dudana. Eta bestetik, agerian utzi nahi izan dut, euskarak baduela historia beltz bat, frankismoan noski, baina haratago ere bai. Susmoa dut ikuspegi hori batzu-batzuri ez zaiela gustatu.

Zentsuraren azterketak ere sustrai bera du, azken batean. Doktoradutzako tesia egin nuen zentsurarekin, euskarazko liburua eta euskal gaiari egin zitzaion zentsura aztertuz. Urte asko igaro nuen han eta hemen hori aztertzen, Madrilen bertan lau urtetan hainbat hilabete pasa nituen artxibotan.

Frankismoaren itzala hain zen sakona gizartearen inkonszientean oraindik ere indarrean zegoela erregimena amaitu eta gero.

Literatura aipatuz, zurea da 1977. urtean idatzitako esaldi hau: “Zentsurapean argitaragarri ez zen moduko libururik ere ez da atera…”.

Zentsuraren harlosa gainetik kentzean hildakoak berpiztu egingo zirela uste zen nonbait, hau da, zentsura garaian atera gabe gelditu ziren obra asko plazaratuko zela orain bat-batean. Eta ez zen horrela gertatu. Zergatik? Azken batean zentsurak hil egiten duelako sormena, pentsatzeko ahalmena, eta ez bakarrik adierazpen askatasuna edo argitalpena. Basamortu bihurtzen du kulturaren baratza zentsurak, eta horixe egin du 40 urtetan.

Zuen belaunaldia zentsuratik pasatako argitalpenak irakurtzera ohitu zen. Ikerlari eta euskaltzale bezala, Archivo Generaletik berreskuratutako Arestiren obra osoa zentsurarik gabe Susak argitara ematea garaipen txiki bat izan al zen?

Ba bai. Eta hori bezala beste batzuk ere aurkitu nituen, bere bertsio originalean. Frankismopean, publikatu diren liburu asko ez dago jatorrizko bertsioan baizik eta zentsurak orraztuta. Diozun bezala Arestiren hainbat poema aurkitu nituen han zentsuratuta, baina baita ere Joxe Azurmendiren Hizkuntza, Etnia eta Marxismoa-ren lehen bertsioa, Orixe handiaren Mamutxak euskaraz eta erdaraz, Pio Barojaren Miserias de la guerra eleberria, eta gehiago. Pertsonalki aurkikunderik handiena, hala ere, Jakin aldizkariaren debekuarena izan zen. Dossier osoa aurkitu nuen, nire gestioak tarteko, eta han konturatu nintzen zein maltzurra den Estatua.

Horrenbeste denboran zentsuraren nondik-norakoak ikertzen aritu ondoren, zuk zeuk zure azalean bizi behar izan duzu modu gordinenean, Euskaldunon Egunkariaren itxierarekin. Paradoxa ala patua, zer da hori?

Pentsatzen hasita nago kausa-efektu erlazioa dagoela nire ikerketen eta atxiloketaren artean. Esan nahi dudana da, urtetan ibili naizela Estatuaren barrunbe beltzak arakatzen, euskararen aurkako erabakiak aztertuz, zentsura frankista aztertuz, eta hori ez dela izan zenbaiten gustukoa. Horrela bakarrik esplika dezaket atxilotzerakoan guardia zibil taldearen buru egiten zuenak bota zidana, esatean, idazluma batzuek pistolek baino gehiago hiltzen dutela. Nire lanaz ari zen. Guardia zibilaren aurretik esana zuten Aznarren garaiko intelektual organiko-mediatiko batzuek nirea bezalako material horiek indarkeria elikatzen zutela. Gogoratu izan diet inoiz edo behin memoria historikoa berreskuratzea ariketa intelektualaz gainera justiziazkoa dela, eta amnesiak historiarik beltzenak errepikatzeko bidea irekitzen duela.

Euskaldunon Egunkaria ahotan hartu dugunez, proiektu honen hastapenetako urteetara joango gara. Nola oroitzen dituzu, euskarazko egunkaria errealitate egiteko erronka hartu zenuten urte haiek?

