Kultur eta kirol eskaintza zabala asteburu honetan ere

Ainhoa Gil 2020ko ira. 25a, 10:13

Maurizia naz dantza ikuskizuneko une bat

Iraileko azken asteburuan izango da zertaz gozaturik gure eskualdean. Zizurkilgo 'Iraila kulturala' ekimenak hainbat ekitaldi ekarriko ditu gaurtik hasi eta igandera. Andoainen eta  Amasa-Villabonan ere izango da zertaz gozaturik. On egin!

Irailak 25, ostirala

Zizurkil

Marrazki lehiaketako sariketa. Iraila kulturalean zehar martxan izan da marrazketa lehiaketa. Epamahaiak aukeratutako marrazkien egileek sariak jasoko dituzte gaur, 19:30etan, Joxe Arregi plazan.

Argazki lehiaketako sari banaketa ekitaldia. Herriko txokoetako argazkiak egiteko deia zabaldu zuten antolatzaileek. Argazki onenek gaur jasoko dute saria: Argazki saio bat Arri Studioan, Tolosan.19:30, Joxe Arregi plazan.

Pilota txapelketako partidak. Pilota txapelketako bi partida jokatuko dituzte Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan, irailaren 25ean. Zubeldia eta Etxeberria II, I Egiguren eta Lazkozen aurka arituko dira, gazteen mailan. Senior mailan berriz, Julen Alberdi herritarra Irazustabarrenarekin bikote osatuta arituko da, Anso eta Balerdiren aurka. 21:00, Intxaur pilotalekua.

 

Irailak 26, larunbata

Zizurkil

Patata tortilla lehiaketa. Kuadrillen arteko patata tortilla lehiaketa antolatu du Zizurkilgo festa batzordeak. Kuadrilla bakoitzetik bi pertsonek sukaldatuko dute. Kuadrillek plazan afaltzeko aukera izango dute, gehienez ere hamar laguneko mahaitan. Lan-tresnak eta osagai guztiak parte-hartzaile bakoitzak ekarri behar ditu eta 00:00etan mahai guztiak jasota egongo dira. 19:30, Joxe Arregi plaza.

Andoain

 

'Tonbola' antzezlana. Hika Teatroak 'Tonbola' antzezlana eskainiko du Andoaingo Ondarreta ikastetxeko patioan. Sarrera doakoa da, eta gonbidapena jasotzeko Bastero Kulturguneko leihatila emanaldia hasi baino bi ordu lehenago irekiko da. Sinopsia: Tonbola ikuskizunak tonbolero familia batek eta haren ahuntz atzerritarrak EUROPAn bizirauteko egin beharrekoak kontatzen ditu. Denetarik zozketatzen dute: oliba bilketarako lan-kontratuak, Danimarkako familiak, ogi txigorgailua, maskarillak, bizitza sexuala berpizteko audioliburuak, 'Made in Libia' markako platerak... eta horrez gain, EUROVISIONen parte-hartzeko bi gonbidapenen balioa duen urrezko txartela. Ondarreta ikastetxeko patioa, 19:30.

Tolosa

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan jaialdia. Galtzaundi Euskara Elkarteak antolatuta, ‘Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan’ jaialdia ospatuko dute irailaren 26an, Tolosako Leidor aretoan. Euskararen erabileran izandako lorpenak ospatu, Euskaraldia aurkeztu, eta etorkizunerako erronka nagusiak aurkeztuko dituzte ekitaldian zehar. Musika, bertsoa eta umorea uztartuko dituzte, ordubete inguruko saioan.  Beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. 12:00, Leidor antzokia.

 

Irailak 27, igandea

Amasa-Villabona

'Maurizia naz' dantza ikuskizuna. Aukeran dantza konpainia 'Maurizia naz' izeneko ikuskizunarekin dator Villabonako Bearzana pilotalekura. Sarrera doakoa da. Zuzendaria eta koreografia: Edu Muruamendiaraz. Dantzariak: Unai Balerdi, Unai Iraola, Maier Mundumendiaraz, Nahikari Sanchez eta Uxue Sanchez. Azalpena: Egunkari orri bati sua emanez panderoaren larrua berotu du Mauriziak. Kontu handiz, bizitzak erakutsi baitio beroa ez dela beti goxoa, gehiegi gerturatuz gero garrek, pasioaren antzera, erre egin zaitzaketela. Albokaren doinua entzuterako, kokotsa altxatu eta bizitza eman dio panderoari, eta biziki mugitzen ari den haren eskuan, esku asko ikusi ditut; milaka emakumeren eskuak une batetik bestera hegan irteteko prest. Eta orain badakit: ni naiz Maurizia. Ni ere banaiz Maurizia. Eta haren moduan prest nago plazara irteteko. 13:00, Beharzana pilotalekuan. 

 

'Marierrauskin', haurrentzako antzezlana. Glu Glu Produkzioak-ek Marierrauskin haurrentzako ipuin klasikoa antzerkira eraman du, 3 eta 8 urte bitarteko haurrentzat moldatuta. Sarrerak aurrez erosi daitezke 5 eurotan Basajaun liburu-dendan edota Amasa kafetegian; eta egunean bertan leihatilan 6 eurotan. Aktoreak: Itxaso Quintana, Andrea Covadonga, Sara Barroeta, Jon Casamayor, Ugaitz Alegria eta Iñaki Maruri. Azalpena: Norak urteurren eguna ospatzeko sekulako festa antolatu du. Nora ete bere lagunak primeran pasatzen ari dira festara Lys iritsi arte; gelako liderra eta neskato harroputza. Lysek festako dena gaitzetsuko du: jana eta edana, dekorazioa eta Norak jasotako opari guztiak, zapata berriak bereziki. Inbidia du, berak ere halako zapatak nahi dituelako izan. Eskolako umeak Lysen gehiegikeriekin asper-asper eginda daude eta hartu dute erabakia: hemendik aurrera ez diotu Lysiri men egingo, ezta bere iruzkin maltzurrekin barre gehiagorik egingo ere. 17:00, Gurea antzokia.

Zizurkil

'20.000 legoa itsaspeko zaborretan', haur antzerkia. Txalo produkzioaken eskutik.  Sarrera doakoa da, baina gonbidapenekin eta gonbidapenak udal bulegoetan jaso behar dira betiko ordutegian. Pertsona bakoitzak gehienez ere lau gonbidapen jaso ditzake ekitaldi bakoitzeko. Ekitaldia hasi baino 15 minutu lehenago agertu behar da sarrera ziurtatzeko. Gonbidapenean 71 zenbakitik gora dutenek, eguraldi onarekin soilik erabili ahalko dituzte sarrerak. 18:30, Joxe Arregi plaza.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!