Burdinakoak galdutako denbora berreskuratu nahian

Aiurri 2020ko ira. 10a, 08:06

Aurreko zenbait hilabeteetan halabeharrez geldirik egon ostean, Burdina taldeko kideak udan gogor aritu dira lanean. Berastegin, Elduainen eta Asteasun ez ezik Andoaingo Asindegin eta Erdoiztan ere berreskuratze lanetan aritu dira

Berastegi, Elduain, Asteasu eta Andoainera bideratu dituzte ahaleginak, ondare historikoari lotutako hainbat elementu berreskuratzeko eta bistaratzeko asmoz.

Berastegin, Arrate errotan ez ezik, karobi eta garbitoki banatan txukunketa lanak egiten aritu dira. Elduainen, Allanegi karobia berreskuratu dute. Asteasun, Urniategi errota eta labadero bat garbitu dituzte. Gauzak horrela, berriz ere bisitatuak izateko moduan jarri dituzte.

Andoainen, Asindegin eta Erdoiztan

Andoainen, bestalde, bi tokitan egin dituzte lan handienak. Karrika auzoko Asindegiko garbitokian jarri dute arreta lehenbizi, Renfeko tunel txikia igaro eta parean dagoen horretan hain zuzen. Izan ere, auto batek jota txikituta geratu zen iraganean. Burdina taldeko kideek txukun eta ikusgarri utzi dute, berriro ere.

Karrikako lanak eginda, Sorabillara abiatu ziren. Auzo horretako goi partean kokatutako Erdoizta baserri ondoan dagoen karobia erabat hondatua egon da azken hamarkadatan, eta hura berreskuratzeari ekin zioten. Karobiaren jatorrizko geometria eta irudia berreskuratzea izan da xede nagusia. Aldi berean, karobien osagaietako bat ohi den “tiroa” ere konpontzeko asmoz aritu dira. “Tiro” hori lurperatuta egon ohi da, eta karobiaren funtzionamenduan tximiniaren funtzioa betetzen duela esan daiteke; batetik karea erretzean sortzen diren zirtzilkeriak garbitzea errazten baitu, eta bestetik, karobiak haizea hartzeko balio izaten baitu.   

Burdinak Erdoizta baserri inguruan dagoen bigarren karobi bat berreskuratu zuen orain urte batzuk. Oso gertu kokatzen dira, biak ere. Ez da normala hala izatea, eta baliteke iraganean bien erabilera publikoa izatea. Horixe da, behintzat, aztertzen ari diren hipotesietako bat.

Burdinako kideek, zeregin horietan dabiltzan denbora berean, honako mezua helerazi diete herritarrei: iraganean erabili izan zuten tresna edo elementu zaharrik ez dezatela zakarretara bota; eurek jasotzeko prest daude baldin eta baliagarria bada geure historia osatu duten ohiturak, tradizioak, ofizioak... zertan izan diren jakiteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!