Urte korapilatsuak ziren Ajurianeako Ituna indarren zegoenekoak. Eten politikoak eragin sakona ekarri zuen kulturara ere. Nola egin giro trakets eta bihurri hartan proiektu bateratzaile bat? Hori zen Euskaldunon Egunkariaren erronka, apustua, eta batzuentzat ezinaren pareko utopia. Sinetsi genuenok bildu ginen proiektu hartan. Martin Ugalderi eta bioi interesgarri iruditu zitzaigun proiektua eta bertan integratu ginen.

Egunkaria Sortzen taldeak 1989an ekin zion euskarazko egunerokoa sortzeko bideari. Presaz egin beharreko bidea zen hura, zeren Jaurlaritzak aginduta, proiektu bat jarri nahi zen martxan. Tentsiozko urteak izan al ziren haiek?

Haustura politikoa kulturara ekartzeko modu desegokia izan zelakoan nago. Guk geure bideari eutsi genion bai proiektuaren ezaugarrietan eta bai erritmoan. Eusko Jaurlaritzaren proiektu hura serio zihoan inpresiorik ez dut, ez orduan eta ez orain. Egitasmo haren benetako asmoa ez zen egiazko egunkari bat plazaratzea, nire iritzian.

Azkenean Jaurlaritzaren proiektua ez, Egunkaria Sortzen taldearen proposamena bilakatu zen errealitate. Zer egin zenuten zuek ondo edo zer egin zuten beraiek gaizki?

Indar sozialetan itsatsita, ongi sustraituta Euskaldunon Egunkaria zegoen, ez bestea. Ez genekien oso ondo luze iraungo zuen, baina irautekotan honek bakarrik egin zezakeela aurrera, bai. Ireki jokatu genuen, horra gakoa. Administrazio Kontseiluan Eusko Jaurlaritzako ordezkariari leku egin genion hasiera-hasieratik, eta onartu egin zuten eskaintza lau urteren buruan bada ere, Egunkariaren atzean ez zegoela mamurik konturatu zirenean. Lau urte kostatu zitzaigun konfiantza irabaztea.

1990ean aurkeztu zenuten Euskaldunon Egunkaria, mugarri berria euskarazko kazetaritzan. Jakinentzat Santamaria edo zu zeu bezala, Egunkariarentzat gakoa Joxemi Zumalabe izan al zen?

Joxemi Zumalabek bizia eskaini zion Egunkariari. Bere osasunaren gainetik jarri zuela Egunkaria esango nuke. Bera izan da burua eta motorra. Baina ez bera bakarrik. Berarekin zegoen Argia taldeari zor zaio Egunkaria martxan jartzea. Eta haiekin batera beste batzuei ere bai, Martin Ugalderi, Joseba Jakari, eta euskalgintzako gizon-emakume asko eta askori, Egunkaria Sortzen-ekoetatik hasi eta herri zein auzoetako euskaltzaleei.

Eta zer zor dio Euskaldunon Egunkariak Martin Ugalde Andoaingo seme kuttunari?

Labur-labur erantzungo dizut: Joxemi Zumalaberi konfiantza egin izana, proiektuaren sinesgarritasuna, egunkariaren irekitasuna

2003an, Del Olmo epaileak Egunkaria ixteko agindua eman eta espetxeratuak eta torturatuak izan zineten. Kartzelatik atera ondoren, buruan zenuen ideietako bat pasatakoak pasatuta ere, zure seme-alabak gorrotoan ez hezitzea zen...

Zer nahi duzu esatea, gorrotoak heriotza dakar. Maitasuna, aldiz, biziaren iturria da. Gorrotoak maitasuna hil egiten du, sorlekuan bertan, bihotzean. Nola opako diot ba maitasunaren partez gorroto hiltzaile hori nire familiari?

Egunkaria kasua oraindik ez da amaitu. Kalean zaudete bai, baina epaiketa bat duzue zintzilik. Zer gertatuko dela uste duzu?

Epaitu egingo gaituztela, eta errugabe izanik ere kondenatu egingo gaituztela, agian. Hala ere, espero dezagun Justiziaren arrazoia nagusitzea eta ez Estatuaren arrazoia. Nork jakin Auzitegi Nazionalean zer gerta daitekeen?

