Azpikolako harrobian negozioa egiteko tentaldiari bidea itxi zaio

Xabier Lasa 2020ko ira. 7a, 09:00

Arantzibia plazatik, Berrozpe ikastetxea tarteko, Azpikolako harrobia zena argi ikus daiteke. Sarbidea N-1 errepide ondoan du, Sorabillako lurretan.

2011n, Andoaingo harrobi zaharra berreskuratzeko ekimen pribatuaren ahaleginari aurre egin zioten Udalak eta herritar talde batek. Geroztik izan diren auzi eta helegite askoren ondoren, naturgunea gehiago txikitzeko tentaldiari bidea itxi zaiola dirudi.

Euskadiko Epaitegi Gorenak Azpikolako harrobi zaharraren inguruko auzia amaitutzat eman dezakeen epaia jakinarazi zuen, uda hasieran. Epaiaren bitartez arrazoia eman zion Andoaingo Udalari, eta bidea itxi hormigoiaren eraikuntzarako planta jarri eta hura ustiatzeko asmoa zeukan Azpikola 2004 SL enpresari. Auzibidea 2011n abiatu zen, eta behin baino gehiagotan aztergai izan da Gipuzkoako eta Euskadiko epaitegietan. 

N-1 errepidearen bazter batean kokatzen da harrobirako sarbidea, porlanezko eraikin abandonatuari itsatsita. Sorabilla-Bordaberri auzoan dago, Alejandro Calonge etxe multzotik eta SAPA enpresatik gertu. Andoaindarrentzat eta bertatik igarotzeko ohitura duten gidarientzat kokapena aski ezaguna da.

Harrobia 70eko hamarkadaren amaiera arte ustiatu zuten, eta geroztik jarduera oro eten egin zen. Ustiapen horren jabea Azpikola 2004 SL enpresa da. Urte luzez albo batera utzitako jarduera biziberritzeko ahalegina 2010eko martxoan egin zen, orduko Udal Gobernu taldeak Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) aldaketa bat egin zuenean. Aldaketa hori Azpikolako lurzoruari zegokion. Udalgintza gertutik ezagutzen ez duenarentzat, HAPO delakoa hirigintza mailako erreferentziazko gida izaten da Udal administrazioarentzat. Horrela definituta agertzen da Andoain.eus webgunean: “Plan Orokorra lurraldea antolatzeko tresna integral bat da, eta haren bidez epe luze batean definitzen da nola erabiliko den lurzorua. Izaera orokorrarekin, planak hiriaren eboluzioaren estrategia eta lurzoruaren okupazioa ezartzen du udalerri osoan”. 

Harrobiari lotuta, Azpikola 2004 SL enpresak eta AHTa egiteaz arduratzen den Eusko Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak Azpikola ustiatzeko hitzarmena sinatu zuten. Eta 2011ko apirilean, Estanis Amutxastegi Andoaingo alkateak enpresari obra-lizentzia eman zion. Enpresak aurkeztu zituen agirietan, harrobiko lanekin berrabiatzeak bi xede zituen: AHTaren lanei lagungarri izatea eta, epe erdira, leherketen bidez harrobiaren eremua handitzea.

2007-2011 legealdian Udal ordezkaritza lau alderdi hauen eskuetan zegoen: PSE-EE, EAJ-PNV, PP eta Ezker Batua. PSE-EE eta EB alderdiak koalizioan agintzen ari ziren; ezker abertzalea legez kanpo zegoen garai hartan. 

 

Lanean jarduteko baimenaren ukazioa

2011ko maiatzeko Udal hauteskundeen ondoren, Bilduk lortu zuen Udal gobernura iristea. Hurrengo hilabeteetan egitasmoa gerarazteko ekintza ezberdinak gauzatu ziren. Ekainean, Ana Carrere alkate zelarik, EAJ-PNV eta Bilduren botoekin ebazpen berri bat onartu zen enpresari ustiaketa ukatuz. Uztailean Udal gobernuak obren lizentzia bertan behera utzi zuen. Abuztuan Gobernuaren Gipuzkoako azpi-delegazioak Azpikola 2004 SL enpresari harrobian leherkariekin lan egiteko baimena ukatu zion.

Enpresak ez zuen beheralakoan etsi eta urrian Azpikolako inguruetan tresneria sartu, eta sarbidea handitzeari ekin zion. Udal gobernuak, baina, lanak gerarazi egin zituen, jarduera hori baimenik gabe egiten ari zela argudiatuta. Alkatea bera agertu zen lanak egiten ari ziren eremura, bertako langileei eta arduradunei baimenik ez zutela jakinaraziz.

Enpresak bere jarduna defendatu zuen, harrobiaren sarbidea berritzea AHTarekin lanean ari ziren kamioei mugimenduak erraztea argudiotzat erabilita. 

