Leitzarango Bisitarien Etxea, bailaraz gehiago jakiteko

Xabier Lasa 2020ko abu. 12a, 13:13

Olaia Garcia, Leitzarango Bisitarien Etxearen harreran

Olaia Garcia gazte andoaindarra Leitzarango Bisitarien Etxea kudeatzen duen Bizibiziki enpresako langilea da, eta jendaurrean lanean ari da. Leitzarango bailarara datorrenari informazioa eskura jartzeaz gain, gomendioak ematea du gogoko Garciak. Gunera galdezka bailarako jendea baino gehiago kanpokoa hurbiltzen dela aitortu du.

Noiztik dago irekita Bisitarien Etxea?

Azken urteetan egoitza aste santuko bi asteetan, udaberrian asteburuetan, udan (uztail-abuztua) egunero eta udazkenean (irail-urria) asteburuetan ireki izan da. Baina Covid-19a dela eta, atzeratu behar izan da dena. Goizeko 10:30etik arratsaldeko 18:30era arte edukitzen ditugu irekita ateak.

 

Zeintzuk dira eskaintzen ari zareten zerbitzuak?

Andoaingo Udalak daukan turismo informazio gunerik nagusiena da, eta horri erantzuten ahalegintzen gara lehenengo eta behin. Leitzarango Babestutako Biotopoari buruzko informazioa eskaintzen dugu, Arrantza federazioarekin elkarlanean aritzen gara (arrantza baimenak banatzeko, karramarroen sareak desinfektatzeko...)...

Egia esan, saihestu behar izan ditugu aurreko urtetan abian jarritako zenbait ikastaro, gidatutako txango eta abar, baina saiatzen ari gara normaltasunera itzultzen poliki-poliki. Astigarragako eta Andoaingo gazte lokalekin elkarlanean orientazio frogak antolatu ditugu aurreko asteetan, eta irailera begira ekintza-agenda osatu nahi genuke; tartean, Leitzarango historia eta bioaniztasuna jorratuko duen ikastaroa prestatzen ari gara. Dena den, kolokan dago guztia, irailetik aurrerako ikasturteak ekartzen digun panoramak dena baldintzatuko digu...

Bestalde, bizikleten alokairu zerbitzua ere indarrean daukagu.

 

Zenbateko harrera dauka alokairu eskaintza horrek? Nahiko errotua baitaukagu nork bere bizikleta edukitzearen kultura...

 Uste duguna baino gehiago. Atzo, adibidez, bederatzi mugitu ziren. Egia da inguruko jendeak bere bizikleta erabiltzeko ohitura duela eta ez nekez hartuko duela hemengo bat alokairuan. Normalki, kanpotik, Espainiako estatutik etorri den bisitaria da erabiltzaile nagusia. 

Bestalde, esan beharra dago bizikleta elektrikoen erabilera gorakada jasaten ari dela azken aldian, bide berdean ibiltzeko bezainbat mendi pistetan gora abiatzeko. Kuriosoa da gauza, inguruko jendeak ere probatu nahi izaten du; ez dira merkeak, eta erosi baino lehenago hobe alokairuko bat probatzea.

 

Zeintzuk dira Bisitarien Etxera urreratzen zaizkizuen pertsonak, gehienbat?

Kanpoko jendea da ugariago, bertakoa baino. Kanpoko horrek informazioa nahi du eta badaki guk eskainiko diogula. Aurten, Bartzelona, Madril eta Valentziako turismoa nabarmentzen ari dela esango nuke. Nahiko nazkatuta edo nekatuta daude Gipuzkoako kostaldean (Donostia, Orio, Zarautz, Hondarribia...) topatu duten esplotazioarekin. Lasaitasun bila datoz. Kosta ez ezik, Euskal Herriko paraje naturalak, mendi bazterrak... ere ezagutzeko irrikatan dira, eta Plazaolako Trentxikiaren Natur bideari buruz zerbait entzunda (kostaldeko turismo bulegoetan, sareetan…) datoz.  Txora-txora eginda itzultzen dira ibilbidea egin ostean. Poza ederra ematen digu horrek.

Azken astetan, detaile batek harrituta utzi gaitu pixka bat, bertako jendea nola ari zaigun hurbiltzen, galdera jakin bat ahotan: ea bainatzeko putzuak ezagutzen ote ditugun Bertxin eta inguruko bazterretan...  

 

Bertan-bertan dauzkagun natur guneekiko interesa piztea eragin omen digu osasun krisialdiak...