Absurdoa izan arren, egungo egoera politiko iluna erabakiorra izan daiteke zuen aurkako kausan…

Hala dira kontuak. Bultzada politiko garbia izan zuen gureak jatorrian. Espero behar dugu interes politiko hori desagertzea, eta justiziari leku egitea. Hitz hutsalak direla esan ditudanak konturatzen naiz, baina ez dakit zer besterik esan. Zeren eta guretzat justiziak hasiera bat du, epaiketarik ez egitea eta segida bat ere bai, guri egindako kalte moral eta materialen ordaina. Hauek ere hitz hutsalak dira, ordea, gaurko “desgiro” politikoan.

Pasatakoak pasatuta, zure aurkezpen txartel onena zure irribarreak jarraitzen du izaten.

Atxilotzean, terroristatzat tratatzean, zure izen ona edo prestigioa kakaztu egiten dute, eta bost eguneko zulo beltzean, zure autoestima oinperatu egiten dizute eta zure nortasuna txikitu... Egun horietan, irribarrea ez da erraza. Baina herrira itzultzean, zure jendearen berotasuna sentitzean irribarrea berriz datorkizu ezpainetara. Irribarrea ez da ezpainetan sortzen bihotzean baizik, bihotzaren aparra dela esango nuke, eta jendeari eskerrak emateko modua.

Jubilatzeko adinean sartuko zara, alabaina, zure ibilbidea erreparatuz, betiko lanean arituko zaren zalantzarik ez dago. Zeintzuk dira zure etorkizuneko egitasmoak?

Lehengo lepotik dut burua, eta lanean jarraitzeko asmotan nago noski, osasuna eta askatasuna lagun. Une honetan, zoritxarrez, bi eszenatoki batera landu beharrean nago: epaiketa ostean kartzelara joan edo etxera itzuli. Presondegirako ez dut programarik. Etxera banator, esku bete asmo daukat.

Zure memoriak paperean ikusiko al ditugu noizbait?

Ez. Ez dut uste. Idazluma ez dut erabili nahi ez autobonborako, ez mendekurako, memoria askotan gertatu ohi denez.

Komunikabideei buruz asko idatzi duzu.

Orain utzita daukat gai hori, baina garai batean asko arduratu nintzen komunikabideez, prentsa idatziaz batez ere baina baita ere telebistaz. Gustatuko litzaidake Euskaldunon Egunkariaren historia idaztea ere. Asmo hori izan dut betidanik. Baina ez dakit burutzerik izango dudan, dokumentazio guztia guardia zibilak inkautatu baitzidan, material ugari. Nik neuk biltzen nuenaz gainera nire ingurukoek edozein material entregatzen zidaten, Egunkariaren alde edo kontra. Eta nik dena gorde, egunen batean balioko zidalakoan. Zer pentsatu behar nuen ba nik guardia zibilentzat lanean ari nintzenik! Paper horiek denak garaiz itzultzen badizkidate, hitz ematen dut Egunkariaren historia idatziko dudala, pentsatuta neukan bezala.

Kazetaritza titulua ere atera duzu, 1984an, ordurako urte mordoa han eta hemen zuzendari gisa eginda gero. Berandu, ezta?

Berandu ez, beranduegi atera nuen titulua, behar ez zenean. Esplikatuko dizut. Jakin-eko zuzendari gisa, Anaitasuna-ko zuzendari gisa, legearen arabera kazetari titulua behar izan dut urtetan. Eta ni ez nintzen tituluaren jabe. Besteren batek utzitako tituluarekin aritzen ginen beti. Titulua atera behar nuela erabaki nuen. Bai atera ere! Baina halako batean kendu egin zuten tituluaren behar hori eta ni titulua eskuetan gelditu nintzen, baina alperrik. Karrera hasi nuenean behar zen, eta bukatu nuenean ez. Tituluaren esijentzia hori, egia esan, ez zegoen sortua jakituria segurtatzeko, kazetaritza kontrolatzeko baizik. Lege frankista zen.


*

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak, 2007.

Andoaingo Udalak sariketarako ekoiztu zuen argitalpenean argitaratutako edukia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!