Kilometro txuri-urdinak, jostailuak erosteko

Aiurri 2020ko ira. 14a, 10:25

Realak 111 urte bete berri ditu eta urteurrena ospatzeko erronka bat jarri du martxan. Helburua 111.111 kilometro egitea da oinez, bizikletaz edo korrika. Irailaren 11tik abenduaren 31ra bitartean izango da.

Iraitz Arrospide korrikalari billabonatarrak bat egin du Realak luzatutako erronkarekin eta jada ari da kilometroak egiten. Jarraian ikusgai Arrospidek Instagram sare sozialean zabaldutako bideoa 'Kilometro txuri-urdinak' ekimena azalduz korrika egiten ari den bitartean: [IKUSI BIDEOA].

Lehen erronka irailaren 11tik 30era bitartean luzatuko da. 11 kilometro egin daitezke oinez, korrika edo bizikletaz. Hori lortzen duten guztiek Reale Arena (edizio berezia) kamiseta eta Pancracio eta Pastoret produktuen bost sortako zozketan sartuko dira.

#RS111 traola erabil daiteke argazkiak edo bideoak sare sozialetan partekatzeko.

Nola parte hartu
Doan da. Lehenik eta behin, erregistratu egin behar da. Bi modu daude kilometroak pilatzen hasteko: 

  1. Lortu kirol-erlojua edo pultsometroa webgunearekin. Realak prestatutako webgune berezitik zuzenean egin daiteke. Strava da aukera hoberena.
  2. Beste aukera hau da (ez da beharrezkoa kirol-erlojua izatea): Kinendu-ren app-a deskargatzea eta hori izatea zure kilometroak zenbatzen dituena. 'Kilometro txuri-urdinak' erronka aukeratu eta oinez, korrika edo bizikletan zoazela, ezinbestekoa da mugikorra eramatea eta GPSa konektatuta edukitzea zure mugikorrean. Entrenamendu saio berria hasi beharko da. Hemen duzu gida txikia.

Kausa solidarioa
111.111 kilometroetarako bidean, Pastoretek eta Pancraziok zentimo bat emango dute egindako kilometro bakoitzeko. Eta Realak bi zentimo jarriko ditu. Bildutako guztiarekin jostailuak erosiko dira eta Gurutze Gorriari emango zaizkio Gabonetako bilketa kanpainarako.

[INFOMAZIO GEHIAGO]

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!