Harituz taldeak antolatutako bertso eskoletan izena emateko epea, zabalik

Aiurri 2020ko ira. 2a, 11:50

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldea hasi da 2020-2021 ikasturteko bertso eskola taldeak osatu eta ordutegiak antolatzen. Irailaren 25era arte zabalik egongo da izen-emate epea. Deialdia 10 eta 16 urte bitarteko ume eta gaztetxoei bideratuta dago bereziki, baina bertsolaritzarekiko interesa duten beste adinetako ikasleak ere gonbidatuta daudela jakinarazi dute antolatzaileek.

Urriaren 1ean emango zaie hasiera aurrez aurreko bertso eskola saioei eta segurtasun neurri guztiak bermatuta egongo direla adierazi dute Harituzeko kideek.

Izena emateko bi modu daude: bata, mezu bat bidaltzea harituz.bzt@gmail.com helbide elektronikora. Bestea, ondorengo loturan klik egin eta izen-emate fitxa beteta bidaltzea:

https://forms.gle/3oKxH6nbWzJTi4Vt6 (euskarazkoa)

https://forms.gle/2WGejvSiN1mMUybGA (gaztelerazkoa)

Izena ematen duten ikasleekin Harituzeko arduraduna jarriko da harremanetan irailaren azken astean, taldeak antolatu eta ordutegiak ikasleen egunerokora egokitu ahal izateko. Bertso eskola saioak, berriz, urriaren 1ean hasiko dira.

2019-2020 ikasturtean, COVID19ak eragindako alarma egoeraren ondorioz, martxotik aurrerako bertso eskola saioak on-line egin behar izan zituzten. Aurten, ordea, aurrez aurreko saioak eginez emango diote hasiera ikasturteari eta urte guztian zehar modu horretan jarraitzea espero dute antolatzaileek. Hala ere, osasun egoeraren larritasunaz jakitun, bertso eskola saioetan segurtasun neurri guztiak bermatuta egongo direla adierazi nahi izan dute.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!