Baliteke. Koronabirusaren krisialdian zehar etxetik irteteko aukera eman zitzaigunean, ekaina hasieran-eta, jende-uholdea bizitu genuen Leitzaran aldean, Andoain eta inguruko herrietatik batez ere. Gerora normaltzen joan den fenomeno soziala izan da. Batzuetan ez gara ohartzen eskura-eskura eta gertu-gertu daukagun pribilegioaz eta altxorraz, Leitzarango Biotopo Babestuarekin: oso leku gutxietan topa dezakegun ia 40 kilometroko bide berdea Andoaindik Lekunberrira, makina bat mendi txango egiteko aukera (mendi gailurrak, basoak, zentralen ur-bideak...), bainatzeko ibai zoko eta putzuak, geure arbasoen historia eta euren ogibide tradizionalak kontatzen dizkiguten ondare historikoak han hemen...

 

Otieta parkearen behe aldean kokatzen da Bisitarien Etxea. Jende askok naturbidean zehar aurrera egiten du, bertatik igaro gabe...

Bai, goialde horretan egotea izango litzateke idealena informazio gunea den aldetik, ikusgarritasunaren aldetik. Gainera, Trentxikian zehar gora eta behera dabilen “giza-trafikoa” ikusteko aukera edukiko genuke horrela. Baina bestalde, dagoen lekuan baino non hobeto? Alegia, Unanibiko zubiaren eta Leitzarango ibaiaren ondo-ondoan, familia-giroan egoteko leku paregabean, hemendik eta handik datozen oinezkoen gurutz-bidean...

 

Autobus zerbitzua jarrita dauka Andoaingo Udalak asteburuetan zehar.

Jendeari kosta egin zaio jabetzea autobusa badabilela herritik honako joan etorria eginez, baina poliki-poliki gauza normaltzen ari da. Gero eta erabiltzaile gehiago dituela esango nuke.

 

Idatzita dagoen informazio formala eskura jartzeaz gain, aholkatzeko zaude zu...

Bai, eta denboraren poderioz, unean-unean proposamen egokiak izan daitezkeenak egitera ohitzen ari naiz. Horretarako, komeni da Bisitarien Etxera datorren jendearen profila zehaztea. Zentzuk osatzen duten taldea (familiak umeekin, mendizaleak, naturzaleak, bizikletazaleak...), zerekin gozatu nahi duten, zenbateko denbora daukaten edo esfortzu fisikoa egiteko prest dauden...

 

Jendea etortzen al zaizu iritzia ematera, behin txangoa egin eta gero?

Badira halakoak, eta estimatzekoa da benetan. Gu ez baikara guztiaren jakitun. Informazioaren trukaketa bat egoten da Bisitarien Etxean azken batean. Gure lana da informazioa, esku orriak... ematea, baina baita ere bisitarien iritziak, sentsazioak, bidean ikusitako oztopoak... jasotzea. Elkar aberasten gara.

 

Zuk zeuk ba al daukazu leku kuttunen bat, bailaran barrena?

Daukagun bide berdea zoragarria dela eta horrexegatik pribilegiatu batzuk garela aitortu arren, malkarrean gora joatea dut gogokoen, txango zirkularrak egitea. Denbora edukiz gero, Otietatik gora, Muntto, Usabelartza, Aizkorriko, Onddo eta paraje horietara abiatzen naiz. Denborarekin justu ibiliz gero, berriz, kanaletako bidea hartu nahi izaten dut; mila eskaileretako kanaletik gora Onddolarreko gainera eramaten zaituen bidexkan zehar Leitzarango leku magiko horietako batekin egiten da topo, harkaitz baten gainean dagoen begiralekuarekin hain zuzen. Hori baino ibilbide ederragorik...

 

Informazio erabilgarria:

* Leitzarango Bisitarien Etxea.

Web orria: http://www.leitzaran-andoain.eus

Posta elektronikoa: info@leitzaran-andoain.eus

 

* Autobus zerbitzua.

Bus Otieta eta Olazarko parkeetara doan GI-3091 errepidea asteburuetan eta jai egunetan itxi egiten da. Era horretan, hirigunetik bi parke horietara oinez, bizikletaz nahiz busez hurbildu ahal izango da. Busa iraila erdira arte ibiliko da.

Autobusaren ordutegia:

- Goizez: 10:00, 11:00 eta 12:00etan

- Arratsaldez: 17:00, 18:00 eta 19:00etan.

Goikoplazatik irten eta Karrikatik barrena egiten du parkeetarako joan etorria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!