"Pandemiak eta haren inpaktuek emakumeei eta gizonei desberdin eragiten dietela onartzea funtsezkoa da erantzun eraginkorra bermatzeko"

Jon Ander Ubeda 2020ko abu. 5a, 09:21

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida

Emakundek "Berdintasuna pandemia garaian. Covid 19aren eragina genero ikuspegitik" txostena argitaratu du. Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidaren hitzetan, "COVID-19ren pandemiak eta haren inpaktuek emakumeei eta gizonei desberdin eragiten dietela onartzea funtsezkoa da erantzun eraginkorra bermatzeko, inor atzean ez uzteko helburu argiarekin”.

Emakumearen Euskal Erakundeak ohar bidez azaldu duenez, “Txosten honen bidez, Emakundek analisi bat eskaini nahi du, genero-ikuspegia barne hartuko duena, COVID-19ren pandemiak emakumeengan eta gizonengan nola eta zergatik eragiten duen hobeto ulertzen lagunduko duena, ez bakarrik gaixotasunaren prebalentziari dagokionez, baizik eta enpleguan, gizarte-bazterkerian, ongizate emozionalean, familia-harremanetan, zaintzak bere gain hartzean eta abarretan dituen ondorioei dagokienez”.

Txostenak agerian uzten du zaintzaren arloan "re-familiarizazioa" eman dela, eta horrek eragin asimetrikoa izan du, eta, batez ere, emakumeei eragin die. Eragin hori desberdina izan da lanaren esparruan ere; izan ere, sektore feminizatuek (hala nola erizainek, erizaintzako laguntzaileek, garbitzaileek, zaintzaileek, adinekoen egoitzetako langileek edo administrari laguntzaileek) ohi baino modu gogorragoan egin behar izan dute lan, arrisku psikosozial handiagoei aurre eginez, eta, aldi berean, beren etxeetan ordaindu gabeko lanaren zama handitzen ikusi dute.

Lanaren Nazioarteko Erakundeak COVID-19k lan-merkatuan izan duen eraginari buruz adierazi duena txertatu dute txostenean. Erakunde horren arabera, eragin hori larriagoa izan da emakume langileen artean gizonen artean baino, krisiak gehien kaltetu dituen sektore ekonomikoetako batzuetan (ostalaritzan, jatetxeetan edo merkataritzan, adibidez) duten gehiegizko ordezkaritzarekin lotuta baitago.

Emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, COVID-19ren hedapena prebenitzeko eta arintzeko osasun-neurrien ondorioz, erasotzaileekin bizi ziren biktimek denbora-tarte luzeak igaro behar izan dituzte beren etxeetatik irteteko edo laguntza soziala edo instituzionala bilatzeko.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!