Juaneneak 20 tanto egin behar zituen Kutxabank Torneoko finalerdietako ligaxkara pasatzeko; 20 tanto egiteaz gain, berriro irabazi zuen. Oraingoan 30-24 gailendu zaio Goikoetxeari final-laurdenetako ligaxkako hirugarren partidan eta 8 puntu lortu ditu bi partidak irabazita. Atarikoak gehituz gero Saldiaskoak txapelketa perfektua egin duela esan genezake.
Piloteorik gabeko partida izan zen Juanenearen eta Goikoetxearen artekoa; izan ere, bi aurrelariek azkar bukatu zituzten tantoak. Memento batzuetan berdinduak ere egon ziren, baina bukaeraldean Saldiaskoak maila handia erakutsi eta urnietarra gailendu zuen.
Juaneneak merezimendu osoz egin du aurrera kanporaketan eta ligaxkako sailkapeneko lehen postua eskuratu du zortzi punturekin, Ansa II.ak lau punturekin jarraitu dio eta Goikoetxeak puntu bakarrarekin itxi du sailkapena. Lehenengoa bakarrik sailkatu da.