'Sagardoak elkartzen gaitu' ekimeneko bigarren elkarlana aurkeztu dute goizean Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak Donostiako Trinitate plazan.
Irailean zehar ospatu ohi diren Donostiako Sagardo Eguna, Ordiziakoa eta Euskal Herriko Txapelketa Herrikoia ez dira izango. Bestalde, udazkenean hainbat ekitaldi antolatu ohi ditu Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak. Aurtengoan Covid-19arengatik sortu den krisiak ez du uzten ekitaldiak normaltasunez antolatzen. Egoera horren aurrean aurkeztu dute gaur proposamen berria.
Kanpainaren berri eman ostean, sagardoaren lehen muztioa nola lortzen den erakutsi dute, garai bateko erremintekin lehengoko ohiturei jarraituz. Ekitaldi osoa girotzen Estanga anai-arreba trikitilariak aritu dira.
Zertan datza 'Sagardoak elkartzen gaitu' ekimenak?
Bezeroek Euskal Sagardoa Jatorri Deitura botila eskatzean saria eskuratuko dute. Sagardoa eskatzean tabernariak txartela emango dio bezeroari eta horrela zein sari duen jakingo du. Saririk agertu ezean, emailaren bitartez, guztiek jasoko dute sariren bat, hala nola ice bag-ak, kamisetak, edalontziak, deskontu baleak, kortxo kentzekoak, esperientziak, kopak... Irailaren 26an amaituko da kanpaina.
Orotara 40 jatetxe eta taberna batu dira kanpainara eta sarreran 'Sagardoaren laguna' deritzon pegatina edukiko dute, baita QR kodea ere taberna horien zerrendarekin. Aiztondo mailan Asteasuko Iturri Ondo jatetxeak egin du bat kanpainarekin.
Uzta berriari begira
Datozen hilabeteetan zehar sagardo berria egiten hasiko dira sagardogileak. Elkartetik aurtengo uzta iazkoa baino txikiagoa izatea espero dute, baina kalitate handikoa.
Bestalde, sagardotegietan bisita gidatuak egiteko aukera dagoela gogoratu nahi izan dute, sagardoa nola egiten ikusi eta prozesu osoa bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiaz. Informazio gehiago www.sagardoa.eus webgunean dago eskuragarri.