Koronabirusa

COVID-19aren kasuak eta kontaktuen kudeaketa

Aiurri 2020ko abu. 12a, 08:26

©Osatu Berri

Osakidetzak martxan du kasuen eta zuzeneko kontaktuen zaintza eta kontrol sarea. Euskadiko Osasun erakundeak euskaraz ekoitzen duen Osatu Berri aldizkarian langintza horretan murgilduta dauden profesionalekin artikulua osatu du. “Enpatia handiarekin hitz egin behar zaie pazienteei. Horrelakoetan jendea urduri eta beldurtuta egon ohi da”, adierazi du haietako batek.

Osatu Berri aldizkariaren 50. zenbakian, 2020ko uztaileko data duena, “Kontaktuen jarraipena koronabirusaren transmisio-katea eteteko” izeneko artikulua argitaratu da. Hauxe da edukia bere osotasunean:

 

COVID-19 gaitzaren izurriteak mundua «hankaz gora» jarri du, Nora Tapiak dioenez (Donostia, 1993). Erizaina da bera Tolosaldeko ESIan, eta COVID-19 gaitzaren kasuez eta kontaktuez arduratzen da. Haren hitzetan, koronabirusaren transmisioa ekiditeko sistema bat sortu beharra zegoen, eta hortik atera zen proiektua. Esti Mitxelena (Donostia, 1992), berriz, Donostialdeko ESIko erizaina da, eta bera ere COVID-19aren kasuak eta kontaktuak kudeatzen dabil. Biak ere espezialistak dira Familia eta Komunitate Arretan. Mitxelenak dioenez, «kutsaduraren katea moztea da helburu nagusia». Alde horretatik, eragileak elkarrekin koordinatu beharra dagoela azpimarratu dute.

Maiatz amaieran, proiektu bat jarri zuten martxan, Kasuen eta zuzeneko kontaktuen zaintza eta kontrol sarea izenekoa. Hartaz arduratzen den lantaldeak koronabirus-kasuen inguruko kontaktuak bilatzen ditu, eta horien jarraipena egiten du. Zenbait eragile elkarrekin antolaturik, birusaren kutsatze-katea etetea da helburua.

Zenbait eragilek zaintza-sare bat sortu dute. Alde batean, Medikuntza Prebentiboko Zerbitzua dago, ospitalean emandako kasuez arduratzen dena; bestean, Epidemiologia eta Osasun Publikoaren Zerbitzua dago; hori lantaldearen koordinazioaz arduratzen da; langileen osasunaz, berriz, Laneko Osasunaren Arloa arduratzen da; Osalanek gainerako enpresetako langileen prebentzio-zerbitzuak kudeatzen ditu, eta Lehen Mailako Arretako erizainek lehen mailan sortzen diren kasuen jarraipena egiten dute. EAEn 36 erizain ari dira lehen mailako arretan lan hori egiten: 11 Gipuzkoan, 6 Araban eta 19 Bizkaian. Txandaka antolatzen dira 08:00etatik 20:00etara. Asteburuetan guardia egoten da beti. Ordutegi horretatik kanpo, berriz, larrialdietara deitu behar dute.

EAEn 36 erizain ari dira lehen mailako arretan lan hori egiten: 11 Gipuzkoan, 6 Araban eta 19 Bizkaian

Jarraipena egiteko kasu bat dutenean, pertsonarekin harremanetan jartzen dira, eta lehenik eta behin, berrogeialdia nola egin adierazten diote; horrekin batera, etxean hartu beharreko neurriak azaltzen dizkiote. Horrez gain, kasu horren kontaktuei bi PCR egiten dizkiote. Lehen proba kontaktuarekin harremanetan jarri eta 24 orduren barruan egingo diote. Negatiboa ateratzen bada ere, pertsona horrek berrogeialdian jarraitu beharko du kasuarekin egon den azkeneko egunetik 10 egun igaro arte gutxienez. Positibo ematen badu, ostera, pertsona hori kasu bihurtuko da, eta berriz hasiko dira kasu horren kontaktuen azterketa egiten. Berrogeialdian den bitartean, positibo eman duen pertsonarekin harremana izan duenetik hamar egun igaro ondoren, bigarren proba bat egiten diote. Hamar egun horietan zehar, jarraipen telefonikoa egingo diote sintomarik ba ote duen aztertzeko. Sukarrik ez duela ziurtatu behar dute, eta horretarako tenperatura egunean bi aldiz hartu beharra dago.

