Erraustegiaren aurkako giza katea deitu du iganderako Errausketaren Aurkako Mugimenduak

Aiurri 2020ko ira. 9a, 16:09

Argazkia: Errausketaren Aurkako Mugimendua.

Deialdia honako alderdi politikoek, sindikatuek eta taldeek babesten dute: ELA, LAB, EH Bildu, Ezker Anitza, Equo, Eguzki eta Ekologistak Martxan.

Igandean Donostian estropadak direla aprobetxatuz egin du deia Errausketaren Aurkako Mugimenduak errausteguaren aurkako giza katean parte hartzeko.

Hauxe zabaldu duten oharra:

Denon ahaleginez erraustegia gelditu

2020ko irailera heldu gara, Donostiako erraustegia eraikita dago, azken hilabeteetan frogak egiten (zaborra erretzen) ari dira eta epe laburrean behin betiko martxan jarri asmo dute urte askotan instalazio hori bultzatu duten talde politiko (PNV-EAJ, PSE), Foru Aldundi, GHK eta enpresek (Urbaser, Murias, LKS, Altuna y Uria...). Bere tximiniei kea darie hilabete hauetan eta zoritxarrez laster frogatu ahal izango da askotan salatu ditugun pozoinak inguruan zabaltzen ari direla.

Bitartean, baita ere urte askotan errausketaren aurka eta hondakinen kudeaketa arrazional baten alde ari garenok borrokan jarraitzen eta jarraituko dugu, askotan esan bezala, badagoelako errausketa baino osasuntsuago, ekologikoago eta merkeagoa den alternatiba.

Alternatiba hori Gipuzkoako herri gehienetan martxan jarri da eta horren ondorioz 2009-2019 tartean hiri hondakinetako errefus kopurua 100.000 tona/urteko murriztu da (238.000 tona 2009an, 138.000 tona 2019an), hau da, %42 gutxiago. Herri horietan %60a eta %85a bitartean gaika biltzen ari dira, eta askotan biztanleko urtean 100 kg errefus baino gutxiago sortzen dute. Pauso garrantzitsuak eman dituzte, baina hobetzen jarraitu behar dute.

Beste alde batetik, badira Gipuzkoan herri gutxi batzuk, baina biztanle asko dituztenak, azken urteetan ezer gutxi edo ezer egin ez dutenak hondakinen gaikako bilketa hobetze aldera: Irun, Hondarribia, Lasarte, Elgoibar... eta guztien buru Donostia. Herri horietan %40a eta %50a artean biltzen dute gaika eta 200 kg baino errefua gehiago sortzen dute biztanleko urtean. Herri horiek Gipuzkoako biztanleen erdia dira eta errefusaren hiru laurdenak baino gehiago sortzen dute. Premiazkoa da herri horietako Udalek bilketa sistemaren aldaketa egitea eta eraginkorra den modua ezartzea.

Donostiare  kasua benetan da esanguratsua: 2019an biztanleko 288 kg errefus sortu dira, Gipuzkoako kantitaterik handiena eta azken bost urteetan ez da inolako hobekuntzarik egon. Donostiak bakarrik 2019an 53.000 tona errefus sortu ditu, erraustegiaren labe batek erre dezakeenaren erdia baino gehiago; Donostia da erraustegiaren erregai-hornitzaile nagusia. Eta Udalak ez du inolako asmorik egoera hori aldatzeko; ez zaio axola Gipuzkoako zabor txapeldun izatea; ez zaio axola 2020rako Europak agindutako %50eko gaikako bilketatik 8 puntu beherago egotea; ez zaio axola edukiontzi grisera doanaren hiru laurden birziklagarria izatea; ez zaio axola Donostian biltzen den materia organiko kantitatea Gipuzkoako batez bestekoaren erdia baino gutxiago izatea.

Egoera horren aurrean, Errausketaren Aurkako Mugimenduak dei egiten du irailaren 13an 11tan Alderdi Ederren (udaletxe aurrean) hasiko den giza katean parte hartzera. Aurreko urteetan ez bezala, oraingoan giza katea hondartzatik Perlaraino joango da eta pasealekutik abiatu den lekura itzuliko da, bidean geldialdirik egin gabe eta pertsonen arteko segurtasun tartea mantenduz.

Goia, Ramos entzun: Birziklapena bai, errausketarik ez. Zuen negozioak ingurumena eta osasuna kaltetzen dute. Zuen zaborrak planeta hondatzen du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!