Zalantza izan dezake eskualdeko kirolzaleak eta bisitariak. Maratoia antolatzen duen enpresaren webgunera sartuta larunbat honetarako eta iganderako egitaraua ikus dezake, xehetasun handiz. Baita ordularia ere, kontagailu modura jarrita. Bada, ez da aurtengoan lasterketarik egongo. Ulertzeko da, Behobia-Donostia eta beste dozenaka lasterketa bertan behera geratu direlako.
Lasterketa antolatzen duen jarduna etenda dagoela antzeman daiteke, sare sozialetan. Facebook, Twitter eta Instagram kontuetan duela hilabete batzuetako jarduna irakur daiteke. Azken hilabeteotakoa, ordea, ez. Ez da inon ageri Andoaingoa bertan behera geratu dela. Andoaingo Udalaren webgunean eta sare sozialetan ere ez dugu horrelakorik topatu. Datu zehatz bakarra Plazaola Turismo Partzuergoaren facebook orrialdean topatu dugu, duela hiru egunekoa: “Iaz gaurko egunarekin #Plazaolako Maratoia eta Maratoi erdia ospatu genituen. Aurten ezinezkoa izango da, baina jakin ezazue datorren urtekoa prestatzeko gogotsu gaudela!! Eta zuekin kontatuko dugu!”. Horra, beraz, lasterketaren inguruan aurki daitekeen aipamen bakana.
Lasterketa ikusgarria da, ibilbide ederrean igarotzen dena. Eta parte hartzea, gainera, ez zen txikia izaten. Aurten Goikoplazara ez dira lasterkariak iritsiko. Bihar zen ospatzekoa. Eta webgunean hori iragartzen badu ere, ez da probarik ospatuko.