«Koronabirusean positibo eman duen pertsona batek arrisku handia du bere ingurukoak kutsatzeko», adierazi du Tapiak. Hori dela eta, «lehenbailehen», eduki dituen gertuko kontaktu guztiak bilatu eta harremanetan jartzen dira haiekin, jarraipena egiteko, PCRak egiteko, gaixotasuna antzemateko eta berrogeialdian egon behar dutela jakinarazteko. Positiboa eman duen kasuaren kontaktuen jarraipena sintomak agertu baino bi egun lehenago hasten dute: pertsonari zeinekin egon den galdetzen diote, zerrenda bat osatzen dute izen-abizen eta telefono zenbakiekin eta kontaktu horiekin jartzen dira harremanetan, lehen PCRa lehenbailehen eskatzeko eta haiek ere bakartzeko.

Lau kontaktu-mota

Lau eremutan sailkatzen dituzte kontaktu-motak. Batetik, familia-eremua, elkarbizitzan dagoena edota etxera joaten diren bisitak. Bestetik, lan-eremua, bi alderdi bereizita: Osakidetzako langilea bada kontaktuan egon dena, Laneko Osasunaren Arloa arduratuko da hartaz, eta, Osakidetzatik kanpoko langilea bada, Osalaneko kideak jarriko dira harremanetan haren enpresako Prebentzio Zerbitzuarekin. Beste eremu bat kontaktu-soziala da; esaterako, bazkari batean, kalean edo ekitaldietan gerta daitezkeen kontaktuak. Horietaz Epidemiologia Zerbitzua eta Osasun Publikoko teknikariak arduratuko dira. Eta, azkenik, ospitaleetan izandako kontaktuen eremuaz Medikuntza Prebentiboko Zerbitzua arduratuko da.

Koronabirusa duen pertsonari elkarrizketa egiten diotenean, hura irizpide batzuen arabera sailkatzen dute: kontaktu estuak eta ez estuak. Horrela erabakitzen dute nor diren kontaktuak, eta jakinarazten zaie berrogeialdia egin behar dutela eta PCRak eskatuko zaizkiela. Hamar egunez egiten zaie jarraipena, bai PCRen bitartez, bai deien bitartez eta bai euren osasunaren berri izateko. Go.Data datu basean erregistratzen dute egindako jarraipen osoa: bi PCRen eskaera eta emaitzak, deietan sintomez biltzen duten informazioa eta suertatzen den beste edozein gorabehera.

«Enpatia handiarekin»hitz egin behar zaie pazienteei, Tapiak dioenez: «Horrelakoetan jendea urduri eta beldurtuta egon ohi da». Hori dela eta, pazienteei «lasaitasuna»transmititzen saiatzen dira, eta hartu beharreko neurriak «behar bezainbestetan»errepikatzen dizkiete. Bestalde, lanean dabiltzanei berrogeialdia egin behar dutela adieraztean, baja kudeatzen laguntzen diete familia-medikuaren bitartez. Norbaitek ezin badu berrogeialdia etxean egin, badituzte baliabideak; besteak beste, Derioko hotela (Bizkaian). Mitxelenak azaldu duenez, «beti ziurtatzen dugu norbait edukiko dutela erosketak egiteko, farmaziara joateko, zakarra ateratzeko… Eta, ez balute inolako babesik, gizarte-langileekin jarriko ginateke kontaktuan».

 

Kasu gehiago etor daitezkeela ikusirik, Lehen Mailako Arretako lankideak prestatzen ari dira formakuntza emanez

 

Kasuen eta zuzeneko kontaktuen zaintza eta kontrol sarean parte hartzen duten erizain kudeatzaileak, Familia eta Komunitate Arretako erizain espezialistak dira denak. Orain kutsatze kasu gehiago etor daitezkeela ikusirik, Lehen Mailako Arretako lankideak prestatzen ari dira formakuntza emanez. Lehen Mailako Arretako beste 150 erizain gehiago sartuko lirateke taldean beharra egonez gero, denen artean zaintza beharrak kudeatu ahal izateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!