Euskara ospatzeko jaialdia, irailaren 26an, Leidorren

Ainhoa Gil 2020ko ira. 16a, 11:13
Mikel Artola, Nagore Arin eta Kike Amonarriz

Galtzaundi Euskara Elkarteak antolatuta, ‘Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan’ jaialdia ospatuko dute irailaren 26an, Tolosako Leidor aretoan. Beharrezkoa izango da aurrez izena ematea.

Eskualdeko hainbat eragilek euskararen alde egindako lana aitortu, eskertu eta ospatuko dute Galtzaundi Euskara Elkarteak irailaren 26rako antolatutako jaialdi berezian. Elkarteko kide den Mikel Artolak azaldu duenez, “Tolosaldeko euskalgintzaren jaialdi berezia ospatzera goaz irailaren 26an, 12:00etan hasita. Musika, umorea, bertsolariak, eta ezustekoren bat edo beste ere ez dugu baztertzen. Euskalgintzan aritu direnen testigantzak ere plazaratuko ditugu jaialdi horretan”.

Hiru helburu berezi ditu jaialdiak: “Batetik, azken hamarkadatan euskalgintzan lanean aritu direnei, egindako lorpenen aitortza egingo zaie. Bestetik, udazkeneko Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia eta abiapuntua ere izango da Tolosaldean. Hirugarren helburua, berriz, gure eskualdean euskarari lotuta ditugun erronken berri eman eta gizarteratzea izango litzateke”. Euskararen alde aritu direnak, eta orain dabiltzanak elkartuko dituzte Leidor aretoan.

Egungo egoera dela eta, 400 laguneko aforoa ezarri dute Leidorren eta jaialdira joan ahal izateko, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Galtzaundi Euskara Elkarteko kideekin harremanetan jarri besterik ez dago horretarako: 943 65 50 04, galtzaundi@galtzaundi.eus edo Galtzaundiren Tolosako egoitzara gerturatuz (Nafarroa etorbidea 6).

Kike Amonarrizek ere hartu du hitza jaialdiaren aurkezpen ekitaldian. Euskararen erabilera neurtzen dute kale-neurketatan iaz izandako datua hartu du ahotan: “Kale-neurketak egiten direnetik lehen aldiz, euskara gehiago entzun zen Tolosako kaleetan gaztelania baino. Hori lorpen kolektibo handia da, eta ospatu egin behar dugu. COVID-19ak dena gerarazi zigun, baina interesgarria eta komenigarria iruditu zaigu Euskaraldiaren aurkezpenarekin eta etorkizunean izango ditugun erronkekin lotzea, horiek izango dira iraileko jaialdiaren hiru zutabe nagusiak”.

Amonarrizek berak eman ditu 2019ko neurketak utzitako datuak: “Tolosan 1985etik egiten dira kale-neurketak. Ziurrenik, Euskal Herrian dagoen erabilerari buruzko datu seriorik luzeena da. 2019an, lehen aldiz, kaleetan euskara gehiago entzun dugu gaztelania baino. Euskara %49,1; gaztelania %48,5 eta %2,4a, beste hizkuntzetan”. 1985etik aurrera hasi zen hoberanzko joera: “Urte hartan, %29a zen erabilera. 20 puntuko hobekuntza egin dugu,beraz, 35 urteotan”.

Erabileraren hobekuntza etorri da ezagutzaren hobekuntzarekin. “Honek erakusten digu ezagutzaren unibertsalizazioak ikaragarrizko garrantzia duela, eta ezinbestekoa dela horretan inbertsioak egiten jarraitzea. Eskola ezinbestekoa da, nahiz eta ez den faktore bakarra; hor sartu behar dira lan mundua, eremu informala eta abar.”.

2000. urtetik aurrera, gainera, Tolosako kalean euskara gehien egiten dutenak haurrak dira, eta jarraian datoz gazteak. “Hori, hizkuntza biziberritze-prozesu arrakastatsua gertatzen ari den gizarteetan bakarrik gertatzen da. Hau lorpen soziala da. Hauek dira ospakizunera eraman gaituzten datuak”, azaldu du Kike Amonarrizek.

Eskualdeko datuak, aldiz, bestelakoak dira. “Tolosan hobetzen ari gara baina eskualdean, herri euskaldun edo arnasguneetan, badago atzeranzko joera bat. Ezagutzan eta erabileran atzera egin dugu. Hori horrela, Galtzaundi Euskara Elkarteko kideok garbi ikusten dugu ezinbestekoa dela eskualde mailako hizkuntza politika komuna indartzen jarraitzea. Tolosaldeko Mahaiaren eraikuntzan ari gara”.

XIX. mendearen erdialdean euskara nagusi zen Tolosaldean, baina Frankismo garaian, “euskara ia desagertuta zegoen Tolosatik eta baita Villabonatik ere. Herri txikietan mantendu zen”, azaldu du Kike Amonarrizek. Gerra aurreko dokumentu bat ere aipatu du Amonarrizek. “Bertan argi azaltzen da 1921ean erdera nagusituta zegoela. Horregatik esan dezakegu 100 urtetan lehen aldiz, euskara nagusitu dela”. Emaitza horren atzean, Tolosa eta Tolosaldeako eragile asko dago.

Etorkizunari begira Amonarrizek argi du; “datozen urteetako neurketaren batean baliteke emaitzetan euskara ez izatea nagusi, baina joerari eustea da garrantzitsuena. Tolosaldea da Euskal Herriko eskualderik euskaldunenetakoa, eta guri dagokigu aurretik joan eta dinamizazio lana egitea”.

Udazkenean ospatuko da Euskaraldia, eta irailaren 26ko jaialdia baliatuko dute aurkezpena egiteko. Nagore Arinek azaldu duenez. “Tolosaldeko 24 herritan hasiak dira Euskaraldia prestatzeko lanetan. Dagoeneko 100 entitate inguruk eman du parte hartzeko izena, eta irailaren amaiera arte izango dute horretarako aukera. Ondoren, irailaren 24tik aurrera iritsiko da norbanakoen izen-ematea. Ekitaldian gonbita luzatuko zaie Tolosaldeko biztanleei, euskararen inguruko hausnarketa egitera eta erabileran pauso bat gehiago ematera”.

Etorkizunean Tolosaldean euskarak izango dituen erronka nagusiak ere aurkeztuko dituzte ekitaldian zehar.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!