Greziako errefuxiatuen aldeko janari bilketa, gaur eta bihar

Xabier Lasa 2020ko ira. 25a, 12:46
Karrika auzoko Coviran dendan utzi daitezke janariak

Moriako errefuxiatuen alde janari bilketa antolatu du Zaporeak Elkarteak Euskal Herria osoan, gaur eta bihar. Elkarteak zabaldutako bilketa guneen zerrendan, Aiztondo eta Buruntzaldeako eskualdeei dagokionez, Andoaingo bi denda agertzen  dira: Eroski (Zumea) eta Coviran (Karrika, Gurmendi kalea). Atzo egindako Udalbatzan, Andoaingo Udalak Moriako errefuxiatuen aldeko adierazpen instituzionala onartu zuen.

Moria Europan errefuxiatuen gunerik handiena izan da orain arte, baina sute batek egoera are larriagoa bihurtu du. Zaporeak elkarteak adierazi duenez, “hirugarren sektoreko eragileek eta gobernuz kanpoko erakundeek behin eta berriro salatu dute Moriako (Grezia) gunean bizirauten duten errefuxiatuen pertsonen baliabide falta. “Mundu mailako osasun alarma egoerak eta azkenaldiko eraso ultraeskuindarrek bizi baldintza horiek zaildu egin dituzte”.

Morian 12.000 errefuxiatu pilatu izan dira. Azken asteetan, ordea, izugarrizko sutea piztu da bertan, txiki-txiki eginda geratu da, eta ondorioz, guztiek ere ihes egin behar izan dute. Guztiak ere sakabanatuta daude une honetan, eta Zaporeak elkarteak esan duenez “haurrak galduta daude beraien gurasoengatik galdezka, lagundu gabeko adin txikiko haurrak identifikatzen saiatzen ari dira, ur eskasia dago eta etengabe hori eskatzen ari dira”.

Greziako errefuxiatuen inguruan oinarrizko zerbitzua eskaintzen ari diren elkarte eta erakundeak, une honetan, pertsona errefuxiatuak non pilatu diren aztertzen eta janaria nola banatu eta haiengana nola heldu baloratzen ari dira.

 

Andoaingo Udalaren adierazpen instituzionala

Andoaingo Udalak atzo egi zuen udalbatzan Greziako errefuxiaturen egoera larria izan zuen hizpide beste gaien artean. Zaporeak elkarteak proposatuta, eta Elkarrekin Podemoseko zinegotzi Teresa Santanak aurkeztuta, bost puntuez osatutako adierazpen instituzionala onartu zuten, aho batez. Hona zer dioen adierazpenak:

* Andoaingo Udalak "harrera hiritzat" du bere burua, eta elkartasuna adierazi nahi die haien bizilekuetatik alde egin beharrean diren pertsonei. Eta gatazka politiko eta militarretatik ihes egiten duten pertsona errefuxiatuak hartzeko prestutasuna adierazten du, baita konpromiso bera duten beste erakundeekin lan egitekoa ere

* Andoaingo Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat, iheslariak hartzeko eta integratzeko harrera planari eusteko konpromisoa berresten du, eta xede horretarako estrategiak, programak eta baliabideak zehaztuko ditu, baita erakundeen eta gizarte antolakundeen arteko elkarlanerako esparruak ere.

* Andoaingo Udalak Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei eskatzen die har ditzatela premiazko neurriak krisi humanitario honi erantzun aktiboa emateko, elkartasuna eta justizia oinarrian direla, eta politika bateratu bat egin dezatela immigrazio eta asilo arloan, pertsonei lehentasuna emanez eta giza eskubideen zaintza bermatuz. Gerra hauetatik ihes egiten duten edo tragedia hau aprobetxatzen duten mafien biktima diren pertsonak hartzeko beharrezko bitartekoak bidera ditzatela ere eskatzen die.

* Andoaingo Udalak konpromisoa hartzen du 2.000 euroko laguntza bat gaitzeko Zaporeak Solidarios Garapenerako Elkartearentzat, Moriako errefuxiatu esparruan dagoen larrialdiari aurre egiteko.

* Andoaingo Udalak Zaporeak-eko kideek datorren irailaren 25 eta 26an Euskal Herri guztian zehar deituriko janari bilketa nazionalean parte hartzeko deia egiten die Andoaindarrei

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!