ELA sindikatua: "Ekainean erregistratu genuen idatzi baten bidez, 2020/2021 ikasturtera begira, oinarrizko aldarrikapen komunak betetzea exijitu genion Sailari: kurtso hasierarako plangintza eta irizpide orokorrak eragileokin eta sindikatuokin negoziatzea; gertatu litezkeen 3 eszenatoki ezberdinei egokituriko osasuna eta segurtasuna bermatzeko protokoloak langileon ordezkariokin negoziatu, adostu eta betetzea; eta pandemiak sorturiko egoerari aurre egiteko beharrezko diren baliabide, ratio jaitsiera eta langileen gehikuntza arautzea, dagokion kasuan baliabide ekonomiko, pedagogiko, formatibo eta pertsonalez hornitzeaz batera".
Sindikatuek zenbait puntu zehaztu dituzte ikasturte berriari begira egon diren desadostasunak eta komunikazio eza azpimarratzeko:
- Sailak ez du argitu aurreikusitako zein eszenatokitan gaudela ulertzen duen ere.
- Sindikatuokin interlokuziorik ez dago.
- 2020-2021 ikasturterako aurkeztutako protokoloak oso berandu datoz, hilabeteak izan ditu protokoloa elkarlanean jorratzeko eta azkena langileak ikastetxera bueltatu baina hiru egun lehenago jakinarazi du.
- Protokolo hauetan agerian geratzen denez, Sailak osasuna bermatzeko neurrien inguruan berari dagokion ardura ikastetxe eta zuzendaritzen gain uzten du.
- Inprobisazioa da nagusi. Horretaz gain, osasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak zein hauek aurrera eraman ahal izateko baliabideetan ez dago zehaztasunik.
- Abuztuak 28ko prentsaurrekoan, 1.000 irakasleren kontratazioa aukera iragarri zuen sailburuak. Oso kopuru eskasa izateaz gain, berri hau abuztuak 28an presaka emateak, kontratazio prozesuak jada itxita daudenean.
- Arrakala sozioekonomiko edo teknologikorik handiena titulartasun publikoko ikastetxeetan egon denean, ez dago ikastetxe hauetarako inolako inbertsio gehigarririk, soilik tablet batzuk.
Ikasturte berriari begira irakasleen ezinegona, ziurtasun eza eta erantzunak lortze aldera, sindikatuek zenbait eskaera egin dituzte:
1) Hezkuntza Sailak eta baita Patronalek interlokuzioa eta negoziazioa aktibatzea langileon ordezkariokin itzulerari begirako plangintza elkarbanatu, negoziatu eta adosteko, sektorez sektore, kolektiboz kolektibo.
- Ordezkapenak betetzea lehenengo egunetik lanpostu guztietan.
2) Ikasleen ratioak jaistea:
- Ikasgeletan pertsonako 3m2 izatea, 1,5m-ko segurtasun distantzia eta espazio okupazio egokia bermatzeko; beti ere ikasgeletan 10-15 ikasleko gehienekoarekin.
3) Garbiketako ratioak egokitu eta metrajea zehaztea. Langile propio gehiago kontratatu, azpikontratazioari mugak jarriz.
4) Jantoki zerbitzua ikasle guztientzat bermatzea; distantziak mantentzeko beharrezko neurriak hartuz eta berrantolatuz, ratioak egokituz eta lanpostu guztiak mantenduz.
5) Eskola garraioan ere segurtasun eta garbitasun neurriak.
6) Arrakalak bideratzeko neurriak ezartzea: arrakala pedagogiko, sozial, teknologiko, eta bereziki euskarari dagokionari erantzuteko bitartekoak.
7) Curriculumaren egokitzapen eta murriztea, ikasgelan landu beharreko errealitateei arreta jarriz: doluaren tratamendua, irakaskuntza telematikoak sortu duena, etab.
8) Zaurgarrienak diren eta osasun arazoak dituzten langileak babesteko neurriak ezartzea, baita egoera honen aurrean kontziliatzeko arazoak izango dituzten langileentzat ere.
9)Langileen plantila gehikuntza:
- Irakasle zein hezitzaile plantila gehitzea aipatutako ratioak betetzeko beharrezko kopuruan.
- Jarduera osagarrietan beharrezko plantila gehikuntzak: langile propioen kontratazio gehigarriak gauzatzea.
10) Garbiketan garbiketa jarraia bermatzeko, Jantokian distantziak bermatu eta arreta egokia emateko, garraio zerbitzuan berdin.
11) Egoera honen aurrean, EAEko Hezkuntza Sailari ziurgabetasun honekin bukatu eta itzulera segurua, aurrez aurrekoa eta adostua bermatzeko neurri eta irizpide komunak jar ditzaten exijitzen diogu.
Greba deialdia eta mobilizazioak
Irailaren 4an (ostirala) kontzentrazioa eta greba erregistroa egingo da. Irailaren 10ean (osteguna) arratsaldeko 18:00etan kale-agerraldiak egingo dira Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Hezkuntza Delegaritzaren aurrean. Irailaren 15a (asteartea) greba eguna izango da eta hezkuntza arloko herritarrek ere parte hartzeko deialdia zabaldu dute sindikatuek, “Gure ikastetxeetan aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua” lelopean.