Udalak harrobia berriro martxan jartzea eragozteko lanean jarraitu zuen. Lanean aritzeko baimena ukatzea izan zen lehena, eta enpresari hormigoia egiteko jarduera-lizentzia ukatzea izan zen bigarrena. Udalaren argudio nagusia honakoa zen: Enpresak lurra txikituz atera nahi zuen 400.000 m3ko materialak ez zuen AHTrekin zerikusirik, eta ustiaketaren jarduera ez zela Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aurreikusten.

Udal interesen eta enpresa interesen borrokaldi hori gertatzen ari zen bitartean, andoaindar talde batek Azpikola Berreskuratu izeneko herri plataforma osatu zuen. Plataformako kideentzat, Azpikola 2004 SL enpresaren azken helburua argia zen: “Abiadura Handiko Trenaren obratan lagungarri izateko aitzakiarekin, harrobia berriro ireki, ustiatu, handitu eta biharko egunean industriagunea eraiki nahi dute”. Luzarora begirako operazio horrek, bultzatzaileei dirutza eragingo liekeela uste zuten. Taldeak bat egin zuen Udalaren ekimenarekin. Herritar talde hori ere enpresaren jomugan sartu zen, epaitegietan jarritako helegite ezberdinetan Andoaingo Udala ez ezik plataformako zenbait kide ere auzitara eramanez.

Andoaingo herritarren artean informazio kanpaina burutu zuen herri plataformak eta, besteak beste, 2012ko urtarrilaren 26an mahai-inguru jendetsua antolatu zuen Urigainen. Ana Carrere alkateak, Joxean Barandiaran alkate-ohi eta Sorabillako bizilagunak eta Fidel Sanchez plataformaren abokatuak hartu zuten hitza. Barandiaranek adierazi zuenez, “Andoaingo udalbatzaren asmoa Azpikolako lurzorua Andoaingo herriarentzat berreskuratzea izan da beti, bere baitan gordetzen duen balio paisajistikoa nahiz ekologikoa kontuan hartuta. Era horretan, bidea itxi nahi izan zitzaion edozein industria nahiz hirigintza jarduerari”. Gaineratu zuenez, “Udal arkitektoen, ingurugiroko teknikarien nahiz administrazio teknikarien txostenak Azpikolako harrobia irekitzearen aurkakoak izan dira beti”.

2012an enpresaren lehen helegitea

Azpikola 2004 SL enpresak auzia maiz eraman izan du epaitegietara. Donostiako Administrazioarekiko auzietako epaitegira eta Euskadiko Epaitegi Gorenera, hain zuzen. Prozesu luze horretan aipatzekoa da erretiroa hartu berri duen Jose Maraña idazkari eta legelariaren zeregina, garrantzia handikoa izan baita Andoaingo Udalaren interesak defendatzeko orduan.

Azpikola 2004 S.L. enpresak epaitegietan arrazoia zuela eskatzeaz gain, hordagoa bota zion Udal administrazioari: Ustez eragindako kalteengatik 27.954.305,13 euro erreklamatu izan dizkio Udalari, ondarezko erantzukizun gisa.

2012ko martxoaren 6an, Azpikola 2004 SL enpresak lehen helegitea jarri zuen Donostiako epaitegian, Udalaren eta zenbait herritarren aurka, AHTko Zizurkil-Urnieta zatiarekin lotura zuzena zuten obrak bereak zirela argudiatuta. Ez zutela Udalaren baimenik behar, zioten. 2013eko urriaren 15ean epaia jakinarazi zen, Udalaren eta herritarren alde. 

Urte hauetan guztietan auziak epaitegietan jarraitu du. 2019ko martxoaren 5ean, Donostiako Administrazioarekiko auzietako epaitegiak Andoaingo Udalaren alde egin zuen berriro. Orduan, enpresak helegitea jarri zuen Euskadiko Epaitegi Gorenean. Gorenak, azkenik, 2020ko ekainaren 17an jakinarazitako epaian, ez du enpresaren eskaera ontzat hartu.

Ez da kasu isolatua

Andoaingo Udalaren eta Azpikola 2004 SL enpresaren arteko auzia ez da bakarra izan. Andoainen ez ezik, Zizurkilen eta Antzuolan ere antzeko egoerak bizi izan dira.

Zizurkilgo herriari dagokionez, 2013ko abenduaren 18ko data duen alkatetza dekretu bidez Altuna y Uria SA enpresari hormigoia egiteko instalakuntza ezartzea galerazi zitzaion. Udal teknikariek egindako txostenean adierazten zenez, enpresak ez zuen obra eta jarduerako lizentziarik. Kasu honetan, ordea, Andoaingoaren oso bestelako ibilbidea izan zen. 2014ko apirilaren 9an, Jaurlaritzako Justizia eta Administrazio Sailak Zizurkilgo Udalari idatzi baten bidez jakinarazi zion hogei eguneko epean Udal-dekretua bertan behar utzi beharra zuela.

Ikusteko dago Azpikola enpresak helegitea jarriko ote duen justiziako goi instantziatan.

 

Erreportajea osorik Aiurri aldizkariaren 566 zenbakian

 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!